Koronabirusa. Eragina ekonomian

Milaka lagun geratuko dira lanik gabe: 10.000tik gora hil honetan

Lanbidek 9.000 langabe gehiago zenbatu ditu egunotan. Horiez gain, 100.000 pertsona daude lan erregulazioan. Sindikatuek salatu dute enpresa batzuk «iruzur»egiten ari direla

Krisi mahaiaren bigarren bilera. Sonia Perez, Arantxa Tapia eta Maria Jesus San Jose sailburuak, bideokonferentziaren hasieran. JOSE IGNACIO UNANUE / IREKIA.
jokin sagarzazu
2020ko martxoaren 27a
00:00
Entzun

COVID-19ak hildakoen eta gaixotuen zifrei aurki batuko zaie lanik gabe geratu direnena. Espero zena beteko da: langabeziak nabarmen egingo du gora. Hala ohartarazi du Lanbideko zuzendari nagusi Borja Belandiak. Iragarri duenez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, atzo arte, 9.000 lagun kaleratu dituzte edo amaitu dira haietako askoren lan kontratuak. Pertsona horiek ez dira lanpostuetara itzuliko —kopuru horretan ez dira kontuan hartzen aldi baterako lan erregulazioengatik langabezian daudenak—. Nafarroan, berriz, Lansarek oraindik ez ditu bere datuak eman. SEPE Espainiako Enplegu Zerbitzu Publikoak hurrengo ostegunean aurkeztuko ditu datu ofizialak. Horiek hala, espero da Hego Euskal Herrian 10.000tik gorakoa izatea lanik gabe geratu direnen kopurua hil honen amaieran.

 

«Egoera oso zaila izango da», ohartarazi du Lanbideko arduradunak. Herri Irratian eginiko elkarrizketa batean eman du langabe berrien kopurua, eta azpimarratu zifra hori egunez egun «modu adierazgarri batean» handitzen ari dela. Etorkizunera begira, «oso kezkatuta» azaldu da, eta egoerari buelta emateko «guztion» beharra izango dela nabarmendu du. «Ahalegin handia egin beharko dute administrazioek, enpresek eta langileek. Baita ikuspegi pertsonaletik ere; adibidez, hurbileko saltokietan erosiz, haiek laguntzeko». Beste sektoreek ere «kolpe gogorra» jasoko dutela adierazi du, eta, hori leuntze aldera, oraingo jarduera «ahal den neurrian» mantentzearen alde azaldu da, «langileen osasun baldintzak errespetatuz».

Hil honen hasieran, 151.214 langabe zeuden Hegoaldean. Otsaila ona izan zen, behera egin baitzuen, aurreko bi hilabeteetako joera hautsiz. Baina geldialdi sintomak ere azaldu ziren, aurreko urteetako otsailekin konparatuta. Martxorik beltzena izango da, beraz, eta oso litekeena da hurrengo hilabeteak antzekoak edo okerragoak izatea. Sekula ikusi gabekoa ere izango da aldi baterako lan erregulazioengatik langabezian geratuko direnen kopurua. Egunetik egunera handitzen ari da: dagoeneko, 100.000tik gora.

Azpikontratei adi

Lan erregulazioak sektore guztietan gertatzen ari dira, bereizketarik gabe. Administrazioan gertatzen ari direnak salatu zituzten atzo sindikatuek. Langile publikoei ezin zaie ezarri aldi baterako lan erregulaziorik, baina bai erakundeentzat lan egiten duten azpikontratetako beharginei. ELAk eta LABek salatu dutenez, «iruzur» ugari ari dira egiten enpresa horiek, eta Eusko Jaurlaritzari, Nafarroako Gobernuari eta gainerako instituzioei eskatu diete kontrolak indartzeko.

ELAk gogoratu duenez, premiazko neurri ezohikoei buruzko Espainiako Gobernuaren dekretuak ezartzen du zerbitzu baten adjudikaziodun diren enpresek kontratua etetea galdegin dezaketela, baina ohartarazi du arau horrek berak zehazten duela hori ezin dutela egin zerbitzu guztietan. Hala, sindikatuak jakinarazi du administrazio publiko guztietan informazio eskaerak aurkeztuko dituela, kontrata bakoitza zertan den jakiteko, «diru publikoaren kontura enpresa batzuk modu bidegabean aberastu ez daitezen».

ELAk eta LABek adibide gisa jarri dute, hain zuzen, Lan Agintaritzak eskolako jantokietako Eurest enpresaren aldi baterako erregulazio espedientea baztertu izana. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak ikastetxeak ixteko agindua eman zuenean —alerta egoeraren dekretua indarrean sartu aurretik—, jangela eta eskola garraioko zerbitzuen enpresa adjudikaziodun guztiak aldi baterako erregulazio dosierrak eskatzen hasi ziren, langileekin «bestelako konpentsazio edo neurri alternatiborik negoziatzeari uko eginez». Sindikatuek enpresei jakinarazi zieten aukera zegoela kontratuak eta soldatak mantentzeko, eta kostua kalte eta galera gisa erreklama zezaketela kontratazio organoen aurrean, lizitazio agirietan hala jasotzen delako eta Sektore Publikoko Kontratuen Legeak hala ezartzen duelako. Salatu dute, baina, enpresek ez zietela jaramonik egin. «Espero dugu datozen egunetan [lan agintaritzaren] ebazpen hau kolektibitateetako gainerako enpresetara zabaltzea, baita gainerako azpikontratetara ere», azpimarratu du LABek.

Bestalde, Nafarroako ELAk eta LABek ohar batean jakinarazi dute lan erregulazioen ordezkaritza batzordeetan parte hartuko dutela langileek ordezkari sindikalik ez duten enpresetan, behargin horien eskubideak bermatzeko. Erabaki horren bidez erantzun diote CCOOren eskaera bati. Hark proposatu zuen enpresa horien kasuak batzorde bakar batean aztertzea. ELAren eta LABen ustez, horrek ez du ziurtatzen enpresa bakoitzaren egoera aztertzea eta langileen parte hartzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.