Mercedesek baieztatu du ibilgailu elektrikoak egingo dituela Gasteizen

Gama altuko furgonetak izango dira, eta 2025 hasieran aterako dira lehen aleak. Multinazionalak Europako ekoizpen sarea berrantolatu du. Lantegia handitzeko inbertsioa baieztatzea falta da orain

Mercedesen lantegiaren kanpoaldea, Gasteizen, artxiboko argazki batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
aitor biain
Gasteiz
2022ko abenduaren 13a
00:00
Entzun

Argitu da Mercedes-Benzen Gasteizko lantegiaren hurrengo urteetarako plana: Alemaniako multinazionalak baieztatu du furgoneta elektrikoak ekoitziko dituela 2025etik aurrera. Jakina zen, irailean aurreratu baitzien albistea Emilio Titos Gasteizko plantako zuzendariak bere azpitik dauden berrehun arduraduni, baina auto ekoizlearen baieztapen ofiziala falta zen, eta atzo iritsi zen.

Hurrengo urteetarako antolaketa plana ondu du Mercedesek: erabaki du ibilgailu elektrikoak zein lantegitan egingo dituen eta nola egingo duen banaketa. Argitu du, horrenbestez, Gasteizko lantegian zein auto eredu egingo duten. Aurreratu zuten bezala, gama altuko furgoneta bat izango da, gaur egun egiten dituztenaren familiakoa, baina errekuntza motorrik barik elektrikoa izango duena.

2025eko lehen hilabeteetan irtengo dira lehen aleak, eta egungo ereduei batuko zaie (V, EQV, Vito eta Vito Tourer klaseak egiten dituzte). Hasieran Mercedesek 2024an eten nahi zuen eredu horien ekoizpena, baina iritziz aldatu zuen, eta litekeena da beste lau edo bost urtez luzatzea. Errekuntza motorreko auto berrien salmenta 2035ean etetea erabaki baitzuen Europako Batasunak.

Aldiz, Mercedesek erabaki du furgoneta elektriko handiak Polonian egitea, Jawor hirian eraikiko duten planta berrian. Gaur egun, Dusseldorfen (Alemania) egiten dituzte erabilera komertziala duten ibilgailu eredu horiek, baina datorren urteko bigarren erditik aurrera furgoneta handi elektrikoak ere muntatuko dituzte han, baita txasis kabina ereduak ere. Azken horiek Ludwigsfeldeko lantegian (Alemania) egiten dituzte egun.

Europako ekoizpen sarea berrantolatu du horrela. Izan ere, auto ekoizleak nahi du epe luzera begira «berritzaileagoa» eta «lehiakorragoa» izatea, eta uste du antolaketa berria «funtsezkoa» dela horretarako.

Hain zuzen ere, Mercedesek Van.Ea (Van Electric Architecture) izeneko plataforma modularra sortu du bere ibilgailu elektrikoentzat. Horrek aukera emango dio oinarri beraren gainean askotariko auto modeloak egiteko, gastuak txikiagotuta. Bada, plataforma horretatik abiatuta egingo dira 2025etik aurrera merkaturatuko diren auto elektriko ertain eta handi guztiak, Gasteizko furgonetak barne. Zuzendaritzaren arabera, guztiz elektrikoak diren autoetarako trantsizioa bizkortzen lagunduko dio horrek.

Inbertsioa, azken pausoa

Auto modeloen banaketa erabakita, Gasteizko planta elektrifikatzeko iragarritako 1.200 milioi euroko inbertsioa baieztatzea falta da orain. Ziurtzat jotzen zen jada uztailean lan ituna adostu ondoren, baina, ekoizpena eta auto modeloa erabakita, dirua iristea besterik ez litzateke faltako.

Lantegia ia 24 hektarea handitzeko baimena eman dio Gasteizko Udalak, halaber. Zabalagana parkearen alboan zabalduko da, eta bide emango luke ekoizpena bikoizteko. Hala ere, argitzeko dago hori ere; urtean zenbat auto egingo diren ez dutelako jakinarazi oraindik. Iaz, esaterako, 134.000 furgoneta ekoitzi zituen Gasteizen, eta aurten 141.000 inguru egitea espero da, udan kalkulatu baino 16.000 gutxiago, hornidura faltagatik.

Gauza jakina da nork zuzenduko duen elektrifikazioaren aro berria, Alemaniako multinazionalak aurreko astean iragarri baitzuen Gasteizko lantegiko zuzendari berria nor izango den: Bernd Krottmayer alemaniarra izango da lemazain 2023ko apiriletik aurrera. Izan ere, 40 urte baino gehiagoz karguan egon ondoren, erretiroa hartuko du Emilio Titosek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.