Eskolak itxi dituzte, eta fabrikak zergatik ez? Galdera hori egin diote Eusko Jaurlaritzari Mercedeseko langile batzordeko sindikatuek. Aho batez eskatu diote gobernuari eta enpresari berari itxi dezala Gasteizko lantegia, Euskal Herri osoko handiena —5.000 behargin ditu, eta beste hainbat harentzat lanean—.
Sindikatuek eskatu dute produkzio osoa «berehala eteteko», argudiatuta lantegian ez direla betetzen osasun erakundeek gomendatutako baldintzak, eta materiala falta zaiela garbiketa behar bezala egiteko. «Hutsik daude xaboia alkoholarekin banatzen duten ontziak, eskuak lehortzeko papera falta da... eta zer esan esparru komunen desinfektatzeaz. Berrogeialdiak eta gaixo baimenak handitzen ari dira egunez egun». Gainera, ohartarazi dute kateko lanaren ondorioz ezin dela eragotzi langileen arteko kontaktua.
Zuzendaritzak erantzun die ez duela lantegia geldituko, eta ziurtatu du betetzen direla osasun baldintzak. «Onartezina iruditzen zaigu produkzioa lehenestea langileen segurtasunaren gainetik», kexu dira langileen ordezkariak.
Itxearen ordez, zuzendaritzak sindikatuei proposatu die aldi baterako erregulazio dosier bat egitea, eta bilera batera deitu dituzte astelehenerako. Zuzendaritzak zenbait aukera jarri ditu mahai gainean: lan erregulazioa selektiboa ala partziala egitea. «Neurri horrek ez du helburu langileak babestea, gutxieneko produkzio bat babestea baizik», deitoratu du langile batzordeak.