Microdecoko enpleguaren defentsan protesta egin dute Ermuan

Greba mugagabearen erantzuna %100ekoa dela adierazi du ELAk, 34 kaleratze ekiditeko.

inaut matauko rada
2023ko azaroaren 17a
17:05
Entzun

Ermuko (Bizkaia) Microdeco enpresan enplegua galtzen ari direla salatu dute gaur ELA, LAB eta CCOO sindikatuek deituriko manifestazioan. Duela bi urtetik hartzekodunen konkurtsoan dago Microdeco mekanizazio enpresa. Ordutik hona, langile taldea 160tik 88ra murriztu da, eta beste 34 kaleratu nahi dituzte orain, kaleratze kolektibo baten bidez.

Erabaki horren aurka, astelehenetik greban dira langileen %100, ELAk adierazitakoaren arabera. Sindikatuek salatu dute enpleguaren galera hori ez dela berria, enpresak erabaki baitu kaleratzeak egitea eta lan baldintzak okertze, langileei eutsi beharrean . Aste honetan eman du Bilboko Merkataritza Arloko bigarren epaitegiak kaleratze autoa. Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren ebazpen batean oinarritzen da auto hori, sindikatuaren esanetan.

Bestalde, ELAk salatu du Eusko Jaurlaritzako Lan Agintaritzak ez duela kontuan hartu sindikatuak egin dituen alegazioetako bat bera ere. Hala, kaleratze kolektiboa «gaizki planteatua egon da», sindikatuaren ustez, eta gehitu du «guztiz bidegabea» dela.

LABek aste hasieran adierazi duenaren arabera, kaleratzeak ez ezik, enpresako lan hitzarmeneko baldintzak ere aldatu nahi ditu zuzendaritzak; besteak beste, soldatak murrizteko.

Microdeco, Mecaner, Glavista

Azken hilabeteetan Hego Euskal Herriko hainbat industria enpresa langileak kaleratzen ari dira edo horretarako bidea hartu dute, hainbat motibo direla medio. Stellantis multinazionalak Urdulizko (Bizkaia) Mecanerren fabrika itxi nahi du, nahiz eta sindikatuek esan lantegia bideragarria dela. Planta itxiz gero, 148 langile geratuko lirateke lanik gabe.

Laudioko (Araba) Glavista enpresak, berriz, hilabeteak daramatza ateak itxita, multinazional batzuen jokoaren eraginez. Guardian multinazionalarena zen lantegia, baina Suitzako Partner funtsari saldu zion 2020an, orubea izan ezik. Funts horrek hiltzen utzi du enpresa, eta inbertsioa izoztu. Enpresa erosteko proiektu bat aurkeztu zuten aurten, orubeak ere erosteko baldintzarekin, baina Guardianek ez du saldu izan nahi. Eusko Jaurlaritza sartzen ari da negoziazioetan, baina 240 langile kalean geratzeko arriskua dago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.