MODULUEK SUA PIZTU DUTE

Nafarroako Parlamentuak erabaki du errenta zergan langile autonomoei moduluen erregimena kentzea 2021. urtetik aurrera. Aldaketa lehenago edo geroago etorriko zela jakin arren, autonomoen elkarte asko kexu dira gaur egungo krisialdian ezarri delako eta haien iritzia ez delako kontuan hartu.

Garraiolariek eta nekazariek protesta egin zuten abenduaren 18an, Iruñean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
joxerra senar
2021eko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Orain arte, Nafarroako autonomoen herenek moduluen sistema erabili dute errenta zerga ordaintzeko. Abenduaren 23an, Nafarroako Parlamentuak gehiengo handiz onartu zuen sistema hori kentzea. Horrenbestez, urte honetatik aurrera zuzeneko zenbatespen bereziaren bidez pagatuko dute. Gobernuak argudiatu du sistema zaharkitua zela aurrekoa, eta ogasunari lana erraztuko diola berriak. Alderantziz, autonomoak kexu dira lana zaildu egingo dielako. Aldaketa presaka eta beren iritzia kontuan hartu gabe egitea leporatzen diote gobernuari. Moduluek sua piztu dute.

2014 geroztik, ez dago moduluen sistemarik Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta Nafarroan jakina zen, lehenago edo geroago, aldaketa etorriko zela. Alta, pandemiaren erdian, urrats hori egin izana ez du ulertu Juan Carlos Ekiza ATA Nafarroako Autonomoen Elkarteko presidenteak: «Ez da abagunea». Pandemiak dena baldintzatzen duela uste du:«Hasieran likidezia arazo zena orain kaudimen arazo da. Lehen, gaizki geunden; orain, okerrago».

Bazetorren aldaketa bat izan arren, aukeratutako unea okerrena izan dela berretsi du Iñaki Goñi Otxandorena Tradisna Nafarroako garraiolari autonomoen elkarteko ordezkariak: «Bagenekien kendu behar zutela, bai; baina guk ez duguna ulertzen ahal da kentzen dituztela orain halako egoerarekin, lana dagoen bezala, krisia dagoen bezala».

Abagunea ez ezik, moduak ere ez dituzte gustuko izan elkarte batzuek. Ahotsa altxatzeko orduan nabarmendu den erakundeetako bat da UAGN Nafarroako Nekazari eta Abeltzainen Batasuna. «Aldaketak ez luke inposizio baten emaitza izan behar, elkarrizketa prozesu batena baizik. Gardentasun ariketa bat izan behar du, eta autonomoen elkarteak haren partaide izan behar dugu, administrazioaren eta zergadunen arteko bitartekari baikara».

Dena den, aldaketak ez die autonomo guztiei eragingo. Orain arte, gobernuak zerrendatutako jardueretan aritzen zirenek baino ezin zuten sistema horren bidez ordaindu, eta gainerakoek zenbatespen zuzeneko eredua erabiltzen zuten: normala edo sinplifikatua, fakturazioaren araberakoa. Horiei ez zaie ezer aldatuko.

Modulu bidez ordaindu dutenek hemendik aurrera, behartuta egongo dira salmenten eta erosketen kontabilitate liburu bat izatera. «Hori da makurrena. Orain arte, kopuru finko bat zen, eta ez genuen aholkularirik behar, ez genuen libururik behar, ez genuen fakturarik gorde behar», dio Iñaki Goñik. «Egokitu ahal izateko, kontuen kudeaketa zerbitzua kanporatu egin beharko dute askok, eta horrek administrazio gastuak igotzen ditu. Gehien sufritzen dutenak pasatuko dute okerren», nabarmendu du Ekizak.

Ez dator bat argudio horrekin Natalia Moriones, UPTA elkarteko eleduna. Haren esanetan, sistema berriak mesede egingo die egungo egoeran kaltetutako autonomoei:«Moduluek ez zuten aintzat hartzen jarduera. Kalkulu batean oinarrituta, hiru hilean behin kopuru finko bat ordaintzera derrigortuta zeunden, diru sarrerak izan zein ez. Itxita egon bazara ere, berdin ordaindu behar duzu. Orain, berriz, ez dute pagatu beharko. Gaizki zaudenean, mesede egiten dizu, eta, ondo zaudenean, jardueraren arabera pagatzen duzu». Ez du ulertu hainbesteko asaldura sortu izana: «Egia da, buruko min handirik eragin gabe, moduluen sistema sinplea zela. Aldaketetara egokitzea kostatu egiten da, bai».

Lehia desabantaila

Sistema berriaren helburua jarduera erreala islatzea bada ere, erabakiak zenbait sektoreren jardueran eragina izan dezake. Nafarroako Gobernuarekin batera, Espainiakoa ere moduluen eredua kentzekotan zen, baina, azkenik, pandemiaren testuinguruan, atzera egin du. Nafarroatik kanpoko autonomoekin eta enpresekin lehiatzen diren sektoreei bete-betean eragiten die erabakiak: garraiolariei eta abeltzainei zein nekazariei. Gainera, Nekazaritza Ministerioak erregimen komuneko lehen sektoreko laborariei ziurtatu die legealdi honetan sistema horri eutsiko diola. «Estatukoekin alderatuta, lehiakortasuna galdu dugu. Nafarroan, On Kixoteren modura jokatu dugu. Aurrera jo, ea nola ateratzen den», kritikatu du Felix Bariain UAGNko buruak.

Garraioan, egoera konplexuagoa da. «Zerga sistemako abantaila guztiak ez dira autonomoarengana heltzen, baizik eta azken prezioan islatzen dira. Administrazioak eta gizarteak garraio merkea nahi dute, eta, horregatik, gainerakoak baino egoera okerragoan geratzen bazara, merkatuetako prezioetatik kanpo gera zaitezke», azaldu du Alberto Nuñez , Hiruko eledunak. Haren ustez, aldaketak lehia desabantaila batean utziko ditu nafarrak, Espainiako eta gainerako euskal lurraldeetako garraiolariekin alderatuta.

Errenta eta balio erantsiaren zergen arteko erlazioarekin du zerikusia. Errenta zergan, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute modulurik, baina inbertsio handien BEZa konpentsatzeko modu bat dute: Espainian zein EAEn, hiru hiruhilekotan BEZ zergan kopuru finko apal bat ordaintzen dute autonomoek, eta urte horretako errenta zergan kontuak kitatzen dira, gastuak eta inbertsioak aintzat hartuz. «Urteko kuota beti ateratzen da ordaintzera. Gutxienekora ez bazara iristen, zehaztutako kopuru hori pagatzen duzu», azaldu du Nuñezek. Nafarroan, aldiz, bestelako eredua erabili dute: BEZaren hiruhilekoko kuotak handiagoak dira, eta, errenta zergako moduluen sistemak orekatzen zuen hori. Orain, baina, sistema berriak ez du konpentsazioa aintzat hartu; «Diferentzia garrantzitsua da».

Desoreka konpondu nahirik, azaroan parlamentu taldeekin eta gobernuarekin jarri zen harremanetan Hiru. Abenduan zein urtarrilean, hainbat bilera egin dituzte Ogasunarekin, eta pozik geratu dira emaitzarekin. Gobernuak 2020an BEZa eta errenta zerga %20 eta %40 artean murriztuko die, eta 2021etik aurrera «estatuko sistema bera» erabiliko dela adierazi die. Nuñezeren ustez, azkenean, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko garraiolarien «antzeko egoeran» geratu dira.

Zuzeneko zenbatespen bereziko sistema berriak ez ditu kenkari gisa aintzat hartzen amortizazioak, hornidurak eta laborantza zein garraio sektoreetako erosketak. Aitzitik, etekin garbia kalkulatutakoan, orokorrean, %10eko kenkaria ezar daiteke, eta %35ekoa lehen sektoreari eta %45ekoa garraiolariei. «Indize hori egokia da, gure jarduera islatzen du», dio Nuñezek.

Bariain, ordea, haserre dago indize horiekin. «Ogasunari etekin garbia baino handiagoa ateratzen zaio. Gero, guri %35eko murrizketa ezarri digute, baina zergatik %35ekoa eta ez 45ekoa?» Haren esanetan, ez diete azaldu ehuneko horren zergatia.

Hor dago talka nagusia. Nafarroako Gobernuak faktura «antzekoa» dela dio, baina ATAk eta UAGNk adierazi dute gehiago ordainduko dutela:«Gure datuek diote asko handituko dela. Gobernuak dio ona izango dela, baina gero aholkulariak esaten dizu ezetz, ez dela horrela». Funtsean, UAGNk, ATAk eta Tradisnak gobernuari eskatzen diote mahai bat osatzeko elkarteekin, sistema berrian sartzen diren aldagaiak eztabaidatzeko eta «kaltegarria izango ez den akordio» bat lortzeko. Sistema aurten ezarriko bada ere, 2021 arteko errenta kanpainara arte astia dagoela uste dute.

Ikusiko da gobernua kontu teknikoak eztabaidatzeko prest ote dagoen, baina argi dago ez duela sistema aldatuko. Izan ere, jarduera erreala islatzeko nahia adierazteko orduan, ogasunak kontrol handiagoa izan nahi duela adierazten du. 2019an, NUPek Nafarroako ezkutuko ekonomiaren inguruko azterketa bat kaleratu zuen, eta, zeharkako metodoetan oinarrituta, besteak beste, ondorioztatu zuen 2008tik 2016ra bitartean, errenta zergan iruzurra %20 eta %25 artekoa izan zela epe horretan, eta autonomoen artean soldatapekoen artean baino handiagoa dela.

Txosten haren edukia oro har interesgarritzat jo zuen gobernuak, eta, ziurrenik, eragin handia izan du aldaketan. Susmo laino hori ez du gustuko izan UAGNk. Bariainen esanetan, lehen sektoreko moduluak Ingurumen eta Landa Garapen departamentuen datuetan oinarritu dira. «Gure sektorean laborariek kooperatiba bati edo enpresa bati saltzen diote, eta Landa Garapenak informazio hori du. Eskatu diegu esateko zenbaten diru sarrerak ez datozen bat Ogasunak duenarekin. Kopurua oso txikia da. Ezin daiteke esan iruzur iturri dela».

Aitzitik, Nuñezek onartu egin du garraioan moduluen sistemaz baliatzen direla maiz bezeroak: «Sistemak hutsuneak ahalbidetu ditu, eta horren onuradun ez dira garraiolariak izan, ingurukoak baizik. 'Ez duzunez aitortu behar, hau sartuko dizut', esaten dute. Horrek zergak saihestea eta iruzurra ahalbidetu du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.