Michelinen Gasteiz eta Lasarteko lantegiak ia erabat geratu ditu grebak

Gasteizen %93ko erantzuna izan du, sindikatuen arabera; Lasarte-Orian, berriz, %100ekoa

Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin lantegiko grebalariak atzo arratsaldean egindako manifestazioan. GORKA RUBIO / FOKU.
inaut matauko rada
2023ko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Greba eguna izan zuten atzo Michelin multinazionalaren Gasteizko eta Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) lantegietako langileek, eta, sindikatuek adierazitakoaren arabera, ekoizpena guztiz geratzea lortu zuten zentro bietan. Lasarte-Oriako zentroko enpresa batzordeak aho batez esan zion ezetz zuzendaritzaren proposamenari, eta Gasteizen gutxiengoa duten sindikatuek deitu zuten grebara. Txanda aldaketa bakoitzean lantegien atarian protestak egiteaz gain, manifestazio bana egin zuten arratsaldean.

Gasteizen, espero gabeko oihartzuna izan zuen greba deialdiak: langileen %93 batu ziren ekoizpenean, sindikatuen arabera. Enpresa batzordean gutxiengoa duten sindikatuek deitu zuten mobilizaziora —ELA, LAB, CGT eta ESK—, gehiengoa duten sindikatuek —CCOO, UGT, CSIF eta CCM— ez baitzuten deialdia babestu. Hori, baina, ez zen oztopo izan gainontzekoentzat, eta ekoizpena geratzeko nahikoa babes izan dutela adierazi zuten.

Denera lau greba egingo dituzte han ere: atzo ez ezik, bihar, larunbatean eta datorren astelehenean ere lana uztera deituta daude langileak. Ostirala izango da gakoa, zentro arteko batzordeak zuzendaritzaren azken proposamenari buruzko iritzia adierazi beharko baitu egun horretan. Ordezkaritzarik handiena duen sindikatuak, CCOOk, bihar emango du zuzendaritzaren proposamenari buruzko iritzia.

Lasarte-Orian ere greba egin zuten atzo, langile batzordean ordezkaritza duten sindikatu guztiek deituta —LAB, CCOO, UGT eta ELA—, eta horiek ere produkzioa «guztiz etetea» lortu zuten, Jon Martin enpresa batzordeko LABeko ordezkariaren hitzetan: «Ekoizpenean, erantzuna erabatekoa da: %100ekoa. Gainontzeko alorretan oso zabala da, eta hori azpimarratu nahi dugu. Egia da arduradun batzuk lanera sartu direla, baina besterik ez. Ekoizpena erabat geldituta dago, eta lantokia hutsik dago».

Bi zentro, bi itun

Gasteizko eta Lasarte-Oriako lantegietan ez dute hitzarmen bera. Gasteizkoa Espainiako bi lantegirekin batera dago zentro arteko mahai batean, eta hitzarmen bateratua dute: Arandakoarekin eta Valladolidekoarekin. Lasarte-Oriako lantegian, berriz, hitzarmen eta enpresa batzorde propioa dute. Hala ere, Martinek adierazi zuen zuzendaritzak proposamen oso antzekoak egin dituela bietan.

Joan den asteartean izan zen Lasarte-Oriako zuzendaritzaren eta sindikatuen arteko azken negoziazio bilera, eta zuzendaritzak adierazi zuen bertan aurkeztu zuen proposamena azkena izango zela. Hori dela eta, ez dago beste bilera egunik, eta Martinek adierazi zuen enpresa presionatzea dela grebaren eta mobilizazioen helburuetako bat.

Lasarte-Oriako enpresa batzordearen eta Gasteizkoaren mugimenduak ezberdinak dira. Lasarte-Oriako enpresa batzordeak aho batez onartu zuen greba deialdia, baina Gasteizen arazo handiagoak egon dira. Izan ere, ordezkari gehien duten sindikatuek ez dute grebarako deirik egin.

Gasteizen 3.300 langile daude, eta gurpilak egiten dituzte kamioientzat eta obra publikoetako ibilgailuentzat. Gipuzkoako lantegian, berriz, bostehun pertsonak egiten dute lan, eta motorretarako gurpilak egiten dituzte.

Inflazioaren eragina

Michelinek %12ko soldata igoera eskaini du datozen lau urteetarako: %5ekoa 2023rako, %3koa 2024rako, %2koa 2025erako, eta %2koa 2026rako. Sindikatuek nahi dute, ordea, soldata kontzeptu guztiak inflazioarekin lotzea; izan ere, hortik kanpo geratu dira malgutasun pizgarria eta gaueko lanaren pizgarria: «Ekoizpenean lan egiten duten langileen %80k baino gehiagok pizgarri horiekin egiten dute lan, eta haien soldataren %20 inguru dira».

Horregatik eskatu dute sindikatuek, hain zuzen ere, KPIa «tranparik gabe» bermatzeko. 2022an iraungi zen Michelin lantegiko azken hitzarmena, eta azken hitzarmen horretan, soldatak ez zeuden KPIaren aldaketei lotuta. Hala, Martinek adierazi zuen oinarrizko soldatetan erosahalmena %9 jaitsi dela, eta pizgarrietan, berriz, %13.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.