ERREGAIAK

Milioi bat petrolio upel gutxiago ekoitziko ditu LPEEk urtarriletik

Urriaz geroztik erregaiaren prezioa %30 inguru murriztu delako aztoratuta dago erakundea, eta Ipar Hemisferioan negua bukatzerako prezioak kontrolatu nahi dituela azpimarratu du, ez egungo balioak

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko abenduaren 11
00:00
Entzun
Egunean 27 milioi petrolio upel ekoitziko ditu Lurralde Petrolio- Esportatzaileen Erakundeak urtarriletik aurrera, egun baino milioi bat gutxiago, beraz. Ezohiko bileran egungo kuota ofiziala errespetatzea erabaki zuten Kairon. Urriaz geroztik erregaiaren prezioa %25 baina gehiago merkatu denez, eskaintza handiegiari egotzi diote erantzukizuna eta 40 egunen buruan adostutako neurria indarrean izango dela iragarri zuten.

«Merkatuan ezegonkortasuna igartzen da eta hori eskaintza eskaria baino handiagoa delako gertatzen da», argudiatu zuen Ali Al Naimi Saudi Arabiako Petrolio ministroak erakundeak hartutako erabakia. Chakid Jell Aljeriako Energia ministroak azpimarratu zuenez, LPEEren helburua da erregaiaren prezio murrizketa saihestea, «baina ez orain, Ipar Hemisferioan negua amaitzen denean baizik». Petrolioaren ekoizpena %5 murriztuz, produkzio gaitasun osagarria berreskuratuko du LPEEk. Gehienezko ahalmenaren mugan zeneko adierazpenek prezioak gora eta gora eragin zuten prezioa udazkenean. Erakundeak, ordea, 22 eta 28 dolar bitarteko prezio komenigarria aipatzen du artean, batez besteko prezio garestiagoa onartzeko ikerketak egiten ari diren arren.Erakundeko erregaiaren prezioa 34 dolarrean da egun, «egokia» beraiek onartu dutenez. «Dolarraren balio galerak eta azken urteotako inflazioak erosketa ahalmena moteldu baitute».

Beste murrizketa

Ekoizpen murrizketak ez die, ordea, berdin eragingo LPEEko herrialde guztiei. Soilik Saudi Arabiak 900.000 upeleko soberakinak ditu. Rafael Ramirez Venezuelako Energia ministroak onartu zuenez, «neurriak ez die eragingo Venezuelari, Irani eta Indonesiari».

Gaineratu zuenez, LPEEren eguneko gainprodukzioa milioi bat eta 1,7 milioi upel bitartean zenbatu eta gutxieneko kopurua murriztea onartu zuten. «Egunean milioi bat upeletan zehaztu dugun gehiegizko ekoizpenari irtenbidea aurkitu behar diogu», berretsi zuen Saudi Arabiako Naimik.LPEEko zenbait ordezkarik iragarri zutenez, 2005eko bigarren seihilekoko prezioak kontrolatzeko ere neurriak hartu ditzakete. Atzo egin ez bezala, kuota finkoaren murrizketa aurreikusi zuten. Urtarrilaren 30ean Vienan bilduko dira, beraz, merkatuen egoera aztertzeko eta, beharko balitz, erakundearen ekoizpena doitzeko.

%30 garestiago

2004.ean azken 26 urteotako petrolio eskaintzarik handiena izango da. AEBen eta Txinaren kontsumo bortitza, Jukos auzia, Nigeriako gatazka eta hornikuntza arazoek eragindako beldurra aipatu daitezke arrazoien artean.

Petrolioaren prezioari «erasoen beldurrak 10-15 dolar erantsi» dizkiola gaineratu zuen Naimik. Azaldu zuenez, 30.000 langile inguruk babesten dituzte Saudi Arabiako petrolio azpiegiturak eta findegiak. «Segurtasun neurriak itzelak, baina ulertzekoak dira».Brent upelari dagokionez, 39,63 dolarrean zen atzo eta 42,53 dolarrean AEBetako petrolioa. Urrian lortutako gehieneko balioetatik aski urrun, beraz, biak. Orduan 51 eta 55 dolarretik gora ibili ziren, hurrenez hurren, eta LPEEk Brent upela 60 dolarrera ere iritsi zitekeela iragarri zuen. Gehieneko balioei arin eman zien bizkarra erregaiak. Urriaren amaieraz geroztik %30 merkatu dira prezioak, baina 2004 urte hasierako datuekin alderatuz gero, urtarrilean baina %30 garestiago dira egun.

-

IRAGARPENAK



 

Prezioak igo daitezkeela ohartu du IEAk





Nazioarteko Energia Agentziak (IEA) ohartarazi duenez, petrolioaren prezioa gorantz hasi daiteke berriro. Ekoizpen murrizketek, ziurgabetasun politikoek eta eskari indartsuak epe laburrean prezioak baldintzatuko dituztela azpimarratu zuen. Gaineratu zuenez, «petrolio upela 40 dolarrean bada ere, oraindik garestia da prezioa».

Erregai merkatuan orekarako bidea egiten ari dela onartu zuen, baina produktu eratorrien egoera aski ezberdina dela salatu. Petrolio ekoizleei, ostera, prezioen bat-bateko murrizketak «urduritasun ulergaitza» eragiten diela aurpegiratu die. Halaber, LPEEk kontrola ez ditzakeen aldagaiak aipatu zituen, eguraldia eta Txina, kasu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.