Merkatuek eta CEOEk bizkor jokatzera bultzatu nahi dute Raxoi

Espainiaren arrisku primak goia jo du, eta %7tik gorako interesa pagatu du bonuen truke, handiena 1997az geroztikBezperan ez bezala, EBZk zorra erosteak lortu du merkatuen presioa arintzea

Iker Aranburu.
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
E egun horietako bat zen atzokoa Espainiarentzat zor merkatuetan, eta, nola ez, gaizki atera zen. Batetik, Espainiaren arrisku sariak euroa sortu zenetik mailarik handiena lortu zuen, 500 puntura iritsita. Bestetik, Espainiako Altxorrak %7,008ko interesa pagatu behar izan zuen hamar urteko bonuen truke. 3.562 milioi euro saldu zituen; eta agian larriagoa dena, aurrekoetan baino erosle gutxiago erakarri zituen. Pezetaren garaira joan behar da, 1997ra arte, Espainian ehuneko zazpitik gorako interesa ikusteko.

Azken hilabeteotan arrisku sariaren azpiko prezioetan saldu zuen Espainiak bere zorra, baina atzo kontrakoa gertatu zen. Bigarren merkatuetan Espainiaren hamar urteko zorra %6,7ko errentagarritasuna ematera iritsi zen.Arrisku saria —Alemaniako hamar urteko bonuarekiko aldea— 499 puntura heldu zen.

Bezperan bezalaxe, Europako Banku Zentralak esku hartu behar izan zuen Italiaren eta Espainiaren zorra erosita; baina, bezperan ez bezala, lortu zuen bere helburua, arrisku sariak asko jaitsi baitziren. Espainiarenak 460 puntuan itxi zuen, asteazkeneko mailan. Frantziarena, 202 punturekin errekorra hautsi ondoren, 174ra jaitsi zen —bezperan 190era—. Belgikak ere 319 punturekin jo zuen goia, baina 300era jaitsi zen gero. Italiaren kasuan eragina handiagoa izan zen, 519tik 495era txikitu baitzen. Marka joan den astean jo zuen, 574 punturekin.

Frantziak ere egun garrantzitsua zuen atzo merkatuetan. 9.700 milioi euro bildu zituen, epe desberdinetan itzultzeko. Aurreko jaulkipenetan baino gutxienez puntu erdi gehiago pagatu behar izan zuen. Hala ere, hamar urteko bonua arrisku primatik oso urrun geratu zen: %2,32an saldu zuen, eta bigarren merkatuetan %3,6an itxi zuen.

CEOEren eskaera PPri

Espainian kezka handia sortu zuen %7ko interesa pagatu behar izateak, muga horretatik goiti hasi baitira estatu batzuk nazioarteko erreskatea eskatzen. Elena Salgado Ekonomia ministroak ziurtatu du halakorik ez dela gertatuko, eta merkatuen «urduritasunari» egotzi zion hainbeste pagatu behar izatea. Espainiak diru hori pagatzeko modua duela esan du Salgadok, baina gutxiago pagatzea «merezi» duela.

Urduritasuna hedatu da PP alderdira ere, aldarrikatu dutenaren aurka, Mario Raxoiren garaipena gertu egoteak —etzi dira bozak— ez baititu merkatuak lasaitu. Agintaldiaren hasiera-hasieratik oso neurri gogorrak hartzeko presio handia jasaten ari da, merkatuen partetik ez ezik, baita Madrildik bertatik ere.

Atzo, CEOE patronalak «bizkor eta gogor» jokatzeko eskatu zion Raxoiri, eta garai bateko proposamena berreskuratu zuen: gazteei aprendiz kontratua egin ahal izatea, eta haren truke gutxieneko soldatatik —641 euro hilean— behera pagatu ahal izatea gehienez hiru urte eta erdiz. Enpresaburuen elkartearen beste bi eskaera nagusiak PPren hauteskunde programan azaltzen dira: lan merkatuaren erreforma sakona —kaleratzea merkatzeko— eta negoziazio kolektiboarena, enpresetako lan itunak sektorekakoei gailentzeko.

Kaleratzeak Irlandan

Erreskatea jaso zuen duela urtebete Irlandak, eta hark behartutako murrizketak indarrean jartzen ari da. Aurki neurri gehiago iragarriko ditu aurrekontuetan, baina atzo administrazioaren berrantolaketa aurkeztu zuen Enda Kenny lehen ministroak. Hiru dira puntu nagusiak. Batetik, funtzionario kopurua txikituko dute: hemendik 2015era bitarte beste 14.500 lanpostu publiko ezabatuko ditu. 2008an funtzionarioen kopuruak goia jo zuenetik, murrizketa %12koa izango da. Gainera, opor egunak kenduko dizkiete. Bigarrenik, bertan behera utziko dute hainbat erakunde Dublindik beste hiri batzuetara eramateko dezentralizazio plan «zentzugabea». Azkenik, 48 agentzia publiko ezabatu edo beste batzuekin bilduko dituzte.

Grezian, berriz, milaka lagun kalera irten dira Atenas erdialdean diktaduraren aurkako ikasleen altxamenduaren 38. urteurrena ospatzeko. Lehen manifestazio handia izan da Lukas Papademos buru duen batasun nazionaleko gobernua sortu dutenetik. Gobernu horren aurkako oihuak izan ziren nagusi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.