Analisi eta azterketa garaiak dira Euskal Herriko merkataritza ganberetan: muga zerga andana, nazioarteko akordio berriak... Mercosurrek oraindik ez ditu galdera asko eragin, baina jakin-mina piztuko duela argi du San Miguelek (Lesaka, Nafarroa, 1971). Dena den, azaldu du askotan albisteak enpresen beharrak baino askoz bizkorrago mugitzen direla. Euskalduna da, baina nahiago izan du elkarrizketa gaztelaniaz egin.
Ganberako bazkideak hasi al dira Mercosurren inguruko galderak egiten?
Albiste oso berria da, eta esango nuke oraindik ezetz. Ez dut urduritasunik sumatzen, baina ziur nago herrialde horietan interesak dituzten enpresek zerbait galdetuko digutela. Baina egia da albiste batzuekin asko aurreratzen garela. AEBetako muga zergekin gauza bera gertatu zitzaigun. Albiste bat iritsi eta enpresengan eragin zuzena izan arte, denbora epe bat igaro behar da. Akordioa itxi eta arauak zehaztu behar dira: muga zerga berriak, xehetasunak... Adibide tekniko bat: aduanetako kodeak egokitu beharko dituzte orain, eta horrek bere denbora eskatzen du.
Akordioa irakurri duzu?
Bai, atal batzuk. Nabarmenduko nuke ez dela merkataritza akordio soil bat, baizik eta elkar-hartze akordio bat dela. Hiru hanka ditu, eta badirudi elkarlan politikorako gune bat sortu nahi dutela, kooperaziorako. Muga zergak baino zerbait gehiago da.
Ganberan zer iritzi duzue akordioaren inguruan? Aurkako ahotsak ozenak dira.
Merkataritza ganberek beti begi onez ikusten ditugu horrelako akordioak, zubiak zabaldu baititzakete. Positiboa da halako bi eremu hain garrantzitsuren arteko hesiak murriztea, are gehiago akordio hau lortzeko behar izan diren urteak ikusita. Gure ekonomiarentzat ona da, eragin positiboa izan baitezake.
«Akordio ona da gure ekonomiarentzat, eragin positiboa izan baitezake. Akordio hau mugarri bat da, batez ere Europari erabakiak hartzea asko kostatzen zaiolako»
Mugarri moduan aurkezten da, hainbesterako da?
Bai, ez delako erraza horrelako akordio bat ixtea. Eta ez da erraza, batez ere Europaren aldetik. Europako blokeari asko kostatzen zaio erabakiak hartzea, zaila baita hainbeste herrialde ados jartzea. Bermeak eskatzen dituen gizarte da Europakoa, beti babesera jotzen du, eta kosta egiten zaio erabakiak hartzea. Enpresak horren kexu dira, beste abiadura bat beharko lukete araudietan, administrazioak berez ez duena, eta, Europara hedatzen badugu, are gutxiago.
Akordioak zeini egiten dio mesede? Eta zeini kalte?
Mercosur indartsua den sektoreek dute kezka gehien: nekazaritza, abeltzaintza... Mehatxu gisa ikusten da, han beste ekoizpen baldintza batzuk dituztelako, eta horrek eragin dezake handik hona produktu merkeagoak ekartzea, eta zaila izatea halakoekin lehiatzea. Aldiz, mesedegarria da Mercosurrek ez dituen salgaiak ekoizten dituzten enpresentzat: industria, makineria, makina-erreminta... Merkatu bat da horientzat, eta albiste ona baldintza hobeagoetan lehiatu ahal izatea. Indartsu zaren sektoreetan, zabaltzea interesatzen zaizu, eta guk abantaila industrian dugu. Hori da gure profila, Nafarroarena.
Zer-nolako harreman komertziala du Nafarroak Mercosurreko herrialdeekin?
Txikia. Esportazio guztien %1 baino gutxiago doaz hara, Brasil barne. Ekipo ondasunak, erdimanufakturak, makineria eta elikadura esportatzen ditugu batez ere.
Elikagaiak ere bai?
Bai, bai. Elikadurari eta nekazaritza produktuei dagokienez, gehiago saltzen dugu erosi baino. Alor horretako salmentak erosketak halako bi izan ziren iaz, eta, azken sei urteei erreparatuz gero, %78 handiagoak. Elikadura industria oso garatua dugu Nafarroan, produktu landuak ekoizten ditugu: kontserbak, izoztuak... Ez dira lehengaiak. Iaz, Brasilera esportaturikoen atal handienetan hirugarrena izan zen elikagaiena: bederatzi milioi euro esportatu genituen elikagaietan eta bat baino gutxiago inportatu. Dena den, elikagaiei dagokienez, gehiago erosten dugu Argentinan.
«Nafarroak harreman komertzial txikia du Mercosurreko herrialdeekin: esportazio guztien %1 doaz hara. Hala ere, erosten duguna baino askoz gehiago saltzen dugu han»
Eta zer inportatzen du?
Esportatzen ditugun antzeko produktuak, baina kopuru askoz txikiagoan. Erosten duguna baino gehiago saltzen dugu han. Merkataritza balantza oso positiboa da gure alde. Balioari erreparatuta, iaz bost aldiz handiagoak izan ziren salmentak erosketak baino.
Akordio honek balantza alda dezake?
Nabaritu beharko litzateke. Baldintza hobeagoetan sartu eta lehiatzeko modua eman beharko luke, baina Europaz ari naiz. Hau ez Nafarroa-Mercosur akordio bat, Europa-Mercosur baizik, eta guk Europako produktuekin ere lehiatu beharko dugu han. Txinarekiko edo AEBekiko abantaila txikia izan dezakegu, baina Alemaniako eta Frantziako produktuekin lehiatuko gara. Era berean, han egotea kontinenteko beste herrialdeetarako atea izan daiteke enpresentzat.
Protekzionismoa nagusi den garai hauetan, haize kontra joatea da.
Nik beste modu batera ikusten dut: mugitzen saiatzea da beste batzuk ere mugitzen ari direnean. Bloke egoera baterantz goaz: AEBek beren eragin eremua kontrolatu nahi dute, Txinak Asia arautu nahi du... eta lehia horretan, Europa, nahiz eta bakartuta dagoela iruditu, ohartu da mugitu beharra daukala. Mercosur akordioa horri emaniko erantzun bat da, are gehiago orain AEBak hegoaldera asko begiratzen ari direnean. Europak erabaki behar du nola erreakzionatu, eta niretzat hori da akordioak duen gauzarik nabarmenena: Europa nazioarteko jokalekuan mugitzen hasi dela.
«Hau ez da Mercosur-Nafarroa akordio bat, Mercosur-Europa akordio bat baizik. Gure enpresek Alemaniakoekin, Frantziakoekin... lehiatu beharko dute han»
Mercosur esaten zaio, baina muina Brasil da.
Bai, inguruko ekonomiarik handiena delako, BRIC herrialde bat. Brasilen sartzeak ingurura zabaltzea erraztu dezake. Duela urte batzuk enpresek trabak izaten zituzten han sartzeko: legedi zurruna, hango bazkideen premia... Positiboa da merkatuak irekitzea eta akordioen bitartez haietan abantailak izaten saiatzea.
Lehen sektoreko protestak ulertzen dituzu? Konponbiderik ba al dute?
Ulertzen ditut, mehatxu gisa ikusten dutelako. Horren aurreko erantzuna kontrolak izan behar du, lehia desegokia egon ez dadin. Eta hala iritsiko da segurtasuna. Europak bermatu behar du produktu horiek kalitate eta segurtasun eskaerak betetzen dituztela. Eta, besteak beste, horixe adostu nahi dute, berdinak izan daitezela bi kontinenteetan. Produktuaren kalitatearen bitartez lehiatu behar da, baina egia da kontsumitzaileek urte asko daramatzagula prezioaren arabera erosten.
Indiarekin ere ituna lortzekoa da Europa.
Egokia litzateke, bakartzearen aurkako bide horretan emaniko beste pauso bat; Amerikaren ostean, Asiara. India beste BRIC bat da, eta akordio hori bat letorke Indiak azken urteetan garatu duen ereduarekin. Txinak ez bezala, Indiak kanpoko inbertsioa onartu du, eta horren bidez garatu du bere industria.