Lan gatazkak

Michelin: koska bat estutu daiteke lan gatazka

Gasteizko lantegian hirugarrenez egingo dute greba bihar, eta lanuzteekin jarraitu edo ez erabakiko dute astelehenean. Sindikatu guztiek baztertu dute zuzendaritzaren proposamena.

Protesta jendetsuak egin dituzte asteon Michelineko langileek. LAB SINDIKATUA
aitor biain
2023ko ekainaren 9a
15:23
Entzun

Michelinen Gasteizko lantegiko lan gatazkak beste molde bat har dezake datozen egunetan: koska bat estutu daiteke, baldin eta langileek lanuzteekin jarraitzea erabakitzen badute. Orain arteko bi greba deialdiek oihartzun zabala izan dute, eta ekoizpena guztiz geratzea lortu dute. Bihar hirugarrenez daude lana uztera deituta 3.500 behargin inguru; bizikleta martxa egingo dute goizean, lantegiaren sarreratik hasi eta Andre Maria Zuriaren plazaraino, «lan hitzarmen duina» aldarrikatzeko.

Gaur-gaurkoz, sindikatu guztiek baztertu dute zuzendaritzaren proposamena. Hala azaldu dio zentro arteko batzordeak zuzendaritzari gaur goizeko bileran. Mahai horretan ari dira Gasteizko lantegiko lan baldintzak negoziatzen, hitzarmen bateratua baitute Gasteizko eta Aranda de Dueroko, Valladolideko eta Almeriako fabrikek.

CCOOk dauka mahai horren agintea —baita Gasteizko plantako langile batzordearena ere—, eta haren afiliatuek ezetz esan diote zuzendaritzaren proposamenari asteon. Proposamenaren aurka azaldu dira, halaber, CSIF eta UGT sindikatuei atxikitako langileak ere. Bada, sindikatuek proposamenari uko egitea erabakigarria izan daiteke, gatazka are gehiago luzatu eta estutu baitezake.

Ikusteko dago, halere, gainerako sindikatuek egindako mobilizazio deialdiekin bat egingo duten edo ez; orain arte ELAk, LABek, ESK-ak eta CGTk deitu baitituzte langileak grebara. Enpresa batzordean gutxiengoa dute sindikatu horiek, baina babes zabala izan dute manifestazioetan. Bada, afiliatuen iritzia entzun ondoren, espero dute batzordean gehiengoa duten sindikatuek jarrera aldatuko dutela, eta greba deialdiak babestuko dituztela. Mezu hori helarazi diete, bederen.

Astelehenean, asanblada
Astelehena egun erabakigarria izan daiteke gatazkak zer bide hartuko duen erabakitzeko. Gasteizko lantegiko langileek asanblada egingo dute goizean, protestekin jarraitu edo ez adosteko. Izan ere, ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek lau egunera deitu zuten hasieran, eta astelehena izango da azkenekoa.

Michelineko zuzendaritzak adierazi zuen ez zuela beste proposamenik egingo, eta mahai gainean dagoena izango zela azkena. Gaurko bileran, bada, ez da berritasunik espero. Zuzendaritzak %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023rako, %3koa 2024rako, %2koa 2025erako, eta %2koa 2026rako. Sindikatuek nahi dute, ordea, soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.