Lan gatazkak

Michelinek bilerara deitu ditu sindikatuak

Sindikatuek gaur arteko epea eman zioten zuzendaritzari beste bilera bat antolatzeko. Horren arabera, lanuzteekin jarraitu edo ez erabakiko dute langileek.

Mobilizazio jendetsuak egin dituzte azken egunotan. LAB SINDIKATUA
aitor biain
2023ko ekainaren 12a
11:16
Entzun 00:00:0000:00:00

Sindikatuen eskaerak badu erantzuna: Michelinek bilerara deitu langileen ordezkariak biharko. Zentro arteko batzordeak hala eskatu zion zuzendaritzari ostiralean, eta hiru eguneko epea eman zion horretarako. Burgosen izango da lan ituna negoziatzeko bilera, 11:00etan.

Bilerarako deialdia Gasteizko lantegiko protesta egunarekin etorri da. Izan ere, laugarren greba eguna –eta oraingoz azkena– dute Michelinen Gasteizko lantegian. Eta, gaur ere, oihartzun handia izan du sindikatuek antolatutako deialdiak. Adierazi dutenez, aurreko asteko lanuzteen antzeko erantzuna izan du: ekoizpen kateko beharginen %95 ez dira lanera joan, eta, ondorioz, lantegia ia erabat geldituta dago.

ELA, LAB, ESK eta CGT sindikatuek deitu dute lanuztera, baina gainerako sindikatuen babesa izan dute. Zuzendaritzak egindako azken proposamena baztertu ostean, protestara batzea erabaki baitzuten CCOO, UGT, CSIF eta CCM sindikatuek. Azken lau horiek dute gehiengoa langile batzordean.

Ikusteko dago, halere, lan gatazkak zer bide hartuko duen. Enpresak lan ituna negoziatzeko bilera batera deitu ezean, ekainaren 19an eta 23an greba egingo dute Michelinen lantegi guztietan, zentro arteko batzordeak ohartarazi duenez. Izan ere, Gasteizko fabrikako lan baldintzak ez ezik, Aranda de Dueroko, Valladolideko eta Almeriako lantegietako lan hitzarmenak ere negoziatzen ari dira mahai berean.

Denak baterab>
Biharko bilerak zer emango zain daude sindikatuak, lanuzteetan jarraitu edo ez erabakitzeko. Erabakia, dena den, zentro arteko batzordean hartuko dute azkenean, langileek hala eskatuta. Lan itunaren negoziazioan elkarrekin egin nahi dute bidea, greba deialdiak hasiera batean sindikatuen arteko zatiketa eragin bazuen ere.

>Edonola ere, sindikatu guztiek bat egin dute aldarrikapen nagusiarekin: erosteko ahalmena berreskuratzea nahi dute, soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotuz. Baita lanaldia murriztea eta behin-behinekotasuna murriztea ere.

Michelinek %12ko soldata igoera eskaini zien datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023rako, %3koa 2024rako, %2koa 2025erako, eta %2koa 2026rako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.