2017an sortu zuten Nuuk enpresa, moto elektrikoak ekoizteko, eta Zornotzan eta Galdakaon (Bizkaia) ditu lantegi nagusiak. Zortzi urte hauetan, banaketa enpresak izan dituzte bezero nagusiak. Osagaiak muntatu eta motoak saltzeaz gain, beste hainbat zerbitzu ere ematen dituzte gaur egun, merkatuak eta bezeroek hala eskatuta. Hala azaldu du Ixone Busturia Maletek (Bilbo, 1977), Nuuk enpresako zuzendariondokoak.
Norentzat dira zuen motoak?
Flota profesionaletara zuzentzen gara batez ere, nahiz eta gure ibilgailuak partikularrentzat ere diseinatuta dauden. Eskaintzen ditugun zerbitzuak lanaldiak eraginkorrak izateko diseinatuta daude. Beraz, gure bezeroak orokorrean banaketa enpresak dira, nahiz eta saiatzen garen motoak norbanakoentzat ere erakargarriak izan daitezen.
Zein enpresarentzat?
Correos eta Burger King dira gaur egun gure bezero nagusiak. Correos poliki-poliki ari da flota elektrikora aldaketa egiten, eta Burger Kingek bat-batean egin zuen aldaketa. Hasiera-hasieratik, bai bati eta bai besteari gure zerbitzu denak eskaini dizkiegu haien flota osorako: bai konbustioko motoetarako, bai moto elektrikoetarako, bai lau gurpileko ibilgailuetarako ere, Correosen kasuan. Poliki-poliki laguntzen ditugu konbustiokoak gero eta gutxiago izan daitezen eta gero eta gehiago elektrikoak.
Zenbat saldu dituzue, eta non?
Espainiako Correosentzat 2.500 bat ibilgailu ekoitzi ditugu jada, eta Espainiako Burger Kingentzat 4.000 inguru. Gainontzeko bezeroak txikiagoak dira. Adibidez, Costa Ricako posta zerbitzuan, uste dut 50 inguru ditugula, eta beste horrenbeste Portugalgoan.
Negozio ereduari dagokionez, motoak saldu egiten dituzue ala alokatu?
Ohikoena salmenta izaten da. Baina kasu batzuetan renting-a ere egiten dugu, bezero konkretu batzuentzat, Correosentzat adibidez. Euren flota propioa ez duten banaketa enpresentzako eskaintzen dugu renting-a bereziki.
Eta salmenta eta renting-az gain, zer zerbitzu eskaintzen diozue bezeroei?
Batetik, mantentze zerbitzu osoa, IAT ibilgailuen azterketa teknikoa pasatzea, dokumentazio kudeaketa, isunen kudeaketa eta errepidean berehalako arreta eskaintzen dizkiegu. Bestetik, telemetriarekin eta konektibitatearekin lotutako zerbitzuak ere ematen dizkiegu; gure ibilgailu denak konektatuta daude gure Nuuk conectivity plataformari. Zerbitzu horren bitartez, ibilgailuen parametro asko jasotzen ditugu, eta bezeroei eman, jarduna eraginkorragoa izan dadin haientzat eta guretzat.
Non dituzue lantegiak? Eta zenbat langilek osatzen duzue Nuuk?
Zornotzan dugu lantegi bat, non ingeniaritza taldea eta zerbitzu orokorrak bertan dauden. Bertan egiten dira prototipo lanak, diseinuak, eta abar. Galdakaon ere muntatze tailerra dugu, eta han dago flota kudeatzeko taldea. Espainiako iparralde osoari zerbitzua ematen diogu Galdakaon. Madrilen ere beste mantentze tailer bat dugu, showroom-arekin, floten kudeatzeko zerbitzuarekin eta tailerrarekin. Guztira, 60 langile baino gehiago.
2017an sortu zen Nuuk, eta asko hitz egin da ibilgailuen elektrifikazioaz ordutik. Deskarbonizazioa zuek esperotako erritmoan doa?
Ez, inola ere ez. Elektrifikazioa espero baino askoz ere geldoagoa izan da. Gu ibilgailu arinetan aritzen gara, baina argazkia antzekoa da autogintzan ere. Bultzada handia eman digute bezero batzuek, eta horiei esker gaude hemen, baina gure sektorean enpresa asko sortu ziren eta gerora desagertu dira.
Baterien autonomia arazo bat da bezeroentzat?
Gaur egun motoek duten autonomia nahikoa izaten da erabilpen normal batean txanda baterako edo bi txandarako. Baina badaude ere beste lan egiteko eredu batzuk, non langilea aldatzen den eta motoa 24 orduz erabiltzen duten geratu barik. Lanean ari gara bateriak azkar aldatzeko aukera izateko, eta bezero horiei erantzun ahal izateko.
«Gaur egun motoek duten autonomia nahikoa izaten da erabilpen normal batean txanda baterako edo bi txandarako»
Nola egiten du bezeroak motoen bateriak kargatzeko? Derrigorrezkoa dute beren kargagailu propioak izatea?
Ez dute zertan bezeroek kargaleku propioa eduki, zenbait aukera daude. Adibidez, aukera bat izan daiteke erabiltzaile batzuen artean kargalekuak partekatzea.
Etorkizunari begira, norabide berari eutsiko diozue ala beharrezkoa ikusten duzue aldaketa bat?
Helburua orain artekoaren berdina izango da: gure bezeroei laguntzea euren ibilgailuak ziberseguruak, konektatuak, eta errentagarriak izan daitezen. Mugikortasunaren sektorea birdefinitzen ari da denbora guztian, eta gu harekin batera goaz. Orain arte hainbat aldaketa izan ditugu: hasieran, ingeniaritza bat ginen; gero, enpresa zerbitzu bat, eta, orain, konektibitatearen arloan asko-asko ari gara sakontzen eta zenbait plataforma sortzen gabiltza askotariko zerbitzuekin. Merkatuak berak eta bezeroak berak eskatu dizkigute aldaketa horiek. Merkatua nora doan ez dakigu, baina gu harekin joango gara.
Aukeren artean ikusten duzue norbanakoentzat ere motoak ekoiztea eta horretan indar gehiago jartzea?
Bai, duda barik. Nik uste dut motoak kargatzeko sare hori faltako litzatekeela norbanakoek salto hori eman dezaten, baina, hori heltzen denean, Nuuk hor egongo da, duda barik.