Metalurgiaren gainbehera salatu du LABek: 164 enpresa eta 4.500 langile gutxiago azken hamabost urteetan

Industriak Hego Euskal Herrian izan duen bilakaera ikertu du sindikatuak, eta ondorioztatu lan baldintzarik onenak dituzten azpisektoreak ahultzen ari direla.

Metalgintzako langile bat. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Metalgintzako langile bat. MARISOL RAMIREZ /FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2026ko ekainaren 24a
13:55
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hego Euskal Herriko industriaren eta haren azpisektoreen erradiografia egin du LAB sindikatuak, eta, hura aztertu ostean, lau ondorio ezkorretara iritsi da: «Lantaldeak murrizten ari dira, eta enplegua beherantz egiten ari da; laguntza publikoek ez dute sortzen behar bezalako onura sozialik; inbertsio produktiboa ahultzen ari da; lan baldintzak okertzen ari dira». Diagnosia Kris Getek egin du, sindikatuko industria federazioko ordezkariak. 

Industriak azken hamabost urteetan izan duen bilakaera aztertu dute sindikatuko ekonomialariek. Gorka Vidal ikertzaileak azaldu duenez, Gizarte Segurantzako datuetan oinarritu dira txostena egiteko. Urte horietan «nabarmen» murriztu da industria sektoreko enpresen kopurua: iazko abenduan 8.551 ziren, 2011n baino 2.508 gutxiago. 

«Lantaldeak murrizten ari dira, eta industria enplegua beherantz egiten ari da; laguntza publikoek ez dute sortzen behar bezalako onura sozialik; inbertsio produktiboa ahultzen ari da; lan baldintzak okertzen ari dira»

KRIS GETE LAB sindikatuko Industria Federazioko arduraduna

Galbahea fintzen jarrita, gainbeherarik nabarmenena metalurgian egon dela azaleratu du ikerlanak. Gaur egun, burdinazko, altzairuzko eta ferroaleaziozko produktuak fabrikatzen dituzten 164 enpresa gutxiago daude. 2011rekin alderatuta, 4.577 langile gutxiagok dihardute azpisektore horretan.  

Azken urteetan enpleguak gora egin du Hego Euskal Herrian, baita industria mota batzuetan ere. Vidalen ustez, baina, tentuz aztertu behar dira datu horiek; haren iritziz, azpisektore horietan sortzen den enpleguaren kalitatea «ahultzen ari diren sektoreetakoa baino eskasagoa baita».

Eta zeintzuk dira azpisektore horiek? Elikagaien industria, 4.707 langile gehiago azken hamabost urteetan; farmazia produktuen fabrikazioa (1.750 langile gehiago) eta ibilgailu motordunen, atoien eta erdi-atoien fabrikazioa: 2.191 langile gehiago eta 60 enpresa gutxiago. 

BSH, Sunsundegui, Mecaner...

Hamabost urte atzera egitea oso urrun joatea da industrian. Tartean krisiak egon dira, pandemia… «Enplegua hobea duten» azpisektore batzuek 2022ko urtarriletik eginiko bidea ere arakatu dute. Ibilgailu motordunetarako beste osagaiak, etxetresna elektrikoak, kautxu sintetikozko osagaiak eta burdin urtua darabiltzaten enpresei erreparatuz gero, 2.603 enplegu galdu dituzte. Hor sartzekoak dira azken urteetan porrot eginiko zenbait konpainia: Mecaner, Sunsundegui, BSH...

Ikertzaileen ustez, datu horiek erakusten dute industria ehuna ahultzen ari dela, eta, hori eragozteko laguntza publikoak erabili diren arren, «enpresa askok», multinazionalek bereziki, ez dutela konpromisorik erakutsi lurraldearekin, eta errentagarritasuna lehenetsi dutela: «Ez dago laguntza publikoen itzulketa soziala bermatzen duen baldintzarik», salatu du ekonomialariak. 

mecaner
Mecaner troklegintzako langileen protesta. Haren itxiera ere aipatu dute ikerlanean. ARITZ LOIOLA / FOKU

Ahultze prozesu horrek lan merkatuan duen eragina honela laburbildu du LABek: «Enplegu prekarioa gero eta gehiago ari da ordezkatzen enplegu egonkorra». Halaber, talentuaren ihesarekin lotu du, eta industriak hain beharrezko duen giza kapitala galtzeko arriskuarekin: «Baldintzak hobetu ezean, langile trebatuek beste herrialde edo sektore batzuetara joko dute».

«Industriako lan baldintzak hobetu ezean, langile trebatuek beste herrialde batzuetara edo beste sektore batzuetara joko dute»

GORKA VIDAL LAB sindikatuko ekonomialaria

Konponbidearen bila jarrita, Getek kritikatu du industriaren inguruko eztabaida oker bideratu izana. Eredu gisa jarri du zenbait sektoreri armagintzara begiratzeko iradoki dietela, «opakutasun handiz eta atzeko atetik». Trantsizio hori, baina, diru publiko asko jarrita hornitu dela salatu du, eta enplegu gehiago sortu ahal izango zela diru publiko hori beste sektore batzuetara bideratuz gero. 

Panorama hain ilun ikusita, zer proposatzen du LABek? Lau ardatz nagusi: trantsizio industrial planifikatua; diru publikoari baldintzak jartzea, «deslokalizazioak» eta «dibidendu banaketa handiak» eragotziko dituena; langileak erabaki zentroetan sartzea eta haien erabakia kontuan hartzea; eta lan baldintza duinak bermatzea: lan banaketa, lanaldi murrizketak…

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA