Brexit

Merkatuak lasaitu nahian dabil Cameronen gobernua

Erresuma Batua ekonomia "funtsean indartsua" dela esan du Ekonomia ministroak, baina ez du atzeraldirik baztertu

George Osborne. WILL OLIVER. EFE
Iker Aranburu.
2016ko ekainaren 27a
08:31
Entzun

Ostiraleko danbatekoaren ondoren, finantza merkatuek Erresuma Batua zigortzen jarraitzen dute Europako Batasunetik irtetea erabakitzeagatik. Joan den asteko azken saioan dolarrarekiko %8 galdu ondoren, gaur beste %2tik gora ari da uzten libera esterlina. eta euroarekiko ere jaisten ari da, baina gutxiago (%1,5 inguru).

Londresko burtsa ere jaisten ari da, batez ere bankuen ondorioz. Ingalaterrako Bankuak nabarmendu du 2008ko krisian baino sendoago daudela orain, baina inbertitzaile asko beldur dira eta bankuen akzioak saltzen ari dira. Royal Bank of Scotlanden eta Barclaysen akzioen kotizazioa eten dute, %10etik gora ari zirelako galtzen.  Galera handiak izaten ari dira aseguru etxeak ere. Brexita baieztatu denetik, Europako bankuek batez beste beren balioaren %20 galdu dute.

Batez ere merkatuak baretzeko agerraldia egin du gaur goizean George Osborne Erresuma Batuko Ekonomia ministroak. Batetik, agindu du ez duela oraingoz kargua utziko, "erantzukizunagatik", eta "oso gogor egin beharko delako lan [brexit-aren] ondorioak txikitzeko, eta jendeari oroitarazteko ekonomia britainiarra funtsean indartsua dela".

Kanpainan zehar Osbornek ohartarazi zuen EBtik irteteak kalte handia egingo ziola Erresuma Batuko ekonomiari. Iritzi horri eusten diola baieztatu du. "Ekonomiak egoera berrira egokitu beharko du". Hori bai, brexit-a balego indarrean jarri beharreko gastu publikoaren murrizketa eta zergen igoera gogorrak oraingoz tiraderan jarraituko duela baieztatu du.

"Ez da nabigatze lasaia izango"

Osbornek ez du argitu zehazki zer egingo duten Brexitaren balizko ondorio ekonomiko txarrei aurre egiteko, baina nazioarteko eragile ekonomiko boteretsuenekin koordinatuta dabilen irudia zabaldu nahi izan du. Azken egunotan EBko beste finantza ministroekin, Nazioarteko Diru Funtsarekin, banku zentralekin eta AEBetako Gobernuarekin harremanetan izan dela esan du. "Ez da nabigatze lasaia izango, baina argi utzi nahi dizuet ez duzuela geure asmoa gutxietsi behar. Espero ez genuenerako prest gaude, eta gerta daitekeenaren aurrean prest gaude".

Gerta daitekeena da merkatuen urduritasuna zabaltzea, bankuak likidezia galtzea eta oraingoz finantza mundura mugatutako zalantzak ekonomia osora zabaltzea. Ez dute giroa asko lasaituko Citytik iristen ari diren berriek. Nazioarteko banku batzuek iradoki dute Londresen dituzten operazioak murriztuko dituztela, eta beste finantza gune batzuetara joko dutela Europako Batasuneko merkatu bakarraren abantailez baliatzeko. Dublin, Frankfurt eta Paris dira gehien aipatutakoak.

EBA badoa?

Instituzionalki ere izango dira aldaketak. EBko bankuak zaintzen dituen erakundeetako bat, Europako Banku Agintaritza, aztertzen ari da EBko beste hiri batera lekutzea.

Cityn bildutako finantza mundua da Erresuma Batuko ekonomiaren parte inportanteena. Barne Produktu Gordinaren %12 dakar, eta 2,2 milioi lagun enplegatzen ditu, horietatik milioi bat bankuetan, aseguru etxeetan eta funtsen kudeatzaileetan.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.