Euskal Herriko Laborantza Ganberak (EHLG) lau urte beteko ditu datorren urtarrilean. Urteurren gazi-gozoa izango da: gozoa, lau urtean elkartea sendotu egin delako, hainbat proiektu abiatu dituelako eta laborantza gaietan Ipar Euskal Herriko erreferentzia bihurtu delako; gazia, urtarrilaren 29an EHLGren kontrako epaiketa egingo dutelako, Baionan.
Frantziako Estatuak eta Paueko Laborantza Ganberak EHLG desagerrarazi nahi dutela salatu zuen Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakariak atzoko hitzaldian: «Orain arte lortu ez dutena lortu nahi dute beren azken erasoarekin». Epaiketarekin, alegia. Berhokoirigoinek hitzaldia egin zuen atzo Andoainen (Gipuzkoa), Martin Ugalde Foroak antolatuta: Euskal Herriko Laborantza Ganbera. Zer da Estatuak debekatu nahi duen elkarte hori?.
Epaileak EHLG itxi dezake: gutxienez bost urterako, baita behin betiko ere. Berhokoirigoin urtebeterako espetxeratu dezake. Akusazioaren esanetan, ganberaren izena eta jarduera legez kanpokoak dira, EHLGk Paueko Laborantza Ganberaren -erakunde ofizialaren- funtzio berak dituelakoan. Berhokoirigoinek atzo salatu zuen arrazoi horiek aitzakiak baino ez direla, «betiko aitzakiak».
Izena suprefeturak berak onartu zuen EHLGk bere estatutuak aurkeztu zituenean. Izanari dagokionez, Berhokoirigoinek ganberak lau urtean lortu duen erreferentzialtasuna nabarmendu zuen: lan esparru berriak ireki ditu eta partaide berriekin proiektuak abiatu (herri elkargoekin, institutu teknikoekin, unibertsitateekin eta laborantzako hainbat elkarterekin).
Mixel Berhokoirigoin entzuten honako hauek izan ziren, besteak beste: ELAko zuzendaritzako hainbat kide (Amaia Muñoa, Patxi Agirrezabala eta Joseba Villarreal), LABeko Jabi Garnika, Gipuzkoako Ikastolen Elkarteko ordezkariak, EILASekoak, Odile Kruzeta Euskadi Irratiko zuzendaria, Jose Mari Sors Elkarreko burua, Joan Mari Torrealdai Jakin aldizkariko zuzendaria eta Joanmari Larrarte Euskarazko Komunikazio Taldeko kontseilari ordezkaria. EHNEko ordezkariak ere bai. Horiek, hitzaldia entzuteaz gain, afari-merienda eraman zuten entzuleentzat.
Berhokoirigoinek laborantzak Ipar Euskal Herrian duen garrantziaz ohartarazi zituen entzuleak: «Barnealdeko [Lapurdiren erdia, Nafarroa Beherea eta Zuberoa] 10.000 lanpostu daude laborantzari lotuak. Ez dirudi asko, baina barnealdeko lanpostu guztien erdiak dira».
Egitura propioaren premia
EHLGko lehendakariak erakundearen sorrera prozesua azaldu zuen. Urratsak eta testuingurua. «Ez genuen beste biderik», esan zuen. Paueko Laborantza Ganbera utzi eta Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortu zuten. «Han ez zegoen irtenbiderik guretzat». Egitura propioa behar zuten errealitate eta premia propioei erantzuteko. Aintzat hartu behar da 2001etik ELB dela Ipar Euskal Herriko laborarien sindikatu nagusia, baina bi ordezkari baino ez dituela Pauen.
«Aktibismoaren bidea har genezakeen», esan zuen Berhokoirigoinek. «Baina horretan gu nekatu egingo ginen eta Estatua ez».
Euskal Herriko Laborantza Ganbera sortuta ere, Estatua ez da nekatzen. EHLG diruz lagundu duten 26 herriko etxeen kontra jo du, besteak beste.
EHLGk 460.000 euroko aurrekontua du. Diru horretatik zati handi bat laguntzaileek ordaintzen dute: erakundeak 1.200 laguntzaile ditu eta horien artean 190.000 euro ematen dizkiote, ia bere aurrekontuaren erdia. Halako laguntzak ematen dituztenek zergak ordaintzean diru hori kentzeko aukera izaten dute. «EHLGren kasuan ez», zehaztu zuen Berhokoirigoinek. EHLGk erabaki helegitea aurkeztu zuen eta oraingoz irabazi egin du.
Prefetaren betoak
Prefetak eta Paueko Laborantza Ganberak EHLGren beraren eta Berhokoirigoinen kontra jo dute. Alde batetik, EHLGk aurkeztu eta Administrazioko teknikariek onartutako proiektuak eta eskaerak bertan behera utziz. «Eta teknikariek ez dute ulertzen zergatik».
Bestetik, auzibidera joaz. Prokuradoreak ikerketa abiatu zuen EHLGri buruz, eta jada dosierra egin du. «Hainbestekoa da», esan zuen atzo Berhokoirigoinek, eskua mahaitik hogei bat zentimetro altxatuz. Sintesia, berriz, laburra. «Dirudienez, asko bilatu dute, baina gutxi atzeman», Berhokoirigoinen arabera. «Hala ere, Frantziarentzat ez dago ikerketa txikirik».
EHLG bere defentsa prestatzen ari da abokatuarekin. Horrez gain, baita auziari buruzko informazioa zabaltzen ere, Euskal Herrian eta Frantzian: «Kontrakoak ere hartzen ditugu. Denak behar ditugu».
ELB Euskal Herriko Laborarien Batasunak sortu zuen EHLG. Sindikatuak babes handia du. Berhokoirigoinek arrazoi bat nabarmendu zuen: «Lortu dugu gure erreferentzia ideologiko argia eta pragmatismo handia bateratzea. Zilegitasuna lortu dugu, laborariak defendatu ditugulako kutsu ideologikorik ez zuten hainbat auzitan».
Laborariek hainbat arrazoirengatik jotzen dute EHLGra. Oso ezberdinak, praktikoak edo ideologikoagoak: «Pauekoa baino gertuagoa dagoelako, euskaraz ari daitezkeelako, hobeak garelako, gure laborantza proiektua nahiago dutelako, Euskal Herriaren eraikuntzan laguntzen duelako, eraikuntza nazionala delako... Guztiak onartu behar ditugu. Gauza bat irabazteko, onartu behar duzu bestea etortzea zureak ez diren arrazoiekin. Horrela irabaz daitezke gauzak».
Berhokoirigoinek onartu zuen, hala ere, ELBk eta abertzaletasunak elkarri hazten laguntzen diotela herriz herri.
Laborantza Ganbera
Mixel Berhokoirigoin: "Gu desagertzeko azken erasoa jo dute"
Frantziako Gobernuaren, prefetaren eta Paueko Laborantza Ganberaren jokaerak gaitzetsi zituen Euskal Herriko Laborantza Ganberako lehendakariak, atzo arratsean Martin Ugalde Foroan emandako hitzaldian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu