Nire aita 2006ko irailaren 20an hil zen». Aitana Marturet iruindarrak ondo gogoan du aita lan istripuan hil zen eguna. 51 urte zituen. «Egitura metalikoak muntatzen lan egiten zuen, garabi baten gainean zegoen eta egituretako bat gainera erori eta hil egin zen». Istripua Lesakan izan zen. Une hartan, Aitana Marturet Iruñeko taberna batean zegoen lanean,aitaren lankide baten ezagun batek gertatukoaren berri eman zionean. «Sakelakora deitu nion eta foruzainek erantzun zuten, eta gertatukoa kontatu zidaten. Gerora nire etxera etorri ziren bere objektu pertsonal batzuk uztera».
Zoritxarrez, urtero asko dira Euskal Herrian goizean lanera joan eta inoiz itzultzen ez diren beharginak. Kasu gehienak albisteen arrapaladan irentsiak dira eta urteroko lan arloko estatistika beltzak izaten amaitzen dute. Zifra horien atzean, ordea, heriotza gertutik bizitzen dutenen samina geratzen da, Aitana Marturetek kontatzen duen moduan, denbora asko pasatzen baitute senideek ezbeharrari aurre egiten, gertatu dena sinetsi ezinda.
Gaur, Lan Osasunaren Nazioarteko eguna da, eta aurtengoak badu berezitasun bat. Azken urteetan apirilaren 28an lan istripuen aurkako bandera sindikatuei hartzea egokitu bazaie ere,Iruñerrian hildako langileen oroimena aldarrikatzen duten bi herri-ekimenek hartuko dute aurtenardura hori: bata, Arrotxapean 2007an sortu zen; bestea, iaz, Atarrabian. ELA, LAB, CGT, Hiru, EHNE, EILAS eta ESK sindikatuen babesarekin, aurten Nafarroan eurek antolatuko dute ekitaldi nagusia. Atarrabia eta Arrotxapea lotuko dituen martxa bat egingo dute gaur 18:30ean esplotazio eta lan istripu gehiagorik, langileria aurrera lelopean. Amaieran, 20:00etan, biktimei eta senideei omenaldia egingo diete.
Ibilbideak badu zentzua. Atarrabian herri mugimenduak biribilgune batean cromlech-ak jarri ditu eta urtean zehar lanean hiltzen den langile oro zenbatuko duen kontagailu bat jarri dute. Arrotxapean berriz, Matesa enpresa ohiaren egoitza aurreko biribilgunean oroitarri bat jartzea dute helburu Langileen Oroitarria izena hartu duen elkarteak. Oraindik orain Iruñeko udalaren baimenik ez dute lortu. Bi gune horiek dira gaurko martxaren abiapuntu eta helmuga.
Ekimen xumeak izanagatik, langileria eta hildakoen memoria aldarrikatzea dute xede. Memoriaren harriekin gizarte osoari mezu argia igorri nahi diote. «Arrotxapean eta Atarrabian monumentu bana jarrita ez dugu lortuko lan istripuak geraraztea, baina bai nahi dugu pertsona horien heriotzei sinbologia bat eman eta ez daitezela ahanzturan erori», azaldu du Alberto Jurado Atarrabiako Apirilaren 28 ekimeneko kideak.
Herritarrak kontzientziatu
«Langileria aitortu nahi dugu, eta batez ere gogoratu istriputan zein gaixotasun profesionalen ondorioz hil direnak. Badakigu ez dutela balioko hori gerarazteko, baina jendea kontzientziatzeko leku erreferente bihurtu nahi dugu», azaldu du Karmelo Irujo Arrotxapeako Langileen Oroitarriko kideak. Oroitarria oraindik jartzerik lortu ez badute ere, Aitana Marturetek ondo azaldu du zer esan nahiko lukeen berarentzat. «Niretzat esan nahi luke nire aitaren ohorez zerbait egitea lortu dudala. Harro nengoke nire aitarentzat zein beste langileentzat zerbait lortuko nukeelako».
Sindikatuetatik harago, lehen aldia da lan istripuen aurka herri-ekimenek sortzen direla. Lehen pausoa Arrotxapean emanzuten. Aitana Marturet-en aita hil eta bi hilabetera beste langile bat hil zen. «Oso denbora gutxian hiru langile hil ziren auzoan. Gurea langileen auzoa zen eta gaiaren inguruan sentsibilizatuta zegoen jendea. Eta mobilizatzen hasi ginen», azaldu du Irujok. «Senideentzat laguntza bat izan da, auzokideek babesten zaituztelako. Pozgarria da ikustea mobilizatu egiten direla eta zure ondoan daudela», gaineratu du Marturetek.
Hiru urtez, kalean mobilizatu eta hildakoen senideei babesa ematea izan dute helburu. «Edonori gerta dakiguke», gogoratzen du Irujok, eta babes horren garrantzia adierazteko, taldeko kide baten kasua aipatu du. Lau urteren ondoren oraindik auzitegietan jarraitzen du kasuak, epaitegiek oraindik ez baitute istripuaren inguruko erantzukizunen gain erabaki. «Lau urte igaro dira eta lotsagarria da senideak egoera horretan izatea».
Iaz, dena den, erabaki zuten pauso bat gehiago eman eta oroitarri bat jartzea Matesa enpresaren ondoko biribilgunean. Iruñean UPNren udal gobernuak proposamenari oztopoak jarriko zizkiola susmatuta, gizartearen babes zabala bilatu dute. Lehenik eta behin, 2.000 sinadura inguru bildu zituzten, eta gero sindikatuen babesa. CCOO eta UGTk ezik denek eman diete babesa. Irujok azaldu duenez, oroitarriaren aldeko proposamena «zabala» eta «hiri osoari begira egindakoa» izatea nahi dute. Haatik, CCOOk esan die hori ez dela nahikoa, eta UGTk berriz, ezezkoa eman die: «Esan ziguten ezin dutela eurengana datozen talde guztiei baiezkoa eman».
Udal taldeekin ere hitz egin dute eta ezker abertzaleko hautetsiek, Nafarroa Baik, PSNk eta PPk ondo har tu dute ekimena:«PSNko Maite Esporrinek esan zigun UPNk ez ziola ezezkoa emango eskaera laudagarria eta duina delako». Haatik, legealdia amaitzear da eta ekimenak udal talde baten esku utzi baino — «horrek beste alderdiei kontra bozkatzeko aitzakia eman diezaiokeelako»— nahiago izan dute alkatetzatik bideratu proposamena. Hain justueskaera jaso eta aintzat hartu dutela esatera mugatu da UPN. Oraingoz ez diete beste erantzunik eman. «Barneratuta dugu hauteskundeak igaro arte ez dela ezer egingo. Hauteskundeetan ateratzen diren emaitzak denakdirela, babes handiagoarekin bultzatuko dugu», dio Irujok.
Atarrabiako adibidea
Atarrabian, berriz, iaz sortu zuten taldea. Iragan urtean San Andres paper enpresan hondarribiar bat hil zen eta Alaizko harrobian Atarrabiako langile bat. «Ohiko baldintzak eman ziren bi kasuetan. Azpikontratatuta zeuden», dio Juradok. Istripu horien aurrean, herritarrek ekimen bat egitea erabaki zuten. Hasieran LABetik etorri zen ideia, baina ikusi zuten hobe zela mugimendu zabalagoa izatea: «Ezein sindikatuk ez dio zorigaitz honi etekinik atera behar», aipatu du Juradok. Berehala biribilgune batean cromlech-ak jartzea erabaki zuten eta proposamenak udalaren oniritzia izan du: «Udalarekin hitzartu dugu iraunkorra izatea, ez dugu nahibotere aldaketa baten ondorioz aldaketak egotea». Plazari apirilaren 28 izena jarri diote, gainera.
Besteak beste, iazko istripuak eta aurten izango direnak zenbatuko dituen kontagailu bat ere jarri dute: «Zifra makabro hori nola igotzen den jendeak ikustea nahi dugu eta ez ahaztea zifra horien atzean Aitana eta beste jende asko dagoela», esan du Juradok.
Haren ustez,«lehen mailako eta bigarren mailako heriotzak» daude. «Heriotza batzuk komunikabideen erabateko arreta bereganatzen dute, eta beste batzuei buruz inork ez du hitz egiten. Badirudi egiturazkoak direla, zorte txarraren ondorio direla». Alabaina, atzean, beste faktore batzuk daude: «Agintariek ez dute ezer egiten. Ikuskaritza lana ia hutsaren parekoa da. Erremintak, onak edo txarrak, baditugu. Legea badugu, Nafarroako Lan Osasunaren erakundea badugu, baina ez dira elkar txertatzen eta hutsune legalak daude», aipatu du.
Irujok zein Juradok gogora ekarri dute gaixotasun profesionalen ondorioz jendea hiltzen dela ere.«Europako Lan Osasunaren Agentziaren arabera, istripuan hildako langileko 28 hiltzen dira gaixotasun profesionalen ondorioz. Hori Nafarroara ekarrita, esan nahiko luke iaz 400 hildako inguru izan zirela. Heriotza isilak dira, baina ez dira zahartzearen ondorio, lan baldintzen ondorio baizik», aipatu du Irujok.
Horregatik, Juradok nahiko luke beste herri eta auzoetan horrelako ekimenak ugaltzea. «Zaila da, iluntasun handia dagoelako eta interes ekonomiko handiak», aipatu du. «Guztion ardura da. Gai honi buruz ez denez hitz egiten, badirudi ez dagoela. Hauteskunde kanpainan gaude, eta inork ez du lan munduz hitz erdirik esaten», dio kexati.Aitana Martureten irudiko, euren ekimenek oroimena aldarrikatzeaz gain, gaia azaleratzea bilatzen dute: «Gaia plazaratu behar da. Hitz egin dadila gehiago eta egon dadila benetako eztabaida».
Lan osasuna
Memoriaren harriak
Iruñeko Arrotxapea auzoan zein Atarrabian lan istripuan zein gaixotasun profesionalen ondorioz hildako langileen oroimena aldarrikatzen duten bi ekimen sortu dira berriki.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu