«Espero dugu Adegik astearteko bilera baliatuko duela gatazka desblokeatzeko, bestela, lanean hasiko gara, datozen greba egunak prestatzeko». Joan den astean ELAk eta LABek egindako adierazpenak dira. Atzoko egunak, ordea, ez zuen berritasunik ekarri. Aurrez iragarri bezala, Adegi eta Euskadiko CCOOko ordezkariak ez ziren agertu Gipuzkoako metaleko negoziazio mahaira. Hala, zazpi eguneko greba deialdiari eutsi diete ELAk eta LABek. «Arrakastatsuak» izango direla uste dute.
Negoziatzeko «borondatearekin» jarraitzen dutela nabarmendu zuten atzo Unai Martinez eta Alberto Cristobal ELA eta LABeko metaleko arduradunek. Eta horren adibide, bi greba egun alde batera utzi dituztela adierazi zuten. Adegiri, ordea, hamar hilabetean «bere proposamen atzerakoitik komarik ere ez mugitzea» leporatu zioten. «Gelditzen den denbora tarte honetan erabaki beharko du Adegik benetan hitzarmena nahi duen edo ez».
Patronalaren «desinformazio» kanpaina eresalatu zuen bi sindikatuek, eta orain artean lanaldiaren eta malgutasunaren igoera eta soldatak lehengo mailan uztea bakarrik proposatu dituela azaldu zuten.
Joan den astean hautsi ziren patronalaren eta sindikatuen arteko harremanak. Adegikbaldintza bat jarri zien sindikatuei negoziazioekin jarraitu ahal izateko: greba egunak bertan behera uztea. ELAk eta LABek lehen biak ezeztatu zituzten, baina gainerakoak ez, negoziazioek zer ematen zuten ikusi arte. Hala, joan den asteazkenean mahaitik altxatu ziren patronaleko ordezkariak. Aldaketarik ezean, urriaren 12an, 14an, 15ean eta 16an izango dira lehen hiru greba egunak. Hurrengo laurak azaroaren 2an, 3an, 4an eta 5ean.
CCOOk autokritika egiteko eskatu die ELAri eta LABi. «Bata bestearen atzeko grebekin, deialdien ezeztapen partzialekin eta gainerako zentzugabekeriekin inora ez doan bidaia abiatu dute».Zarata handia egin arren, CCOOk Bizkaian eta Araban lortu baino eduki apalagoak planteatu dituztela azaldu du.
Greba Troquenorren
Atzotik mugagabeko greban dira Troquenorren ere. Automoziorako piezak egiten dituzte Sondikako enpresan. Gaur egun konkurtso legean daude 165 langileak. Aldi baterako lau espedienteren ostean, 38 langile kaleratu nahi ditu orain zuzendaritzak. Ez daudela ados diote langileek, «gaur egun denentzat adina lan karga dagoelako». Kaleratzeena enpresaren «estrategia» dela uste dute, produkzioaren zati bat prezio merkeagoan azpikontratatu ahal izateko. Grebaz gain, elkarretaratzeak egingo dituzte Jaurlaritzaren eta lan arloko epaitegiaren aurrean.
Metaleko grebari eutsi diote, Adegi ez delako joan bilerara
Aurrekoen erantzuna ikusita, protestak «arrakastatsuak» izango direla uste dute ELAk eta LABek
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu