Ekainaren 21ean eta 25ean egin behar izan zuen moduan, Gasteizko Mercedesek ekoizpena geldituko du hilaren 19an eta 20ean, astelehen eta asteartean. Alemaniako konpainiak jakinarazi du semieroaleak falta zaizkiola, eta ezin duela aurreikusitako jarduerarekin jarraitu. Hori dela eta, 141.001 furgonetako helburua ezarri du 2021. urterako, aurreko helburua 7.599 unitate apalduta. Semieroaleen horniduraren arazoek eta "autogintzaren merkatuaren egonkortasun ezak" bultzatu dute azken erabaki hori hartzera.
Antzeko egoera bizitzen ari dira Iruñeko Volkswagenen ere. Ekainean 25ean geratu behar zuten produkzioa, baina gero iragarri zuten egun batzuk lehenago geldituko zutela. Semieroaleen eskasiak apiriletik baldintzatu du ekoizpena, eta, horren ondorioz, fabrikaren kanpoko aparkalekuak bukatu gabeko autoz beteta ditu orain Alemaniako multinazionalak.
Mercesedesen kasuan, asteazkenean ekingo diote berriro autoak egiteari, baina zuzendaritzak ohartarazi du ekoizpean berriro gelditu daitekeela aurrerago, mundu mailako egoera semieroaleen auzian "larria" delako. Sindikatuen gehiengoak eta enpresak adostu dute aldi baterako enplegu erregulazio bat 30 egunetarako, urtea amaitzen den arte aplikatzeko. Gainera, enpresak erabaki berri du gaueko lan txanda murriztea muntaiaren esparruan.
Gasteizko Mercedesen plana Hego Euskal Herriko handiena da Iruñeko Volskwagenenarekin batera. 5.000 behargin aritzen dira Mercesedes.