AEBek eta Txinak luzatu egin dute muga zergen su etena

Washingtonek eta Pekinek elkarri ezarritako zergarik gogorrenak beste 90 egunez geratuko dira bertan behera.

Donald Trump, atzo, Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan. YURI GRIPAS / EFE
Donald Trump, atzo, Etxe Zurian emandako prentsaurrekoan. YURI GRIPAS / EFE
Irune Lasa.
2025eko abuztuaren 12a
11:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste luzapen bat, epea bukatzeko ordu gutxi batzuk falta zirela. Egia esan, inor gutxi harritu du atzo gauean Etxe Zuriak hartutako erabakiak, zeinarekin beste 90 egunez luzatu duen Txinarekin muga zergei buruz akordio bat lortzeko epea, azaroaren 10era arte.

Izan ere, beste aukera, elkarri jarritako itzelezko zergak indarrean jartzea, eramanezina egingo litzaieke: Txinako produktuek %145eko muga zerga izango lukete AEBetan —%245ekoa produktu jakinen batzuek—, eta AEBetakoek, berriz, %125ekoa Txinan. Halako prezio igoerekin, praktikan, eten egingo litzateke munduko bi ekonomia handienen merkataritza harremana.

Horrez gain, Txinak bere aukera sendoenetako bat erabiliko luke, aurretik ere erabilitakoa: mugatu egingo luke lur arraroen AEBetarako hornidura.

AEBen eta Txinaren arteko merkataritza gerrako nolabaiteko su etenaren luzapenaz hitz egin zuen atzo Trumpek, beste hainbat gairen eta dibagazioren artean. Xi Jinpingekin oso ondo moldatzen zela esan zuen, nahiz eta jakina den oraindik ez duela Pekingoak Etxe Zurira deitzerik lortu.

FOTODELDÍA CHINA ECONOMÍA
Nike markaren denda bat Pekinen. 

Negoziazioetarako epea luzatzeko sinatu duen agindu exekutiboan, berriz, Trumpek dio Txinak «aurrerapauso esanguratsuak» egin dituela «elkarrekikoak ez diren merkataritza akordioak konpontzeko eta kezkei erantzuteko».

Txinako Merkataritza Ministerioak ere jakinarazi du bere muga zergak behin-behinean, 90 egunez, bertan behera utziko dituela. Indarrean jarraitzen dute, hala ere, Asiako herrialde hark AEBetako ondasunen inportazioei ezarritako %10eko zergek. Izan ere, AEBek, fentanilo trafikoa zigortzeko argudioarekin, gaur egun %30eko muga zergak dituzte Txinako produktuen gainean.

Horiei gehitu behar zaizkie gai jakin batzuen gaineko errekarguak. Adibidez, Txinak %10 eta %15 arteko zerga gehigarriak ditu AEBetako sojarentzat eta energia produktuentzat. Herenegun bertan, Trumpek AEBetako sojari buruz hitz egin zuen, eta esan Txinak orain erosten duen soja halako lau erosi beharko lukeela merkataritza superabita orekatzeko.

Muga zergarik ez urreari

Urre lingoteen inportazioei muga zergarik ez diela ezarriko jakinarazi zuen atzo Trumpek bere sare sozialean: «Urreak ez du zergarik izango!». AEBetako presidenteak ez zuen zehaztasun gehiago eman, baina adierazpena nahikoa izan zen urrearen prezioak jaisteko (-%1,2) New Yorken.

Urre lingoteen gaineko zergaren berri Financial Times-ek eman zuen joan den astean, haiek ezartzen zituen AEBetako Aduanen ebazpen bat oinarri hartuta. Informazioak mundu osoko urre merkatuak asaldatu zituen, eta urre finduko lingoteen ekoizle nagusia, Suitza, jomugan jarri.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.