Martxoan ia 6.000 lanpostu sortu dira Hego Euskal Herrian

Lan merkatuak enplegua sortzen jarraitzen du, langabeen kopuruak gora egin duen arren. Enplegu zerbitzu publikoetan beste 732 lagunek eman dute izena.

Lansare
Lansare Nafarroako enplegu zerbitzu publikoaren bulego bat Iruñean. IÑIGO URIZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko apirilaren 2a
09:30
Entzun

Lan merkatuak sendo jarraitzen du, nahiz eta martxoan itxuraz kontrajarriak irudi dezaketen emaitzak eman dituen. Beste behin gora egin du Gizarte Segurantzan afiliatutakoen kopuruak: 5.815 enplegu gehiago sortu dira. Eta, gaur egun, 1.317.942 pertsona daude lan kontratu batekin Hego Euskal Herrian. Inoizko kopuru handienetarikoen artean hirugarrena da, iazko azaro eta abendukoaren ostean. Iazko martxoan baino 22.350 langile gehiago daude.

Urtarrila txarra izan zen enplegurako, Gabonetako oporraldiaren ostean 12.500 lanpostu galdu ziren, baina otsail eta martxo artean berreskuratu dira horiek guztiak.

Martxoa hilabete berezia izan ohi da lan merkatuarentzat, Aste Santuko oporraldiak baldintzatutakoa. Urte onak txarrekin tartekatu izan ohi dira. Aurtengoa oro har ona izan da, bilakaera historikoari erreparatuta, baina ez onenetarikoa. Azken urteetan lanpostu gehiago sortu dira, pandemiak gogorren jo zuen urteetan, 2020an eta 2021ean, salbu. 

Datu positibo horrek, halaber, badu bere ifrentzua: Lanbiden edo Nafarroako Lansaren izena eman dutenen kopuruak ere gora egin du: bestela esanda, langabeen kopurua ere handitu egin da. Otsailetik martxora, 732 lagun gehiago daude egoera horretan, eta guztira 142.314, aurreko urtean baino 1.172 gehiago. Dena den, 2008. urtetik langabe gutxien erregistratutako martxoetan bigarrena da, iazkoaren ondoren.

Bi datu horiek gurutzatuta, ondoriozta daiteke lan merkatuak enplegua sortzen jarraitzen duela eta egoera on hori ikusirik lan bila dabiltzanen kopurua ere handitu egin dela. Interpretazio hori egin dute Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, eta datozen hilabeteetan enplegua sortzen jarraitzeko joerari eutsiko zaiola aurreikusten dute. «Argazki dibergentea islatu arren, datuek erakusten dute urtean zehar enplegua sortzeko aurreikuspenak betetzen ari direla», azpimarratu du Idoia Mendia Lan sailburuak, komunikabideetara igorritako oharrean.

Oso bestelako interpretazioa egin du ELA sindikatuak. «Enpleguak hilabete batzuk daramatza geldialdian, eta datu horiek joera hori berresten dute». LABek, berriz, ohartarazi du enpleguaren kalitatea dagoela jokoan eta Hego Euskal Herrian 25 eta 64 urte arteko bi herritarretik bat prekaritate egoeran bizi dela, «enplegua izan arren bizitza duina bermatzeko diru sarrera nahikorik gabe». CCOOk «autokonplazentzian» ez erortzeko eskatu du. Datuek «alerta zantzuak» erakusten dituztela ohartarazi du, batez ere enpleguaren kalitateari dagokionez. Kontratuen behin-behinekotasuna eta partzialtasuna oraindik oso handia dela azpimarratu du

Aldi baterakoak eta partzialak

Lurraldeka, Bizkaia da afiliatu berri gehien gehitu dituen herrialdea: beste 2.012 lagun. Jarraian, Gipuzkoa (1.942), Nafarroa (1.254) eta Araba (607) daude. 

Ohi bezala, martxoan sinatutako 76.224 kontratuetatik gehienak aldi baterakoak izan dira: lautik hiru (%75,95). 2021eko lan erreformaren ekarpen nagusia izan zen zaildu egin zela aldi baterako kontratazioa, eta horren ondorioz handitu egin dira mugagabeak, nahiz eta oraindik sinatzen direnen artean gutxiengoa izan.   

%25

Aldizkako finkoak Gehien ugaritu den kontratu mota aldizkako kontratu finkoa izan da; azken hilabetean sinatu diren lau kontratuetatik bat (%25,31) mota horretakoa izan da. Jardunaldiari erreparatuz, bestalde, lanaldi osokoak baino jardunaldi partzialeko kontratu gehiago sinatu dira: kontratu berrietatik %30,61 izan dira partzialak, eta %21,89 osoak. Emakumeen artean, lautik batek (%25,6) du partziala; gizonen artean, berriz, hamarretik batek (%11,2).

Sektoreka, urteak joan urteak etorri zerbitzuena gero eta pisu handiagoa hartzen ari da, eta industriarena behera doa, nahiz eta zerbitzuetako enplegu asko industriarekin lotuta egon. Azken urtean afiliaturiko langileen %84,8 zerbitzuetakoak ziren, eta gaur egun erregimen orokorrean afiliatutako lau langiletik hiru (%73,4) sektore horretakoak dira.

Langabe gehiago

Langabeziari erreparatuta, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %10,22n kokatu da, Espainiako Lan Ministerioak erregistratutako datuak INE Espainiako Estatistika Institutuaren biztanleria aktiboaren inkestakoekin gurutzatu gero.

Martxoan, Gipuzkoan eta Bizkaian handitu egin da langabezia, eta Araban eta Nafarroan, txikitu. Gipuzkoan handitu da gehien: 534 langabe gehiago. Bizkaian, 427 gehiago. Araban 35 langabe gutxiago daude, eta Nafarroan, 194 gutxiago.

Enplegu zerbitzuetan izena eman duten gehienek aurretik ez zuten enplegurik. Alegia, lehenengoz hasi dira lan bila edo jo dute Lanbideren edo Lansareren bulegoetara. Talde horretan 357 lagun zenbatu dituzte. Talderik handienetan bigarrena aurretik zerbitzuetan lan egindakoena da: 275 lagun guztira. Eta eraikuntzakoak dira beste 128.

Lan merkatuak hobera egin arren, sexu arrakalak ere bere hartan dirau. Martxoan, langabe erregistratuen %58,2 izan dira emakumeak, nahiz eta biztanleria aktiboaren %46,5 izan. Emakumeen artean, langabezia tasa %12,3ra iristen da; gizonen artean, berriz, %8,3ra.

Enplegurik ez dutenen erdiek baino gehiagok (%50,6k) ez dute langabezia prestaziorik kobratzen. %29,3k jaso dute kotizaziopeko prestazioa —batez beste 1.045 eurokoa Nafarroan eta 1.020 eurokoa EAEn— eta %18,6k subsidioa —570 euro lehenengo sei hilabeteetan, eta 480 euro hamabigarren hilabetetik aurrera eta gehienez beste bederatzi hilabetez—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.