Enpresak

MasMovilek Euskaltel erostea «hazteko aukera bat» dela uste du Urkulluk

Eusko Jaurlaritzako lehendakariak esan du «lehen bost urteetatik harago doazen sustraitze bermeak» eskaintzen dituela operazioak

Euskaltelen salmentaren aurkako protesta bat. MONIKA DEL VALLE / FOKU
xabier martin
2021eko apirilaren 12a
11:48
Entzun

Espainiako MasMovil enpresak Euskaltelen jabetza hartzea ez du ezkortasunez ikusten Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk; ez dago kezkaturik diru publikoz ere Euskal Herrian sortu eta hazitako enpresa horren sustraiak direla eta, Radio Euskadi irratian esan duenez,  "lehen bost urteetatik harago doazen sustraitze bermeak" eskaintzen dituelako operazioak. Alderantziz, salmenta hori Euskaltelentzat "hazteko aukera bat" dela uste du.

Urkulluk onartu du badela kezka Euskaltelen sustraiak galtzearen inguruan, "sozialki islatua eta hedabideen bidez", baina garrantzia kendu die kritika horiei, "duela hamar urte eta duela hiru urte ere zoritxar-iragarlkeak" azaldu zirelako, Euskaltelen sustraiak "zalantzan jartzen zituztenak". "Merkatu global batean gaude", esan du Urkulluk; "orain 25 urte jaio zen Euskaltel, beste testuinguru batean, tokiko merkatu batean eta lehiakide gutxirekin".

Horiek horrela, EAEko lehendakariak uste du " merkatuen eboluzio bat" egon dela, eta "merkatu horietan eragiketa bat" egin dela. Halaber, helarazi du "sustraitze bermeak lehen bost urte horietatik harago" doazela. "Euskaltelek bere eboluzioa izan du, akziodunek ere bai, eta ezin da ahaztu aldatuz joan diren arautegietara egokitu behar izan dutela". Batera edo bestera, Urkulluk dio "aukera bat" dagoela "bost urte hauetan Euskaltel merkatu global horretan garatzen jarraitzeko". Jaurlaritzako lehendakariak gaineratu du "euskal erakundeek ahal dutena" egingo dutela "ekonomiaren ekosistema erakargarria izan dadin Euskaltelen inbertitzaile izan daitezkeenentzat ere".

Sustraitze klausula eta bonusak

Euskaltelen salmentaren inguruko informazioen arabera, euskal markak indarrean jarraituko du telekomunikazioen merkatuan MasMovilen jabetzapean ere, eta enpresak Euskal Herrian izango du egoitza fiskala. Gainera, aurrera begira, hori aldatu nahiko balitz, oraingo akziodunen %90en babesa beharko luke batzar berriak. Beste era batera esanda, Kutxabankek hitza eta botoa izango du erabaki horretan, aurrerantzean Euskaltelen akziorik izango ez duen arren —egun, %19,88 dauka—. Hala zehazten da MasMovilek Euskaltel erosteko egin duen eskaintzaren testuan. Ezohiko klausula horrek ziurtatuko luke Euskaltelen izena erabat ez desagertzea.

MasMovilen operazioak 26 milioi euroko gainsariak ekarriko dizkie Euskalteleko zuzendaritzako kideei, neurri handienean Jose Miguel Garcia kontseilari ordezkariari eta Xabier Iturbe presidenteari; ez operazio berak, baizik eta hark eragin duen Euskaltelen akzioaren kotizazioaren igoerak. Bada, Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko sailburu Arantxa Tapiak eskatu die enpresaburuei —30 kide baino gehiago dira zuzendaritzan— bonus horiek enpresan bertan inbertitzeko, edota MasMovilek Euskaltelen sarea ustiatzeko sortuko lukeen enpresa berrian, hura sortuko balu. Eusko Jaurlaritzak berak ez du baztertu zuntz optikoko sarea ustiatzeko MasMovilen balizko sozietate berrian parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.