Merkatuak eta EB lasaitzeko, plana gogortu du Italiak

Bere aurkako greba egunean, BEZa igotzeko eta aberatsei zerga berezi bat ezartzeko eskatu du Berlusconik

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 7a
00:00
Entzun
Defizita gutxitzeko neurriak urardotu zituelako Europako instituzioek eta merkatuak egindako oharrei jaramon egin die Silvio Berlusconik, eta azken unean bere doikuntza plana gogortzea erabaki du. Neurriak jada nahiko bortitzak iruditu zaizkie herritar askori, eta haietako milaka gobernuaren plana salatzeko kalera atera ziren Italiako hirietan. CGIL sindikatuak antolaturiko grebak jarraipen handia izan du.

Abuztuaren 12an Italiako Gobernuak onartu eta azken asteotako barne eztabaiden ondorioz bidean geratu ziren hainbat neurri berreskuratu ditu Berlusconik. Horien artean dago aberatsak gehiago zergapetzea. Atzo Senatura iritsitako testuak dio urtean 500.000 eurotik gorako errenta dutenek %3ko zerga pagatu beharko dutela. Herritar guztiek ordainduko dute beste neurri sonatua: BEZ zergaren tasa arrunta %20tik %21era igoko da. Gainera, emakumeen erretiroa 60 urtetik 65 atzeratzeko asmoei berriro heldu die Berlusconik.

Merkatuek Italiaren zorraren gaineko presioa handituz erantzun diote Berlusconik erakutsitako ahulezia politikoari. Atzo, zorra merkatuz jaso zuen gobernuaren mugimendua.

Hurrengo bi urteotan aurrekontuetan 45.000 milioi euro aurrezteko eta defizita hutsean uzteko beste zenbait neurri zeuden moduan utzi ditu Italiako Gobernuak. Horien artean daude ministerioei bi urtean 8.500 milioi gutxiago ematea, udalei eta probintziei 7.500 milioi ez ematea, energia enpresen zerga berezia irabazien %6,5etik %10,5era igotzea, atzerrira dirua bidaltzen dutenek %2 zergetan pagatzea eta udal txikiak mankomunitateak sortzera behartzea.

Langileen eskubideak

Badago sindikatuen haserrea eragin duen beste neurri bat, enpresetako lan itunei lehentasuna emateko hitzarmen kolektiboen kaltetan. Horren bidez eta lan merkatua liberalizatzeko beste neurrien bidez lehiakortasuna handitu nahi duela argudiatu du Erromako gobernuak. Sindikatuek, berriz, langileen eskubideen urratzea ikusi dute, eta haien artean handiena, CGIL konfederazioak, hamarnaka mila langile kalera atera zituen atzo protesta egiteko. «Amildegiaren ertzean jarri gaituzte, eta pausoa atzera eman behar dugu», ziurtatu zuen Erroman Susanna Camusso CGILeko idazkari nagusiak. Sindikatu horrek uste du doikuntzaren zatirik handiena langileek, ikasleek eta pentsiodunek pagatuko dutela, eta gizarte zerbitzuak okertuko direla.

Manifestazioetan klase politiko «ustelaren» aurkako oihu gogorrak entzun ziren, eta Milanen arrautzak bota zituzten banku batzuen bulegoen aurka. CGILek deitutako zortzi orduko grebak jarraipen zabala izan zuen lantegi askotan eta garraio publikoetan, aireportuetan nagusiki.

Berlusconiren asmoa da legegaia aste honetan bertan pasaraztea, eta horretarako eztabaida eta zuzenketak trabatzen dituen prozedura hautatu du. Senatuak gaur bertan bozkatuko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.