Amaitu da Japoniako martxoko lurrikarak, tsunamiak eta Fukushimako zentral nuklearraren hondamendiak eragindako nazioarteko elkartasuna. Merkatuak gupidagabeak dira: Moody's kalifikazio agentziak Japoniako luzera begirako zor publikoaren kalifikazioa koska bat jaitsi du, Aa2 mailatik (bigarren kalifikazio onena) Aa3 mailara. 2002tik izan duen lehen jaitsiera izan da. Herrialdeko hiru banku nagusien zorraren kalifikazioa era jaitsi du.
Jaitsiera zuritzeko arrazoien artean daude pilatutako defizit eta zor publiko handiak eta egonkortasun politiko falta; baina baita martxoko lurrikararen ondorioak ere, «ekonomiaren suspertzea atzeratu dutelako».
Moody'sek maiatzaren 31n jakinarazi zuen Japoniako zor publikoaren kalifikazioa berrikusiko zuela, gobernuak zailtasunak zituelako defizit publikoa murrizteko helburu «sinesgarriak» ezartzeko eta lortzeko. Besteak bestelurrikarak eragindako hondamendia konpontzeko gastua espero baino handiagoa izango zelako.
Japoniako txanpona, yena, oso indartsu dago. Horrek enpresen esportazioak eta atzerriko irabaziak kaltetzen ditu. Kalteak arintzeko gobernuak 100.000 milioi dolarreko (69.000 milioi euro inguru) funts bat sortu du. Enpresei lagundu nahi die yenen truke nazioarteko txanponak eskuratzen eta atzerriko enpresak erosten.
Moody'sek koska bat jaitsi du Japoniaren zorraren kalifikazioa
Erabakia zuritzeko arrazoien artean, martxoko lurrikarak ekonomia suspertzea atzeratu izana dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu