Lan erreforma

Mobilizazio jendetsua egin dute Baionan lan erreformaren kontra

Protestak hasi zirenetik 11. manifestazioa egin dute, seguruenik uda aitzineko azkena. Claude Larrieu izan dute gogoan Jusqu'au Retrait kolektibokoek. Frantziako Senatuak aldaketa handiekin onartu du lege proiektua.

Lan erreformaren kontrako kolektibokoak, gaur, Baionan. ISABELLE MIQUELESTORENA
maddi ane txoperena iribarren
2016ko ekainaren 28a
08:12
Entzun

Udako oporren aitzineko azken manifestazioa izanen da segur aski gaur Baionan lan erreformaren kontra egin dutena. Jende andana bildu da tren geltokitik suprefeturara arte egin duten protestan, tartean, sindikatu nagusietako kideak, enpresa zehatzetakoak eta Jusqu'au Retrait kolektibokoak. Azken horiek Claude Larrieu izan dute gogoan, joan den larunbatean mendian erorita zendu zen NPAko militantea. Banderola nagusian "agur eta ohore" eraman dute idatzirik, eta San Izpirituko zubian omenaldia egin diote, haren argazki bat jarri eta lore eskaintza eginez.

Frantziako Senatuak arratsaldean onartu du lan erreforma, aldeko 185 boto eta aurkako 156ekin. Senatuan gehiengoa eskuinekoa denez, lege proiektua are eskuinerago eraman dute. Horrela, proiektu berrituak zuzenean kendu du 35 orduko lan asteatzea. PS Alderdi Sozialistak atzera botatako zenbait neurri berriro ezarri dituzte, bertzalde: erraterako, "arrazoi erreal eta seriosik" gabeko kaleratzeetan gehienezko ordainsari bat ezartzea adostu dute, enpresa ttipietan ere ordezkari sindikalen sinadurarik gabeko akordioak onartu dituzte, eta kaleratze objektiboak egiteko arrazoiak zabaldu dituzte.

Orain diputatuek eta senatariek egun batzuk dituzte testu komun bat egiteko. Egingo ez dutenez, Asanblea Nazionalera joanen da ondotik testua, uztailaren 5ean. Pentsatzekoa da PSk berriro ezarriko duela lege proiektua berak nahi bezala, eskuineko aldaketak kenduta. Sozialisten asmoa da, Senatuko aldaketak erreferentzia gisa hartuta, erakustea haiek bultzatu nahi dutena baino testu "okerragoa" egin nahi duela eskuinak. Uztailaren 5ean eztabaidatu beharko lukete Asanblean.

Segitzea ezbaian

Sindikatu nagusiek eta lan erreformaren kontrako kolektibokoak ez datoz bat udan egin beharrekoaren inguruan. CGT buru duen intersindikalak, erraterako, udan protesta baretu eta irailean berriz hartzearen alde egin du. Eñaut Aramendi LABeko kideak eta Jusqu'au Retrait kolektibokoak, ordea, uste du udan ere segitu beharko litzatekeela: "Ezin dugu 'kendu arte!' eskatu eta uda utzi tartean. Segitu beharko genuke, baina badakigu oso ondo Euskal Herritik bakarrik ezin dugula hori lortu". Horren aitzinean Euskal Herrian alternatibak eraikitzeko deia egin du: "Gure esku alternatibak eraikitzea, alternatibak pentsatzea, eta ea biharko Euskal Herria frantses estatua baino hobea dugun".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.