Europako Batasuna

Moscovicik "faxista" esan dio Cioccari

Europako Batzordearen eta Italiako Gobernuaren artean gora doa tentsioa, Ekonomia komisarioak Angelo Ciocca iraundu ondoren.

Pierre Moscovici EBko Ekonomia komisarioa. PATRICK SEEGER / EFE
xabier martin
2018ko urriaren 26a
14:22
Entzun

Asteartean Pierre Moscovicik Italiako aurrekontuen inguruan idatzitako oharrak zapaldu zituen Angelo Ciocca eurodiputatu italiarrak, Batzordeak Giuseppe Conteren gobernuaren aurrekontu proiektua atzera bota ondoren. Lega alderdiko eurodiputatuari erantzun dio gaur Moscovicik: "Ergel bat da, probokatzaile bat, faxista bat". Batasuneko exekutiboaren eta Italiako Gobernuaren artean bizi den tentsioaren erakusgarri argia dira Batzordeko Ekonomia komisarioaren ohiz kanpoko adierazpenak.

CNews telebistan egindako elkarrizketan berotu zaio ahoa Pierre Moscoviciri. Asteartean Estraburgon gertatutakoaz galdetu diote. Italiak aurkeztutako defizita nabarmen gainditzen du aurretik agindutakoa, eta M5S Bost Izarren Mugimenduak eta Legak osatutako gobernuaren aurrekontuak Batzordeak zergatik ez dituen onartu azaldu zuen Ekonomia komisarioak. Ohar horiek dira Cioccak zapaldutakoak.

Italiako Gobernuak, ordea, uko egin dio aurrekontua aldatzeari, eta talka egiten ari da EBrekin. Defizita txikitzeari ez baizik «ekonomiaren suspertzeari» eman dio lehentasuna Erromak. Oharrak zapaltzeak eta orain Moscovicik irainak erabiltzeak ekintza horri erantzuteko egoeraren zailtasuna baizik ez dute islatzen.

Azaroaren 13rako aurrekontu berria aurkezteko eskatu dio EBk Erromari, eta ez badu egiten "prozedurarekin" jarraituko dela ohartarazi du Moscovicik. Horrek zer neurri ekarriko lituzkeen ez du zehaztu, ordea. "Aurrera egingo dugu orain arte bezala, odol hotzez". Odol hotza, baina aho beroa, adierazpenei erreparatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.