Gastu publikoa murrizteko bideak ez du atzera bueltarik. Espainiako Gobernuak heldu den urterako aurrekontu muga ezarri du. Guztira, 122.000 milioi euro izango dira, aurten baino ia %8 gutxiago. Zenbaki borobiletan, estatuak 10.000 milioi gutxiago gastatu ahalko dituela esan nahi du horrek, hain zuzen ere Eusko Jaurlaritzak urte osorako eskura duen dirua.
Gehienezko gastua 2011. urteko aurrekontuak prestatzeko lehen urratsa da. Orain, txostena erkidegoei eta udalerriei bidaliko diete, euren defizit aurreikuspenak eman ditzaten. Ekonomia eta Ogasun Ministerioaren xedea administrazio guztien defizita BPGaren %6raino jaistea izango da, 2013. urterako %3ra iritsi ahal izateko.
Gastuaren jaitsiera zein ataletan igarriko den esateko arinegi dela azaldu zuen atzo Elena Salgado Ekonomia ministroak. Hori bai, ministerio bakoitzaren gastua %15 edo gehiago murriztuko dela ziurtatu zuen, aurtengoarekin alderatuz gero.
Defizitari aurre egiteko neurriek hazkundean eta langabezian ondorioak izango dituzte. Koadro makroekonomikoan dauden aldagai gehienak berriro ere moldatu behar izan ditu gobernuak, okerrerako.
Hain zuzen ere, datozen hiru urterako hazkunde aurreikuspena murriztu du honezkero Zapateroren gobernuak. 2011. urtean BPGaren hazkundea %1,3 izatea espero du, iragarri baino bost hamarren gutxiago. 2012 eta 2013. urteetan %3 baino gutxiago izango da, halaber.
Enpleguak ere okerrera egingo du. Langabezia tasa aurten, batez beste, %19,4 izango dela dio orain Ekonomia Ministerioak, orain arteko aurreikuspena baino %0,4 gehiago. 2011. urtean, %0,5 jaitsi eta %18,9 izango da. 2013. urtean populazio aktiboaren %16 baino gehiago oraindik ere lanik gabe egongo dela ontzat eman du gobernuak, gainera.
Hauteskunderik ez
Espainiako Gorteetan murrizketen dekretua onartzeko eginiko osoko bilkuraren saioak agerian utzi zuen sekula baino zailagoa duela PSOEk aurrekontuak aurrera ateratzea. EAJren ezetzak ustekabean harrapatu zituen, eta, dekretuak aurrera egitea ahalbideratu bazuen ere, CiUk argi adierazi du laguntza hori amaitu dela. Gainera, Josep Antoni Duran Lleidak eskatu zion Zapaterori hauteskundeetara deitzeko. Atzo, gobernuak eta PSOEk aukera hori errefusatu, eta Zapateroren proiektua «inoiz baino biziagoa» dela ziurtatu zuten.
Ministerio bakoitzaren gastua %15 jaitsiko du Espainiako Gobernuak
Estatuaren aurrekontua ia %8 txikituko da, baina kontuak aurrera ateratzeko aliantzak eraiki beharko ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu