Etxe kaleratzeak

Mehatxuak salatu dituzte Donostiako Benta Berriko maizterrek

Donostiako Benta Berri auzoko bizilagunen protesta bat. JUAN CARLOS RUIZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2020ko apirilaren 20a
15:15
Entzun

Kaleratzeak Stop plataformak eta Alokairu Donostiako Benta Berriko bizilagunen elkarteak salatu dutenez, Donostiako auzo horretako babes ofizialeko 510 etxebizitzetako maizterrak mehatxuak jasotzen ari dira Testa Socimi-Blackstone funtsak eginak —hura da etxe horien jabea—, «ezin dutelako hilabete honetako [alokairu] kuota ordaindu COVID-19aren ondorioz».

«Modu mafioso eta sarraskijalean, alokairua ordaintzeko exijitzen diete, eta mehatxu egin diete etxegabetze eskaria egingo dutela eta berankortasun fitxategietan sartuko dituztela», salatu dute bi elkarteek.

Agiri batean, «putre funts» horren «jokaera sarraskijalea» salatu dute Alokairuk eta Stop Kaleratzeak taldeak. Azaldu dutenez, maizterrek funtsari jakinarazi diote alokairuak ordaintzetik salbuesten dituen dekretuaren baldintzak betetzen dituztela, baina, hala ere, erantzun bakarra «larderiazko idazki bat» izan dela salatu dute.

Bi elkarteek jakinarazi dute «jokabide mafioso horren berri» emango dietela Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzari eta Donostiako Udalari.

Gutun «informatiboa»

Testa Socimiko iturriek azaldu dutenez, mezuak ez dira inor «beldurtzeko» asmoarekin egin; zorraren zenbatekoa «gogorarazteko» egin dituzte. Funtsaren arabera, zorraren zenbatekoa eta hori ez ordaintzeak dakartzan lege ondorioak gogoratzearekin batera, enpresak maizterrei aukera ematen die beraiekin harremanetan jartzeko, «komenigarriena den laguntza programara zuzentzeko».

Enpresak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan egon da COVID-19ren ondorioek kalte egindako pertsonentzako alokairuak ordaintzeko laguntzen edukia ezagutzeko, eta ziurtatu du gobernuaren programarekin bat egingo duela; azaldu duenez, esteka bat jarriko du bere webgunean, maizterrek laguntza eskaerak egin ditzaten.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.