Muga zergek ilundu egin dituzte euroguneko ekonomiari buruzko aurreikuspenak

Euroguneko ekonomia aurten %0,9 haziko dela uste du Europako Batzordeak. Alemania ez aurrera ez atzera ibiliko da 2025ean.

Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur, Bruselan. OLIVIER HOSLET / EFE
Irune Lasa.
2025eko maiatzaren 19a
14:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Antzinako Erroman, iragarleek besteak beste hegaztien portaerari begiratuta iragartzen zuten etorkizuna, jainkoen borondatea. Ekonomistek, gaur egun, ekonomiaren bilakaera iragartzeko datuei begiratzen diete aurreikuspenak egiteko: soldatei, prezioei, salerosketei, gatazka posibleei...

Orain, baina, Erromako iragarle haiek hegaztiekin egin bezala, Donald Trumpen portaerari ere begiratu behar diote. AEBetako presidenteak norekin hitz egiten duen, zer esaten duen sare sozialetan, ze demontre egiten duen muga zergekin, zenbat egiten duen atzera...

Datu horiei begira zaila da ekonomiaz aurreikuspen eta baieztapen borobilik egitea, eta ziurtasun falta horrek are gehiago belzten ditu AEBen muga zergek jada kolpatutako iragarpenak.

Eta horrela, Trumpen portaerari adi eta ziurtasun falta kontuan izanda, Europako Batzordeak %1,3tik %0,9ra apaldu du euroguneak 2025ean izango duen hazkundearen iragarpena, azaroan aurkeztutako aurreikuspenetatik udaberrikoetara. Gauza bera egin du 2026ko hazkundearekin ere: %1,4ko igoera aurreikusi du orain, eta %1,6koa iragarri zuen azaroan.

«Ezin dugu bertan goxo egin. Arriskuek ilundu egiten dituzte iragarpenak»

VALDIS DOMBROVSKISEuropako Batzordeko Ekonomia komisarioa

Muga zergei begira, gaur-gaurkoz AEBetan %25en muga zergak dituzte Europako automobilek, altzairuak eta aluminioak. Horrez gain, Trumpek iragarritako %20ko «elkarrekiko» muga zerga orokorrak %10era apaldu zituzten apirilaren 9an, AEBetako presidenteak 90 eguneko tarte bat ezarri baitzuen negoziatzeko.

Hala, Valdis Dombrovskis Europako Batzordeko Ekonomia komisarioak Batasuneko ekonomiaren «erresilientzia» azpimarratu nahi izan du, eta adierazi batez ere barne merkatuaren indarrari esker dela erresiliente. Baina, haren arabera, «ezin dugu bertan goxo egin. Arriskuek ilundu egiten dituzte iragarpenak, eta Europako Batasunak neurri erabakigarriak hartu behar ditu gure lehiakortasuna bultzatzeko».

Izan ere, muga zergen inguruko negoziazioek oraindik ez diote argitasun handirik emango Europari. Aurreikuspenak egitean, Batzordeak ziurtzat jo du AEBek eutsi egingo dietela Europako ondasun gehienei aplikatutako %10eko muga zergei, eta sektorekako beste muga zerga handiagoak mantendu egingo direla.

Alemania, ez aurrera ez atzera

Hazkundeari dagokionez, aurtengo lehen hiruhilekoan euroguneko ekonomiak gainditu egin ditu hazkunde aurreikuspenak, %0,3ko hazkundea izan du eta. Alabaina, kontuan hartu behar dira AEBetako sendagai konpainia handiek Irlandan aitortzen dituzten diru sarrera handiak eta diru sarrera horiek balantze nagusian eragindako distortsioa. Batzordearen aburuz, Irlandako ekonomia euroguneko batezbestekoaren gainetik haziko da aurrerantzean ere (%3,4). Espainiakoak eta Greziakoak ere halaxe egitea espero da —%2,6 eta %2,3 haziko omen dira, hurrenez hurren—.

Euroguneko lokomotorrarentzat, Alemaniarentzat, berriz, Europako Batzordeak asko apaldu ditu aurreikuspenak. Azaroan iragarri zuten %0,7ko hazkundea izango zuela 2025ean, eta orain uste da ez aurrera ez atzera geratuko dela (%0,0). Dena den, Batzordeak ez du kontuan hartu Alemania defentsa sektorean egitekoa den gastuaren igoera, «datu horien zehaztasun faltarengatik».

Iragarpen hobeak ditu Batzordeak euroguneko beste ekonomia indartsu batzuei dagokienez, Frantziakoari eta Italiakoari dagokienez, alegia: hurrenez hurren %0,6 eta %0,7 haziko direla uste du.

Inflazioa

Prezioen igoera aurretik uste baino gehiago geldotuko dela ere uste du Europako Batzordeak. 2024an batez besteko inflazioa %2,4koa izan zen eurogunean; aurten %2,1era apalduko da, eta 2026an %1,7ra.

Horrek esan nahi du oso posible dela EBZ Europako Banku Zentralak ezarritako %2ko inflazio helburua aurten erdiestea, urtearen bigarren erdian. EBZk ekainaren 5ean izango du bere hurrengo kontseilua, eta gero eta analista gehiagok uste du bankuak beste koska bat kendu diela interes tasei. Izan ere, AEBen muga zergek prezioak behera bultzatzen jarraituko dutela iritzi diote. Eta Txinako inportazioek ere horretan eragin dezakete.

Txinaren beldur

Genevako elkarrizketetan AEBek eta Txinak nolabaiteko su etena adostu zuten, Donald Trumpek apirilaren 2an muturreraino eramandako merkataritza gerran. Baina Txina beste merkatu batzuen bila dabil, eta horrek kezkatuta dauzka Europako agintariak. Joan den astean bertan, Dombrovskisek berak Txinari deia egin zion Europarako esportazioetan neurritsu ibil dadin: «Gure merkatuak gainezka egiten hasten badira, guk gure merkatuak, gure enpresak eta gure lanpostuak defenditu beharko ditugu». Europako Batzordearen iturrien arabera, oraindik ez da antzeman Txinako salgai olderik, baina, hori gertatuz gero, EBk dagoeneko prest dauzka neurriak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.