Araba, Bizkai eta Gipuzkoa osorako metalgintzako lan hitzarmenik ez da izango. Lurraldekako lan itunak aurrera ez zihoazela ikusita, hirurentzako hitzarmen bakarra osatzea proposatu zuten LABek eta CCOOk, baina saio horrek ere huts egin du, Confebaskek uko egin diolako horretan parte hartzeari. Negoziazio mahai horren bidez, Espainiako Gobernuak onartu berri duen lan erreformak eraginik ez izatea nahi zuten sindikatuek. Patronalak, baina, justu kontrakoa nahi du: lan erreforma erabili.
LABek dio patronala «deseroso» sentitzen dela lan eremu horretan, eta horregatik baztertu duela negoziazio mahaia. Hori horrela, LABek eta CCOOk ez dute baztertzen metalgintzarako ez ezik, beste sektore guztiak ere barne hartuko lituzkeen akordio bat lortzea. CCOOk adierazi duenez, Confebaskek «atea ireki» dio aukera horri. Lan erreformak patronalari emandako aldebakarrekotasuna kentzeko tresna gisa ikusten du LABek akordio hori.
ELAren esanetan, baina, Confebaskek nahiago du lan erreforma aplikatu. Gainera, dio erreforma horrek izan ditzakeen ondorio guztiak«mugatzeko» neurriak ukatu dituela patronalak, eta jarrera hori erakutsi duela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan irekita dauden negoziazio mahaietan.
ELA indarrean dauden lan baldintzak mantentzearen alde azaldu da, eta enpresako lan hitzarmen bidez metaleko langileen lan baldintzak hobetzeko neurriak hartu behar direlakoan dago.
Mobilizazioetarako deia
Mobilizazioetarako deia egin dute LABek eta CC.OOk. LABen iritziz, irekita dauden negoziazio mahaietatik sustatu behar dira horiek, eta mobilizazioak antolatu ditu irailerako. Ildo beretik jo du CC.OOk ere; izan ere, adierazi du presioa egiten jarraituko duela negoziazio mahaietan, eta mobilizazioetarako deia egingo duela kaleetan.
LABek uste du Confebask Madrilera begira dagoela. Hori hala, «konfrontazio sektorialaren» alde egin du, haren esanetan, hori baita patronalak jarritako blokeoa gainditzeko bidea, eta Euskal Herriko errealitatera ekartzeko modua. Era berean, azaldu du estatu osoko «hitzarmenik onenak» dituztela Euskal Herrian.
CCOOren ustez, lan merkatuan gerta daitekeen «desarautze basatiak» sortutako hausnarketa autokritikoaren barnean dago Confebaskek izandako jarrera aldaketa. Lurraldekako hitzarmenak desagertzeak lehiakortasun desleiala, desberdintasunak eta gatazkak ekarriko dituelakoan dago. Hori dela eta, patronalak denbora irabazteko egindako maniobra ez izatea espero du.
Metalgintzako negoziazio mahaia osatzea eragotzi du Confebaskek
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan sektore arteko akordio bat lortzeko aukera ikusten dute LABek eta CCOOk
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu