Milaka ahots TTIParen kontra

AEBen eta EBren arteko merkataritza itunaren aurkako nazioarteko eguna izan zen atzo, eta mobilizazioak egin zituzten euskal hiriburuetan.Bihar berrekingo diete negoziazioei New Yorken

TTIParen kontrako manifestazioa, atzo, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Jon Fernandez.
Donostia
2015eko apirilaren 19a
00:00
Entzun
TTIParen kontrako nazioarteko eguna izan zen atzo, eta milioika lagunek egin zuten protesta AEBetako eta Europako hirietako kaleetan. Euskal hirietan ere milaka lagun bildu ziren TTIParen kontra deitutako mobilizazioetan Baionan, Bilbon, Donostian eta Iruñean. «Sigla ezezagunak dira herritarrentzat, baina Europa osoan egiten ari den bezala, hemen ere ezagutarazi beharra dago gertatzen ari dena. Hau gelditzeko mobilizatu beharra dago», Martin Mantxo Ekologistak Martxan taldeko kidearen esanetan.

Merkataritza eta Inbertsio Akordio Transatlantikoa da sigla horrek ezkutatzen duena. Hau da, herritarren bizitzako hainbat arlotan eragin zuzena izan dezakeen EBren eta AEBen arteko merkataritza ituna. Bi aldeak ezkutuan ari dira negoziatzen merkatu bateratu bat sortzeko akordioa: itunaren aldekoen ustez, hazkundea eta enplegua ekarriko du; kontrakoen iritziz, berriz, langabezia eta eskubideen galera. Hain zuzen bihar berrekingo diete AEBek eta EBk isilpeko negoziazioei New Yorken.

Euskal sindikatu guztiek, hainbat eragile sozialek eta hainbat alderdi politikok —EH Bildu, Ezker Anitza-IU eta Podemos Ahal Dugu, besteak beste— egin zuten bat atzoko protestekin. Mantxo, Ekologistak Martxan taldeko kidea, Donostiako kontzentrazioan izan zen, eta argi zeukan zergatik dagoen TTIParen kontra egin beharra: «Batetik, sekretuan ari direlako transnazionalen aldeko itun bat negoziatzen. Bestetik, EBk ez ditu babesten gizartea eta ingurugiroa guk nahi bezala, baina araudiak AEBetakoak baino askoz hobeagoak direlako. TTIPak AEBetako enpresei utziko lieke hango araudi berarekin sartzen».

Eusko Jaurlaritzak, ordea, ez dio kalterik ikusten balizko merkatu bateratuari. Alderantziz, TTIPa Arabarentzat, Bizkaiarentzat eta Gipuzkoarentzat «onuragarria» izango dela baieztatu du asteon Arantza Tapia Ekonomia, Garapen eta Lehiakortasunerako sailburuak. Haren esanetan, merkataritza harremanak liberalizatu diren bakoitzean, «irabazi» egin du ekonomiak.

Kontrakoa uste du Laura Gonzalez de Txabarri ELAko nazioarteko arduradunak: «Alde daudenek erabiltzen duten propaganda gustura entzutekoa da egungo krisi testuinguruan: 'Honek hazkundea eta enplegua sortuko du'. Baina ez esperientziak ez ikerketa independenteek ez dute horrelakorik esaten, kontrakoa baizik».

«Gutxi batzuentzako»

Gonzalez de Txabarrik nabarmendu du larriena multinazionalen neurrira egindako legeak eta auzitegiak sortzea dela. Itunak aurreikusten du multinazionalek estatuen kontrako salaketa jarri ahal izatea ISDS Inbertitzaile eta Estatuen arteko Arbitraje Auzitegietan haien interesen kontrako legeak sortuz gero.

Tapiak esan arren akordioaren gaineko kontrol demokratikoa egongo dela, TTIParen aurkariek ez dute sinesten. «Hemen argi ikusten da politikaren mendekotasuna interes ekonomikoekiko. Gutxi batzuen intereserako ari dira lanean», ELAko kidearen aburuz. «Kontua da arauak traba direla negozio librea nahi dutenentzat, eta gizartearen eskubideak babesteko, urteetan lortutako araudiak jarri dituzte jomugan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.