Merkatu urdurien itzulera

Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak gora egiten ari dira nabarmen, aurreikuspen txarrek defizita murriztea zailtzen dietelakoDraghik «okerrena» pasa dela esan arren, azken indizeek atzeraldia erakusten dute

Iker Aranburu.
2012ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Eragin txikia izan dute Greziaren bigarren erreskateak eta EBZ Europako Banku Zentralaren bigarren enkanteak. Aste batzuetako lasaitzearen ondoren, estu dabiltzan euroguneko estatuen aurkako presioa handitzen ari dira berriro merkatuak. Bada berritasun bat: orain, Espainia dago jomugaren lehen lerroan, eta Italia, berriz, haren atzean babestuta.

Hirugarren egunez jarraian gora egin zuen atzo Espainiaren eta Italiaren arrisku sariak. Espainiarenak hamasei puntu egin zuen gora, 358ra arte, eta beste hainbeste Italiarenak, 318ra arte. Bigarrenaren kasuan, duela hilabete baino beherago dago, baina lehenengoak ez du halako tasarik izan urte hasieraz geroztik.

Batean zein bestean, inbertsiogileen kezka nagusia aurreikuspen ekonomiko kaskarrak dira. Atzo bertan, Barclays Bankek iragarri zuen Espainiako barne produktu gordina %2 txikituko dela aurten. Espainia zein Italia atzeraldian daude, eta gobernuek berek aitortu dute urte osoan ez dutela modua izango egoera horretatik ateratzeko. Batez ere, oso neurri gogorrak hartu dituztelako beren defizit publikoei aurre egiteko eta horiekin ekonomia ezin delako hazi. Egoera paradoxikoa dakar horrek: lehen, defizit publiko handia izateagatik zigortzen zituzten merkatuek, eta, orain, berriz, defizit hori mozteko hartzen ari diren neurriekin hazterik ez dutelako.

Adituen susmo txarrak

Merkatuetan ohikoa den moduan, adituen hitzek pisu handia dute herrialde baten gaineko presioan. Kasu honetan, Willem Butler Citigroupeko ekonomisten buruak egindako komentarioak egin dio kalte Espainiari. «Espainiak okerreko bidea hartu du, eta, orain, bere zorra berregituratu behar izatetik inoiz baino gertuago dago», esan zuen Butlerrek, Bloombergen irratian.

Butlerren modura, itzal handiko komentarista da Wolfgang Muenchau ere, eta antzeko ondorioetara iritsi da astero Financial Times-en idazten duen analisian ere. «Espainia gero eta itxura okerragoa duen zorraren tranpan harrapatuta dago, eta hortik ihes egiteko modu bakarra porrota da. Onartu dituen politikei jarraituz gero, Grezia, Portugal eta Irlanda dauden tokian bukatuko du, erreskatearen aterkipean». Muenchauren iritziz, Madrilek hiru edo bost urtez eutsi beharko lioke defizit handi bati, tarte horretan sektore pribatuak bere zor handiaren —BPGaren %220 ingurukoa, publikoaren halako hiru—zati bat pagatzeko denbora emateko.

Baina Butlerrek eta Muenchauk ahoa ireki aurretik ere, Espainiako Gobernua bera arduratu zen merkatuen arreta bereganatzeaz. Hilaren hasieran esan zien euroguneko beste kideei ez zuela beteko defizita aurten %4,4ra jaisteko promesa eta %5,3an utziko zuela. Ondoren, Bruselak zuzendu egin zuen Madril, eta %5,8an uztera behartu du. Datorren astean jakinaraziko du Espainiako Gobernuak nola egin nahi duen hori, baina jada eragile askok —CEOE patronalak, esaterako— eta merkatuek auzitan jartzen dute helburu hori lortuko duela. Eszeptikoak ugaltzen zaizkiola ikusita, defizit muga beteko duela agindu zuen atzo berriro Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak: «Etorkizunari aurre egin behar bazaio, hori egin behar da, eta, noski, Espainiako Gobernuak egin egingo du, baita erkidegoek eta udalek ere, exijitu egingo diegulako».

Edonola ere, arrisku sarien igoerak ez du ondorio zuzenik izan Espainiaren zorraren salmentan, erraz eta iaz baino baldintza hobeagoarekin ari delako bere bonuak kokatzen. Baldintza hobeak baliatu ditu altxorrak, eta dagoeneko urte osorako bildu nahi zuenaren %36 saldu du. Orain, aztertzen ari da «hispanobonuak» saltzea, hau da, erkidegoen zor bateratua.

Draghi baikor, indizeak ezkor

Eurogune osoari begira mezu baikorra zabaldu du Mario Draghi EBZko presidenteak. «Okerrena pasa da, nahiz eta oraindik arriskuak badauden», esan dio Bild astekariari. Draghiren arabera, EBZk bankuei emandako mailegu merkeei esker «egoera egonkortu egin da». «Inbertsiogileen konfiantza itzuli da, eta EBZk badaramatza asteak zor publikoa erosi gabe».

Azken datuak, ordea, ez datozguztiz bat Draghiren iritzi horrekin. Atzo kaleratu zen indize batek —euroguneko enpresen erosketei buruzkoa— behera egin du nabarmen otsailaz geroztik, batik bat Alemanian. Indize horrek iradokitzen du euroguneko ekonomiak atzera egingo duela 2012. urteko lehen hiruhilekoan. Burtsek jaitsiera handiekin hartu dute indizea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.