Espainia. Gobernuaren neurriak

«Min emateko» neurriak

Raxoik BEZa igoko du, langabezia saria txikitu, pentsioen erreforma bizkortu eta langile publikoei Eguberrietako saria kenduGustuko ez dituen neurriak hartu «beste erremediorik ez» duela ziurtatu du

Iker Aranburu.
2012ko uztailaren 12a
00:00
Entzun
Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuak orain arte esandakoaren guztiz kontrakoa egiten ari dela aitortu zuen atzo Kongresuan, eta Europak behartuta, defizita 65.000 milioi euro gutxitzeko beste neurri sorta gogor bat iragarri zuen, bere agintaldiko laugarrena: BEZa bi eta hiru puntu artean igoko du, langabezia saria txikituko du, erretiroa 67 urtetan hartzeko garaia aurreratu, tabakoa eta erregaiak garestitu, funtzionarioei Eguberrietako saria kenduko die, udalak kate motzean lotuko ditu... «Ez dira neurri atseginak, baina ezinbestekoak dira». Hala justifikatu ditu Espainiako presidenteak.

Raxoiren agerraldiak antzekotasun handia du 2010eko maiatzaren 12an Jose Luis Rodriguez Zapaterok egindakoarekin. Merkatuek eta Europak estututa orduan ere, Espainiako garai horretako presidenteak ordura arteko politika sozialagoa zena errotik aldatu eta murrizketen aroa hasi zuen. «Egoerak neurriak hartzera behartu gaitu», argudiatu zuen orduan gobernuburu sozialistak, eta oposizioaren aulkietatik, berriz, Raxoik «demokraziaren gizarte eskubideen murrizketarik handiena» egitea aurpegiratu zion. Atzo, Raxoiren beraren ahotik entzun zen etsipenaren eta subiranotasun faltaren diskurtsoa: «Espainiarrek ezin dugu erabaki sakrifizioak egin ala ez; ez dugu askatasunik».

Kargua hartu zuenetik —duela sei hilabete eta erdi— bere promesa guztiak hautsi dituela leporatu diotenei arrazoi eman zien: «Gustuko ez ditudan neurriak hartzen lehenengoa naiz. Esan nuen zergak jaitsiko nituela eta igo egin ditut. Ez ditut irizpideak aldatu: ahal dudanean [zergak] jaisteari ez diot uko egiten. Baina egoera aldatu egin da, eta haietara egokitu behar da. Premiazko neurriak dira premiazko egoera bati erantzuteko». Hori bai, ez zuen aukera galtzen utzi Espainiaren aurrekontuaren zulo beltzak eta ekonomia hondoratua sozialistengandik jasotako «oinordekotzari» egozteko. PSOEko diputatuek txistu egin zioten.

Raxoik onartu egin zuen bere neurriek «min» ematen dutela, baina «etorkizun hobea» ekarriko dutela iragarri zuen. «Badakit egin eta egingo ditugun urratsek min emango diotela pertsona bakoitzari, kontsumitzaile, pentsidun, etxekoandre edo dena delakoari. Min ematen du diru sarrerak txikitzea eta zergak igotzea. Baina egin behar dugu, banakoen sakrifizio horiei esker partekatzen duguna salbatu ahal izango dugulako».

Honako hauek dira Raxoik aipatutako «sakrifizio» horietako batzuk:

1. BEZa

Sutan jarri zen PP oposizioan, gobernu sozialistak duela urtebete BEZ arrunta %16tik %18ra eta murriztua %7tik %8ra igo zuenean. Orain, txiki utzi ditu igoera horiek: arrunta %21era igoko da, eta %10era murriztua (elikagai gehienek, garraioak, ostalaritzak, kultur ekitaldiek edo ileapaindegiek ordaindutakoa). %4ean geratuko da, berriz, BEZ supermurriztua, oinarrizko elikagaiei, liburu edo egunkariei, eta babes ofizialeko etxe berriei ezartzen dietena. Igoera noiz jarriko den ez dago guztiz garbi: igandean edo astelehenean izango zela iragarri dute gobernuaren iturri batzuek eta abuztuaren 1ean, berriz, beste batzuek.

Igoerarekin, BEZa handiagoa izango da Hego Euskal Herrian Ipar Euskal Herrian baino (%19,6, %7 eta %5,5), baina baita Alemania eta Erresuma Batuan baino handiagoa ere. Igoeraren helburua da zerga horretatik lortutako dirua EBko beste herrialdeen mailara iristea, gaur egun oso azpitik dagoelako. BEZa BPGaren %5,5 da Espainian, %7 Frantzian eta %7,3 Alemanian. Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak argudiatu duenez, zerbitzu askoren truke BEZa ez pagatzeko ohituraren ondorio da hori. BEZaren igoera salatu dute auto saltzaileek, zinemetako jabeek eta ostalariek, beren negoziaioei kalte handia egingo dielakoan.

2. Langabezia saria

Zurrumurruek ziotenaren aurka, Espainiako Gobernua ez da ausartu langabezia saria urtebetera mugatzera, lau langiletik bat langabezian egonik neurri horrek ehunka mila lagun beste diru sarrerarik gabe utziko zituelako. Baina langabeen sariak jaitsi jaitsiko ditu, Raxoiren arabera, hura jasotzen dutenek lana bilatzeko arrazoi gehiago izan ditzaten. Langabeziaren lehen sei hilabeteotan orain arteko saria jasoko dute langabeek —kotiza- tutako azken 180 egunotako oinarri arautzailearen %70—, baina hortik aurrera oinarri arautzailearen %60 eskuratu beharrean %50 jasoko dute. Neurriak ez die eragingo gutxien eta gehien kotizatu dutenei.

Bada Hegoaldean apenas eraginik izango duten beste aldaketa batzuk ere: Espainiako Gizarteratze Errenta jaso nahi dutenek aurretik lan egin dutela erakutsi beharko dute —gutxi batzuk baizik ez dira Hegoaldean—, eta kontratazioei ematen dizkieten hobari gehienak ezabatuko dituzte.

3. Pentsioak

Europako Batzordearen beste aholku bat onartu du Raxoik: erretiroa 67 urtean hartzeko prozesua bizkortzea. Formula nahasiarekin aurreratu du: «Toledoko Itunera lege proiektu bat eramango dut jasangarritasunaren faktorearen aplikazioa bizkortzeko, eta aldez aurretiko erretiroa tratatzeko». Euskara garbiagoan, ez dela 2027ra arte itxaron beharkoerretiroa 67 urterekin hartu behar izateko. Asmoa zen erreforma urtarrilean indarrean jartzea, ordutik aurrera 65 urte eta hilabete bat eskatuta. Hilabeteak bizkorrago pilatuko beharko dira orain. Pentsioa osorik jasotzeko kotizatutako epea ere igoko da: 35 urtetik 37ra.

4. Langile publikoak

Urte hasieran langile publikoen lanaldia 35 ordutik 37,5era igo ondoren, aurretik Zapaterori kritikatutakoa egin du orain Raxoik: soldata jaitsi die. Sozialistek %5 jaitsi zizkieten soldatak langile publikoei 2010an eta antzeko eragina izango du ere Raxoik iragarritako Eguberrietako sariaren desagertzeak ere. Ikusteko dago neurriak administrazio zentraleko langileei ez ezik, udaletako, diputazioetako eta erkidegoetakoei ere eragiten ote dien. Aurreko soldata jaitsierek bai eragin zien.

2005etik hona sektore publikoak 200.000 langile gehiago izatea onartezina dela esan ondoren, funtzio publikoaren «berrikuste sakona» iragarri du Espainiako presidenteak. Hasteko, beste neurri batzuk aplikatuko dizkie: beren gauzetarako dituzten jai egunak (moscoso deitutakoak) gutxitu egingo dizkiete, liberatu sindikalen kopurua apalduko dute etagaixotasun baime- na dutenek sektore pribatuko langileen baldintza berdinak izango dituzte —gaur egun, soldataren %100 jasotzen dute gaixotasunaren lehen egunetan—. Neurriak azaltzeko bilera deitu zuen atzo Espainiako Gobernuak funtzionarioen sindikatuekin, baina azken horiek mahaitkik altxa ziren, protesta gisa.

5. Etxebizitza kenkaria

Ohiko etxebizitzaren mailegua pagatzeagatik jasotzen den zerga kenkaria ezabatuko du Espainiako Gobernuak, urtarriletik aurrera etxea erosten dutenentzat. Horren gaineko eskumena diputazioek eta Nafarroako Gobernuak dituzte, eta Zapaterok murriztu zuenean ere, beraiek eustea erabaki zuten.

6. Udalen antolaketa

Espainiak ez ditu, oraingoz, udalak bat-egitera behartuko, baina ondorio hori izan dezake Raxoik udal administrazioan iragarri duen erreforma sakonaren proiektuak. Hegoaldetik kanpoko diputazioak ere ez dira desagertuko; aitzitik, haien esku geratuko dira zehaztu gabeko hainbat zerbitzu. Zinegotzi kopurua %30 gutxituko dute, eta haien eta alkateen soldatak biztanle kopuruaren araberakoak izango dira. Udalen kontu ikuskatzaileek ere botere handiagoa izango dute.

7. Beste zergak

Lan kostuak gutxitu eta esportazioak bultzatzearren, langileen gizarte kotizazioak puntu bat jaitsiko dira 2013an eta beste bat2014an. Tabakoaren gaineko zerga eta ingurumenaren ingurukoak igoko ditu Espainiak, baina zenbat eta nola ez du zehaztu. Ekainerako iragarri zuen energia sektorearen berrantolaketa ere iristear dago, eta herritarrek eta enpresek pagatzen dituzten zerga eta tarifen igoera ekarriko du, «behingoz» amaitzekotarifaren defizitarekin. Horrela deritzo argindarra ekoizteak dituen kostuak —dirulaguntzak barne— eta kontsumitzaileek pagatzen dutenaren arteko aldeari. Nahiz eta familiei argindarra %70 garestitu zaien azken sei urteotan, gaur egun 24.000 milioi zor zaizkieenpresa elektrikoei. Jose Manuel Soria Industria ministroak aurreratu duenez, zerga berezia jarriko diete energia nuklearraren eta hidraulikoaren ekoizpenari.

8. Menpekotasuna

Mendekotasuna duten senideak zaintzen dituztenei ematen dizkieten diru laguntza publikoak %15 txikituko dituzte, eta laguntzak eskuratzeko baldintzak gogortuko dituzte.

9. Diru laguntzak

Alderdi politikoei, patronalari eta sindikatuei ematen dizkieten dirulaguntzak %20 gutxituko dituzte 2013an, aurten egindakoa bezainbeste. Gainera, ministerioek 600 milioi aurreztu beharko dituzte dirulaguntzetan edo transferentzietan.

10. Liberalizazioak

Zehaztasun gutxi horretan ere. Raxoik iragarri du saltokien ordutegiak liberalizatuko dituztela, inguru turistikoetan batez ere. Zenbait lanbide liberal ere lehiara zabaldu nahi ditu. Tren, itsas eta aire garraioetako zerbitzuen liberalizazio zehazgabea ere aipatu ditu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.