Mila milioiko zuloa utzi zuen EAEko ogasunen zerga bilketak iaz

Kupoaren kitapena dela-eta Madrilekin dagoen ezadostasunak 138 milioi euro kendu dizkie urte amaieran

Ivan Santamaria.
2012ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Mila milioi euro gutxiago. Diru hori izan da, aurrekontuak egiteko erabili ziren kalkuluekin alderatuz gero, EAEko ogasunek joan den urtean bildu gabe utzi zutena. Laburbilduz, 2011. urterako aurrekontu proiektuak egiterakoan itundutako zergen bidez 12.500 milioi euro lortuko zituztela kalkulatu zuten Eusko Jaurlaritzak eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundiek. Baina azkenean bilketa eskasagoa izan da: 11.480 milioi izan dira, ogasunek eurek asteon eman dituzten datuen arabera.

Alegia, baikorregi jokatu zutela administrazioek 2011. urterako aurreikuspenak finkatzerakoan. Zerga bilketa dinamikoa izanik — hilero daude datuak— joan den urteko udarako diru sarrerak ez zirela beteko onartu behar izan zuten arduradunek, eta udatik bueltan murrizketa handiak iragarri zituzten Arabako edo Gipuzkoako aldundiek. Jaurlaritzari dagokionez, gastua doitzeko lana etenik gabe egin dela adierazi izan dute.

Aurreikuspena finkatzerakoan egin zen hutsari buruzko azken bertsioa atzo bertan bota zuen Jose Maria Iruarrizagak, Bizkaiko Ogasun ahaldunak. Carlos Agirre Ekonomia eta Ogasun ahaldunak 13.000 milioiko bilketa proposatzen zuen, eta aldundiek, berriz, 12.200 milioira mugatzen zuten. Jaurlaritzari kasu eginez gero, iazko zuloa beste 500 milioi euro handituko zela gogoratu zuen Iruarrizagak.

Egoerak ez die ogasunei kontuak orekatzen lagundu. Alde batetik, hazkunde ekonomikoa espero zen susperralditik oso urrun geratu da. Bestetik, ezohiko gertakariek bilketaren emaitza zamatu dute. Garrantzitsuena, Rover auziko kontrako epaiaren ondorioz Espainiako Gobernuari ordaindu beharreko faktura.

Azken hilabeteotan administrazioen finantzak arriskuan jarri dituen beste gatazka bat ere gogortu da. Kupoa kitatzeko kalkuluekin aspaldi dabiltza mokoka Espainiako Ogasuna eta Eusko Jaurlaritza. Gatazka orain dela bost urte Kupoaren Lege berria indarrean jarri eta berehala hasi zen, baina jarrerak tenkatu ditu finantza krisiak. BEZaren inguruko azken doikuntzan Espainiak 138 milioi ordaindu gabe utzi dizkie Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunei.

Urriko kalkuluen azpitik

Joan den urrian egindako itxiera aurreikuspenak ere ez dira bete. Kalkulatu zena baino 209 milioi gutxiago izan dira. Espainiarekin dagoen desadostasuna kenduta, 78 milioi gutxiago. Bilketaren eta aurrekontuaren arteko alderik handiena Arabak izan du (kontuen %90 estali du), Gipuzkoaren (%91) eta Bizkaiaren (%93) atzetik. Aurtengo urteko aurrekontuak egiterakoan, 12.116 milioi biltzea aurreikusi zuten ogasunek, iaz baino %5,5 gehiago.

Iazko emaitzek aurtengo egoerari buruzko zalantzak piztu dituzte. Bizkaiko Aldundiaren ustez, diru sarrerei buruz joan den urrian egin ziren kalkuluak «arrazoizkoak» dira. Bizkaiak ez du beharrezko ikusten murrizketa gehiago ezartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.