Okerrik ezean, uztailetik aurrera Miguel Angel Lujua Mutualiako zuzendari kudeatzailea izango da Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako enpresaburuen elkarteko presidente berria. Lujuaren hautagaitza izan zen atzo Cebekeko zuzendaritza batzordearen batzarrean aurkeztu zuten bakarra, eta batzordeak aho batez onartu zuen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako patronalek txandaka izendatzen dute Confebaskeko presidentea. Lazpiur Adegik jarri zuen, haren aurrekoa SEAk, eta oraingoa Cebeki dagokio.
Azken unera arte, Bizkaiko metalgintza sektoreko enpresen federazioak Jose Javier Artetxe Arteche taldeko buruaren alde egin du, eta ia ziurtzat jotzen zen atzoko batzarrean zuzendaritzak bi hautagaietako bat aukeratu beharko zuela. Baina, azkenean, Lujuaren hautagaitza baino ez zuten aurkeztu.
Cebekek adierazi duenez, Lujua babesterako orduan, haren ibilbide profesionala hartu dute kontuan, Euskadiko enpresa sarearen eta errealitate ekonomikoaren inguruan duen ezagutza eta administrazioekin eta Espainiako enpresaburuen elkarteekin dituen harreman bikainak.
Miguel Angel Lujua izango da Confebaskeko presidente berria
Datorren hilean hartuko du kargua, Miguel Lazpiur egungo presidenteak erretiroa hartzen duenean

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu