Ukrainako gerrak eta klima larrialdiak lehen lerroan jarri dituzte azken urtean energiari buruzko gaiak. Euskal Herriak kanpoko energia iturriekiko duen «menpekotasunaz» jakitun, tokiko energia komunitateak bultzatzea ezinbestekoa dela uste du Udalbiltzak. Hori dela eta, gida bat osatu du herritarrentzat, enpresentzat eta udalentzat, ez soilik komunitateak sortzen laguntzeko, baita zer diren eta parte hartze prozesuek nolakoak izan behar duten azaltzeko ere.
Antzuolako (Gipuzkoa) Torresoroa aretoan aurkeztu zuten gida, atzo, Bernardo Kortabarria alkatearekin batera. Pili Legarra Udalbiltzako lehendakariordeak adierazi zuen energia burujabetza «iparrorratz» izan dutela azken urteetan, eta hamarkada hau funtsezkoa izango dela «behar-beharrezkoa den eraldaketa energetikoan aurrera egiteko».
Aurkezpenaren ostean, mahai inguru bat egin zuten, energia komunitateen ideia orokorrean gehiago sakontzeko. Eztabaidan, Artelaneko Oihana Loreak, Goienerreko Aitor Osak eta Xabier Zubialde ingeniariak hartu zuten parte. Lehenik eta behin, hirurek garbi utzi nahi izan zuten energia komunitate bat ez dela plaka fotovoltaikoen sare huts bat soilik, harago doan zerbait baizik. Gaiari «plakazentrismo» hori albo batera utzita begiratu behar zaiola esan zuen Osak: «Europak dio irabazi interesen gainetik egon behar dutela ingurumen eta gizarte interesek, baita prozesu ireki, boluntario eta ez-diskriminatzaileak izan behar dutela ere».
Energia komunitateak «edozer» izan daitezkeela adierazi zuen Loreak: «Komunitateak instalazio fotovoltaikoekin erlazionatzen dira, baina desinformazioagatik gertatzen da hori. Eguzki plaka tresna bat izan daiteke, baina ez du zertan izan. Udalak edo komunitateak erabaki dezake zer motatako energia sortu. Plakak izan daitezke, edo ur jauzi bat izan daiteke».
Begiak, kontsumora
Hirurak ados azaldu ziren energia komunitateak bultzatzeaz gain energia kontsumoari ere begiratu behar zaiola azaltzerakoan. Zubialdek adierazi zuenez, «energia aurreztea» da beretzat garrantzitsuena, eta kontsumo elektrikoari ez ezik beste energia kontsumo motei ere begiratu behar zaiela gehitu zuen; izan ere, haren esanetan, energia kontsumoaren laurdena da soilik elektrikoa.
Menpekotasuna arintzeko energia komunitateak bultzatu nahi dituzte
Udalbiltzak energia komunitateak osatzen laguntzeko gida bat aurkeztu du Antzuolan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu