Langile klasea aztergai. Geroari begira

Merkatuaren kontra, talkan

Enplegua lortzeko aukera urriak eta lanpostuen prekaritateak kezkatzen ditu gehien ikasleak. Ikasitakoarekin lotura duen enplegua topatzea zaila izango zaiela uste dute, gainera.

Lohizune Amatria.
2015eko apirilaren 26a
00:00
Entzun
Burujabetza ekonomikoa eta soziala. Hori da Mirari Zabalza, Leire Barberena, Maitena Aierbe eta Ander Goikoa ikasleek etorkizunerako nahi dutena. «Indibidualki eta kolektiboki». Zabalzak argi adierazi du, baina, ez dela erraza izango: «Merkatua erdigunean izatetik bizitza erdigunean izatera igarotzeko ezinbestekoa da aldaketak ematea; eta horretan eragitea ezinbestekoa ikusten dut». Laster amaituko dituzte ikasketak; lan merkatuan sartzeko. Erronka ez da makala, Zabalzaren hitzetan: «Beti talkan egongo dira merkatuaren menpe bizitzera derrigortzen gaituen sistema eta sortu nahi duguna».

Euskal ikasketak egiten ari da Zabalza, Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizen duen fakultatean, baina Orbaizetakoa da (Nafarroa). Gustuko du ikasten duena; hala ere, lana bilatzeko orduan, bestelako hobespenak ditu: «Nire herrian geratzea da nire lehentasuna. Herrian bizi nahiko nuke, eta horretarako bertan lan egitea ezinbestekoa ikusten dut». Gazteek lanpostu berriak sortu edo egun daudenei bizia eman behar diela uste du.

Gero eta lanpostu prekario gehiago daudela salatu du Zabalzak; eta ikasketak amaitzean horrelakoak aurkituko dituela dio: «Nire inguruko gazteei gertatzen zaien moduan, epe motzeko edo lanaldi erdiko enpleguak izango dira topatuko ditudan eskaintza nagusiak». Lanpostu finkoa lortzea urrun sumatzen du, gainera: «Behin ordaindutako enplegua edukita, enplegua erregulatzeko espedienteetan ikusten dut nire etorkizuna».

Antzera iritzi dio Leire Barberenak ere. Gizarte Lana ikasten ari da Nafarroako Unibertsitate Publikoan, eta hurrengo urtean amaituko du: «Esperantza gutxirekin nago; alde batetik, lana lortzeko aukera urriengatik; eta, bestetik, lortuz gero, izango ditudan lan baldintzengatik. Sobera adibide ditugu sortzen ari diren lan eskaintza prekarioekin».

Ikasketekin lotutako enplegua nahi izanez gero ikasten jarraitzea ezinbestekoa dela uste du Zabalzak: «Derrigortuak gaude ia». Baina ikasteko aukerez kritiko da: «Azken urteotan unibertsitateetan izaten ari diren etengabeko erreforma zentzugabeak ikasteko eskubidea murrizten ari dira, aukera gutxi batzuen eskura utziz». Gurasoen lanari esker dira unibertsitatean Zabalza, Goikoa, Barberena eta Aierbe. Argi dute hori laurek.

Donostian ikasten du Ander Goikoa iruindarrak. Medikuntzako bosgarren urtean da, eta datorren urtean bukatuko du. Ikasten jarraitu beharko du, baina. Unibertsitatetik kanpo. Barruko mediku egoiliar izateko azterketa 2017. urtean egin nahi du; eta ez du zail ikusten ondoren ikasketekin lotutako lanbiderik lortzea: «Azterketa egin, eta postua lortuz gero, egoiliar gisa sartuko nintzateke ospitale edo osasun etxeren batean lanera». Aukeratutako espezialitatean aritzea izango da zailena. «Gainera, etorkizunean nire herrian lan egitea da nire lehentasunetako bat».

Medikuntzan komunikazioa oso garrantzitsua dela uste du Goikoak, eta horrek mugatzen du gehien atzerrira joateko aukerez pentsatzean: «Asko landu beharko nuke beste hizkuntza batean lan egiteko». Dena den, ez ditu ateak guztiz itxi nahi. Egungo egoerak bere horretan jarraituz gero, ez luke aukera guztiz baztertuko. «Tamalez».

Maitena Aierbe beasaindarrak duela urtebete hartu zuen kanpora joateko erabakia: Bartzelonan ari da Zuzendaritza Artistikoko graduondokoa ikasten, ESCAC zinema eskolan. Amaitzean, zinemaren munduan jarraitu nahi du, ziur aski Bartzelonan, merkatua handiagoa baita han. «Masterra egin bitartean ezagutu ditudan hornitzaileek, zuzendariek edota argazki zuzendariek Bartzelonan geratzeko asmoa dute; kontaktu horiek guztiak galdu egingo nituzke Euskal Herrira bueltatuz gero». Katalunian lanik topatu ezean, bi aukera datozkio burura Aierberi: Madrilera edo Latinoamerikara joatea. Bartzelonan aukerarik baduela iruditzen zaio, baina. «Proiektu handiagoetan sartzeko bideak ireki zaizkit, eta uste dut gai izango naizela ikasitakoarekin lotuta profesionalki lan egiteko».

Kontratuaren aurkakoa

Ostalaritzan ibili da orain arte Barberena, asteburuetan eta udako oporraldietan. «Ostalaritzako ordutegiak gutxitan dira erosoak», aitortu du. Antzera iritzi dio Zabalzak ere. Zerbitzari lanetan ibili da hura: «Ordutegia malgua izan da askotan, kontratuan kontrakoa jarri arren». Azken hiru urteetan Iruñeko supermerkatu batean aritu da, berriz, Goikoa. Lau orduz lan egiten zuen, astelehenetik larunbatera. «Asteko zazpi egunetatik seitan lanera joan behar izateak asko murrizten zizkidan udan egin ahal nituen gauzak». Lan egiten zuen ordu kopuruarengatik soldata egokia zuela iritzi dio.

Etorkizunean egingo duen lanaren trukeko soldatak kezkatzen du, baina, Goikoa. Itxaropenik badu, halere: «Bizi maila izango dudan lanaren araberakoa izango da, noski. Baina, mediku gisa lan eginez gero, ez da kexatzeko modukoa izango». Bestelako lehentasunak ere baditu. Osasun zerbitzua euskaraz eman nahiko luke; nahiz eta uste duen Nafarroan zaila izango zaiola.

Soldatapeko lana lortzeko aukerak asko murriztu direla uste dute lau ikasleek. Eta egoerak gizartean eragina izango duelakoan dago Barberena: «Etorkizunean ezingo da mantendu gaur egun dagoen pentsio sistema».

Ez du uste gurasoen egoera bera izango duenik. «Hobea edo okerragoa?», galdegin dio bere buruari. Argi du zeren araberakoa izango den: «Gizartearen erantzuna zein den ikusi beharko dugu». Ikasle eta herritarrek lan merkatuaren «bidegabekerien» kontra egin behar dutelakoan dira ikasleak. Konpromisoa hartu du Aierbek: «Bizitzako aspektu asko hobetu daitezkeela uste dut, eta hori lortzea gure eskuetan dago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500