Motelago, baina azaroan ere beherantz jarraitu du Euriborrak

Inoizko mailarik apalenean amaitu du azaroa, %1,231n, eta datozen hilabeteetan gorabehera handirik ez duela izango uste da

Donostia
2009ko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Hamahiru hilabete dira Euriborra maldan behera hasi zela, eta azaroan ere halaxe jarraitu du. %1,231n bukatu du hilabetea, aurreko zortzi hilabeteetako markak hobetu, eta inoizko mailarik apalenean. Berri onak, beraz, datozen egunetan hipoteka berritu behar duten milaka herritarrentzat, hileroko kuotetan antzemango baitute maileguak kalkulatzeko indizerik erabilienak urtebetean egin duen ibilbidea.

Dena dela, abenduan hipoteka berrikusten dutenentzat ez da kuotak merkatzen zaizkien lehen aldia, eurak izan baitziren diruaren prezioa jaistearen lehen onuradunak iaz. Gertaera gisa, sekulakoa izan zen hiru urte eta gero hipotekak lehen aldiz merkatzea. Baina, benetan, ez zen hainbestekoa izan aldea. Batez besteko hipotekadunei -160.000 euro 30 urtean itzuli beharrekoak eta %0,5eko diferentzialarekin-, esaterako, 23 euro besterik ez zitzaizkien txikitu hileroko kuotak.

Aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan alde hori handituz joan da, irailean 375 eurokoa izatera iritsi arte. Urrian eta azaroan zertxobait murriztu egin da, nahiz eta oraindik handia izaten jarraitzen duen.

Datozen egunetan batez besteko hipoteka berrikusten duenak hilean 570 euro ordainduko ditu aurrerantzean, orain arte baino 274 euroedo %32,5 gutxiago. Urtebetean ia 3.300 euro aurreztuko ditu, hortaz. Hipoteka amortizatzeko epea zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta handiagoa izango da kuotetan nabarituko duten aldea ere. Adibidez, 160.000 euro 50 urtean itzuli behar dituenak, hilean 399 euro pagatuko ditu aurrerantzean, orain arte ordaintzen zuena baino 311 euro edo %43,83 gutxiago.

Ez gora, ez behera

Dena dela, hipotekak dituzten guztientzat ez dira modu berean merkatuko kuotak. Nahiz eta hipoteka gehienak berritzeko orduan Euriborra hartzen den kontuan, banku eta aurrezki kutxa askok indizearen jaitsierari mugak jarri dizkiote azken urteetan emandako hamar mailegutatik zortzitan. Interes tasak jaitsi arren, irabazi marjinei eustea bermatu nahi izan dute horrela.

Hipotekadunen poltsikoaren kalterako, baina esan liteke maileguei klausula hori ezarri dieten finantza erakundeek asmatu dutela, Euriborrak ez duelako dagoen mailatik askoz beherago jaisteko marjinik, ez gorantz hasteko itxurarik. Europako Banku Zentralak ostegunean egingo du hileroko batzarra, eta, haren ostean, ohi bezala, Jean Claude Trichet presidenteak argigarri edo nahasgarri gerta daitezken hainbat aipamen egingo ditu erakundeak datozen hilabeteetarako dituen asmo eta usteen inguruan. Baina, oraingoan, adituak ez dira Trichetek hitz egin zain egon EBZk interes tasekin zer egingo duen aurreratzeko. Denek diote gauza bera, datorren urtearen bukaera aldera arte behintzat ez dituela interes tasak %1etik mugitu. Eta bada 2011ko lehen erdian ere jokabide berari eutsiko diola aurreratzen duenik.

Horiek horrela, datozen hilabeteetan Euriborrak aldaketa handirik gabe jarraituko duela ematen du, hamarren batzuk gorabehera. Joera hori antzeman daiteke azaroan egunez egun izan duen mailari erreparatuta, hasi bezala bukatu baitu hilabetea, tartean mugimendu handirik gabe. Ondorioz, hurrengo hilabeteetan hipoteka berritzen dutenek orain arte baino gutxiago ordaindu beharko dute hilean, baina aldea pixkanka-pixkanaka murriztu egingo da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.