Merkataritza sektoreak aho batez eman die ezezkoa Espainiaren neurriei

Jaurlaritza Auzitegi Konstituzionalera jotzeko prest agertu da Espainiarekin akordiorik lortu ezean

ELAk eta LABek deitutako elkarretaratzea, atzo, Gasteizen. JUANAN RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2012ko urriaren 3a
00:00
Entzun
Merkataritza sektoreak beste behin ere gaitzetsi egin ditu Espainiako Gobernuak hartutako neurriak. Aho batez ezezkoa eman diete ordutegiak liberalizatzeari, merkealdi arautuak amaitzeari eta jaiegun gehiagotan irekitzeari, neurri horiek sektorearekin eta erkidegoekin kontsultatu gabe hartu dituztelako. Gasteizen elkartu ziren atzo Eusko Jaurlaritza, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Merkataritza ganberak, Euskalit, Innobasque, Orkestra, Ikusmer, Lehiaren Defentsarako Auzitegia, merkatarien ordezkariak eta ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak.

Neurriei uko egitearekin batera, Ikusmer behatokiari ikerketa bat egiteko eskatzea hitzartu dute ordezkari guztiek. Horren bitartez, merkealdi arautuak desagertuz gero, egoerari nola aurre egin beharko lioketen argitu nahi dute. Gainera, Jaurlaritzak dagoeneko jarri dio helegitea dekretuari, erkidegoaren eskumenak urratzen dituelakoan. Liberalizazioarekin saltoki handien eta txikien arteko oreka «hautsi» egingo dela uste du.

Espainiako Gobernuarekin bilera bat egin ahal izateko moduak ere jarri ditu martxan Jaurlaritzak. Bilera urte amaierarako espero dute; hor akordiorik lortuko ez balute, Jaurlaritza prest legoke Auzitegi Konstituzionalean helegitea jartzeko, sektorearen eskubideak babesteko.

Aldaketa araudian

Sektoreak bilera zuen bitartean, ELA eta LAB sindikatuetako hainbat ordezkarik elkarretaratzea egin zuten Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, igande eta jaiegunetan atseden hartzeko eskubidea aldarrikatzeko. ELAk ohar baten bidez adierazi duonadela sektoreak PPren neurriei bizkarra ematea eta jaiegunetarako egutegirik zehaztu ez izana. Horrekin batera, Jaurlaritzari eskatu dio Espainiako Gobernuaren gidalerroak ez onartzeko.

Uztailean onartutako dekretuak «goitik behera» aldatu du merkataritzaren sektoreko araudia. Horren arabera, aurrerantzean saltokiek urte osoan egin ahal izango dituzte merkealdiak eta eskaintza bereziak. Gainera, jaiegun gehiagotan ireki ahal eta beharko dute saltokiek. Hiri handietan eta turista asko dituztenetan, erabateko liberalizazioa izango da bisitari gehien duten lekuetan —Hego Euskal Herrian Bilbo da kasu bakarra—.

Saltokien irekiera orduei dagokienez, ostiraletik larunbatera 90 orduz egon ahal izango dira irekita —lehen, 72 ordu ziren—. Igande eta jaiegunetan denda txikiek askatasun osoa izango dute, orain arte bezala, baina aurrerantzean, 300 metro koadrotik behera dituzten saltoki guztiei zabalduko zaie aukera hori —orain arte 150 metro koadro baino gutxiagoko dendek zuten erabateko askatasuna—. Azalera handiagoa dutenek gutxienez hamar eta gehienez hamasei jaiegunetan irekiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.