Ia ziurra da autogintzaren etorkizuna ibilgailu elektrikoen bidetik etorriko dela. Autogileak aspalditik ari dira teknologia garatzen, eta administrazioak, berriz, horretarako azpiegiturak jartzeko urratsak egiten ari dira. Bide horretan sar daiteke Eusko Jaurlaritzak eta Mercedesek auto elektrikoak garatzeko atzo sinatutako lankidetza akordioa ere. Horri esker, datorren urteko azken hiruhilekoan furgoneta elektrikoak egiten hasiko dira Mercedesek Gasteizen duen lantegian.
Vito motako furgoneta elektrikoak egingo dituzte Gasteizko lantegian, eta 130 kilometroko autonomia izango dute. Iturri batzuek ehun ibilgailuko sail mugatu bat ekoitziko dutela aurreratu arren, Emilio Titos Mercedesen ordezkariak ez du zehaztu zenbat ibilgailu egingo dituzten. Ekoizpena jasotzen dituzten eskarien araberakoa izango dela besterik ez du esan.
Furgoneta elektrikoak errepidean ikusteak aurretik eskatzen duen inbertsioa, ordea, ez da txantxetakoa. Mercedesek egindako kalkuluen arabera, 15 milioi euro beharko ditu lantegia egokitzeko. Sei milioi euro autogileak berak jarriko ditu. Eusko Jaurlaritzak, berriz, beste bederatzi milioi euroen %25 eta %40 artean jarriko dituela agindu du, Industria Sailaren bitartez. Horrez gain, Mercedesek beste 20 eta 30 milioi euro artean inbertitu beharko ditu Alemanian, furgoneta elektrikoen proiektua han ari direlako garatzen.
Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren ustetan, Gasteizko lantegiari krisitik indartuta ateratzen lagunduko dio proiektu horrek. Izan ere, enplegu erregulazioan dira azaroaren lehenetik. Titosen esanetan ereeuren apustua 3.000 lanpostuei eustea da, nahiz eta eskarietan jaitsiera nabarmena izan duten krisia hasi zenetik.
Lopezen arabera, «ekimen honek erakusten du autogintza sektorea prest dagoela ingurumenera egokitutako ibilgailu eredu berriak garatzeko». Eta enpresei berrikuntzan inbertitzeko eskatu die, Eusko Jaurlaritzaren laguntza izango dutelako.
Elkarlana bultzatzen
Mercedesek, bestalde, ibilgailu elektrikoetarako osagaiak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresekin elkarlanean ikertzeko eta garatzeko konpromisoa hartu du. Eta arlo horietan dabiltzan enpresei prestakuntza eman eta haiekin informazioa partekatzeko prest agertu da.
Atzo Mercedesekin sinatutako lankidetza akordioa ez da Eusko Jaurlaritzak ibilgailu elektrikoen sektorea laguntzeko egin duen lehen urratsa izan. Joan den urrian, Repsolekin beste hitzarmen bat egin zuen ibilgailu horiek birkargatzeko hornidura sare bat sortzeko. Hain zuzen, egungo gasolina-zerbitzugune sarearen antzeko bat egituratu nahi dute, baina ibilgailu elektrikoak birkargatzeko azpiegiturarekin.
Mercedesek furgoneta elektrikoak egingo ditu Gasteizen
Eusko Jaurlaritzak 2,25 eta 3,6 milioi euro artean emango dizkio autogileari, lantegia egokitu dezan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu