Memoria txipak, urrezko txanponen pareko

Gailu elektronikoetarako memoria txipak falta direla eta, garestitu egingo dira iPadak, MacBookak eta Xboxak. Adimen artifiziala garestia da oraingoz, eta hori ez dago egun batetik bestera konpontzerik.

Mikrotxipen ekoizpena, Fraunhofer Institute for Electronic Nano Systems ENAS institutuan. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
Mikrotxipen ekoizpena, Fraunhofer Institute for Electronic Nano Systems ENAS institutuan. HANNIBAL HANSCHKE / EFE
2026ko uztailaren 31
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Googleren Gemini adimen artifizialari «zer da txipen eskasia?» galdetuz gero, erantzungo du adimen artifizialak eragindako erdieroaleen eskasia dela. Besterik gabe saltzen du bere burua, gizakiei arrotza egiten zaien lasaitasun batez, paradoxa baita adimen artifiziala adimen artifizialaz hizketan dabilela ikustea. Eta bada beste paradoxa bat ere, are handiagoa: Geminiri kontsulta sinple hori egitea doakoa izanik pantailaren gainkostuarekin ordaindu behar izatea.

Izan ere, Applek, Samsungek eta Microsoftek iragarri berri dute garestitu egingo dituztela beren gailuak, eta hirurek arrazoi bera eman dute: txipak falta direnez, gehiago ordaindu behar dute haien truke, eta, hortaz, beraiek ere gauza bera egin behar izan dute.

Applek %20-30 garestituko ditu MacBook eta iPad gailuak, eta Samsungen sakelakoei eta Microsoften Xbox-ei ere eragingo die. Autoak ere garestitzeko bidean dira; General Motorsek eta BYDk hala egingo dutela aurreratu dute.

Monica Vaz Fagor Electronicako erdieroale negozioaren arduradunak are gehiago esan du: «Gailu elektroniko guztien prezioek gora egingo dute», egoera geopolitikoa dela-eta osagai guztien prezioak igotzen ari direlako, baina datu zentroen beharrak bultzatuta batez ere.

Ideia horrekin bat egin du Imanol Garciak ere. Gaia klusterreko zuzendaritzako kidea da eta Ingeteam PGA arloko proiektuen zuzendaria, eta ChatGPT, Gemini, Cloud eta halakoen gorakadarekin lotu du elektronika ekoizle handien produktuen prezioen igoera. «Datu zentroen eztanda moduko bat gertatzen ari da, adimen artifizial sortzailearen zentroena batez ere. Zentroek memoria txipak behar dituzte funtzionatzeko; kalkulurako potentzia handia behar dute, eta memoriarako gaitasun izugarria ere bai».

«Adimen artifizial sortzailerako memoria txipen eskari izugarria dagoenez, sektore horretakoak gehiago ordaintzeko prest daude»

IMANOL GARCIAGaia Klusterreko zuzendaritza batzordeko kidea

Memoria eta biltegiratzea, ordea, ez da ChatGPTren eta halakoen kontua soilik; beste hainbat gailuk ezinbestekoak dituzte txipak epe labur eta luzean datuak gordetzeko. Baina haientzat eskas daude txipak. «Adimen artifizial sortzailerako memoria txipen eskari izugarria dagoenez, horiek daude gehien ordaintzeko prest, eta lehen beste gailuetarako memoria txipak egiten zituzten fabrikatzaileak ahaleginak egiten ari dira behar berriak asetzeko», azaldu du Garciak. Hau da, irabazi handiagoak ematen dizkieten datu zentroetarako ari dira txipak egiten. 

Gaineratu du industrian ere zuzenean ari direla antzematen eskariaren eta eskaintzaren arteko desoreka, eta, gehiago ordaindu behar izateaz gain, txipak eskuratzeko epeak ere luzatu dizkietela. 

MacBook Neo ordenagailua «Apple experience» erakusketan. SARAH YENESEL / EFE
MacBook Neo ordenagailua, Apple experience erakusketan. SARAH YENESEL / EFE

HBM motakoak dira txip konplexuenak, AArako behar direnak. Vazek azaldu du azkarragoak direla, banda zabalera handiagoan lan egiten dutela, eta DRAM txipekin osatuta daudela. DRAM txipak, berriz, ordenagailuren, mugikorren, kontsolen eta halako aparatuen memoriarako erabiltzen dira. «Ezagutzen dugun memoria arrunta da, sistema batek behar duena funtzionatzeko».

«Desberdinak izan arren, denek erabiltzen dute silizioa. Hornitzaileak gutxi eta berberak dira kasu guztietan, eta, horregatik, honek merkeenei egingo die kalte handiena» gaineratu du.

«Familia batzuetako osagaietan eskasia baldin badago, arriskua dago industria guztia gelditzeko»

MONICA VAZ Fagor Electronicako erdieroale negozioaren arduraduna

Teknologiaren mundua, menpekotasunen mundua

Gaur egun, teknologiaren menpekoa da gizartea, eta teknologia modernoa, era berean, txipen menpekoa. Joko horrek aspaldi egin du salto nazioartera: herrialdeek txipak behar dituzte.

Garciak sare erraldoi nahasi baten moduan deskribatu ditu mundu globalizatuko herrialdeen arteko harremanak. Europak AEBetatik eta Asiatik lortzen ditu txipak, baina gauzak konplikatuagoak dira. «Estatu Batuak, era berean, Txinaren edo Asiaren menpeko dira, Asiako beste herrialde batzuetan ere ekoizpen guneak badaudelako. Azken horiek ere munduko beste toki batzuen menpeko dira lehengaiak eskuratzeko. Estatu Batuek Taiwanen dituzte fabrikak; Taiwanek, halaber, Txinarekin kolaboratzen du zenbait arlotan».

Imanol Garcia, Gaia klusterreko zuzendaritza batzordeko kidea
Imanol Garcia, Gaia klusterreko zuzendaritza batzordeko kidea.

Zurrunbilo amaigabe horretan txipak falta izateak zeharkako ondorioak ere baditu, eta ekoizpen katearen beste osagaiei ere eragiten diela ohartarazi du Garciak. Ondorioz, eskasiak tentsioa sor dezake hornikuntza katearen beste leku batzuetan. Hori bera nabarmendu du Vazek ere: «Elektronikan, osagai bakarra falta bada, jada ezin da plaka guztia muntatu, eta familia batzuetako osagaietan eskasia baldin badago, arriskua dago industria guztia gelditzeko». Automozioa, etxetresnak eta telefonoak aipatu ditu adibide gisa.

Herrialde bakar batek ere ezin du kontrolatu gailu elektronikoekin gertatzen dena; hornikuntza katea oso zabala da, toki bakoitzean dagoena dago, eta denek behar dute besteen zerbait. Baina batzuek besteek baino gehiago.

Eta Europan zer?

Orduan, «puzzle honetan funtsezko pieza bat izan dezakezu, estrategikoki aurreneko postuan kokatuko zaituena», Garciak azpimarratu duenez, eta memoria txipak badira pieza funtsezko horietako batzuk; hortik AEBen eta Asiaren abantaila. Europan ez da egiten horrelako txipik, baina litografia prozesuak dira indarguneetako bat.

Gainera, txip nahikorik ez egoteak nazioarteko mahai jokoa aldatu du, eta, enpresek falta dutena ezusteko tokietan bilatu behar dutenez, aukera berriak ere sortzen ari dira, baita Europako enpresentzat ere. Fagorren, esaterako, enpresen arteko tentsioak  «lagungarriak» zaizkiela ziurtatu du Vazek. «Gu mundu honetan txikiak izanda, espero ez genituen aukera batzuk sortzen ari zaizkigu bezero berrietan».

Baina, oro har, konfinamenduaren garaiak agerian utzi zuen Europak ez zuela indar nahikorik produktu elektronikoak bere kabuz ekoizteko beste herrialde batzuek arazoak bazituzten. Muga horiek gainditzeko eta txipen ekoizpena sustatzeko, EBk Txipen Europako Legea indarrean jarri zuen, eta txipak batera erosteko programa bat ere bai. «Europa menpeko den mundu globalizatu honetan haren posizioa hobetzea dute jomuga. Europak industria indartsua dauka, baina beste herrialdeak behar ditu, eta gaur egungo egoera geopolitikoan gero eta zailagoa da fidatzeko moduko bazkideak aurkitzea». Gaia klusterrean ildo horietan parte hartzen dute, mikroelektronikaren adarrean nagusiki.

Argi gutxi tunel luze baterako

Krisi garaietan, urrunago begiratu eta egoerari erreparatzea komeni da: erdieroaleen industrian, kostuaren gorabehera bortitzak ez dira nobedade; ezegonkortasuna da araua. Oraingoan, ordea, prezioen igoera handiak egiturazko aldaketa bati erantzuten diola azaldu du Garciak, datu zentroen garapen azkarrari, hain zuzen ere. Garciak dio bizkortasun hori dela-eta industria globalari erantzutea kostatzen ari zaiola.

Memoria txipak egiteko fabrikak eraikitzeko behar den denbora da horren arrazoia. Micron Technology, Samsung Electronics eta SK Hynix dira mundu mailako txip ekoizleen artean botererik handiena duten hiru enpresak, eta hasiak dira fabrika gehiago eraikitzen, baina hiru-bost urte behar dituzte lantegiak bukatzeko.

Micron Technology, Samsung Electronics eta SK Hynix hasiak dira txipak egiteko fabrika gehiago eraikitzen, baina hiru-bost urte behar dituzte lantegiak bukatzeko

COREA DEL SUR SEMICONDUCTORES
SK Hynix enpresaren fabrika berri baterako proiektuaren irudikapen grafikoa. SK Hynix / EFE

Bitartean, krisiaren ondorioek Txina bereziki astinduko dutela dirudi, bertan sakelako merkeen arteko lehia sutsua baita eta oso irabazi tarte txikiarekin funtzionatzen baitute.

AEBetan, berriz, prezioen igoerari modu desberdinetan erantzun nahi diote. Applek, esaterako, txipak Txinan erosten hasi nahi du han merkeagoak direlako, baina badira protekzionismoaren aldekoak ere. Gainera, Donald Trumpek datu zentroak bere lurraldean hedatzeko politikaren ondorioz, langile adituen falta zabaltzen ari da.

Erantzuteko prest

Garai batean urrezko txanponek adinako balioa dute gaur egun memoria txipek, eta, gehiago ekoizteko fabrikak prest egon arte, prezioek eta menpekotasunek aurrera nola egiten duten ikusi beharko da.

Zaila da eskasiak nola eragingo duen aurreikustea, baina adimen artifizialak ekarritako aldaketa egiturazkoa izango dela argi dauka Garciak. «Industrian, mundu aldakor honetan datorrenarekin moldatuz eta egokituz joan beharko dugu... eta gure esku dauden baliabide guztiak erabiltzen jarraituko dugu krisiari aurre egin eta gure indarguneetan lan egiten jarraitzeko».

Fagorren ere argi dute merkatuari adi egon besterik ezin dutela egin, erabaki azkarrak hartu eta egoeretara bizkor moldatzeko. Horretarako, hornitzaileekin koordinatuta egongo dira, eta informazioa partekatzen jarraituko dute. «Malguak izaten ikasten ari gara, eta gehiago ikasi beharko dugu», laburbildu du Vazek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA