MERKATARITZA

2017ko martxoaren 15a
00:00
Entzun 00:00:00 00:00:00
Iruñerrian 343.556 herritar bizi dira, Nafarroako biztanleriarenerdia baino gehiago.

Zenbat supermerkatu daude Iruñerri osoan? Guztira, 103 supermerkatu daude, eta lau hipermerkatu handi —Leclerc, Eroski, Carrefour eta Hipercor—. Horietako gehienak auzo eta herri barruko supermerkatu ertainak dira.

Zer enpresak du lidergoa?

Eroski taldeak 46 supermerkatu ditu —25 Eroski, eta, itxi berri direnak kontuan hartu ostean, 21 Caprabo—. Diak 24 ditu; BMk, hamabi —aurten beste bi irekiko ditu—; Mercadonak, zazpi; Carrefourrek bost; Corte Inglesek, bat, eta Aldik eta Lidl-ek, launa.

Non egiten dituzte herritarrek ohiko erosketak?

Iruñeko Udaleko azterketa baten arabera, herritarren %49k auzoko supermerkatuetan egiten dituzte ohiko erosketak, eta, 2009tik hona, bost puntu igo da joera hori. Iruindarrek (%52) gehiago jotzen dute supermerkatuetara inguruko herrietako biztanleek baino (%45). Adierazgarria da hipermerkatuetako erosketek %20tik %9ra egin dutela behera azken bost urteetan; haatik, supermerkatu handien erabilera handia da (% 14). Neurri berean, elikagai dendetako salerosketa kopurua %12tik %3ra murriztu da. Udal merkatuetako salerosketak %4tik %2ra jaitsi dira 2009tik.

Joera horrek nola eragin die saltoki txikiei?

Azken bost urteetan 318 saltoki txiki (%11,7) desagertu dira, horietako asko elikagai alorrekoak. Gaur egun, 2.690 saltokik dute izena emana udalean, Jarduera Ekonomikoen Zerga ordaintzeko. Horietatik 863 (%32,1) elikagai esparruan aritzen dira. Guztira, 67.518 metro koadroko azalera dute saltoki guztiok; batez beste, 78 metro koadrokoa.

Non daude saltoki gehien?

Auzoka, Iruñe erdian daude saltokien herena: Alde Zaharrean, %11, eta Zabalgunean, %22. Bertan, Iruñeko merkataritzaren %40 salerosten da.

Zer nahi du herritarrak?

Elikagai freskoen kasuan, gertutasuna nabarmendu dute Iruñeko Udaleko galdeketari erantzundakoen %67k. Atzetik, kalitatea (%57), bezero arreta (%24), produktu aniztasuna (%18) eta prezio onak (%17) nabarmentzen dira. Beste arrazoiak lirateke ordutegi onak (%4), eskaintza onak (%5), ingurune atsegina (%3) eta sarbide erraza (%6).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA