Mubil Mobility Expo

Mugikortasun jasangarriaren erakusleihoa Ficoban

105 enpresa elkartu dira Mubil Mobility Expo azokaren laugarren aldian, mugikortasun iraunkorraren industriak duen etorkizuna erakusteko.

Crisalion enpresaren prototipo bat MUBIL MObility Expon. JORN URBE / FOKU
Crisalion enpresaren prototipo bat MUBIL MObility Expon. JORN URBE / FOKU
pettan uralde
Irun, Gipuzkoa
2024ko apirilaren 17a
17:00
Entzun

Mugikortasun jasangarriari buruzko ezagutza guztia, hala industriala nola digitala, bi egunez elkartuko da Mubil Mobility Expon, sektore horri buruzko Europa hegoaldeko azokan. Topaketa horren laugarren aldia izango da, eta erreferentziazko eguna da dagoeneko karbono emisio apaleko ibilgailuak ekoizten dituzten enpresentzat, eta baita merkatuak egun eskaintzen dituen produkturik eta zerbitzurik berritzaileenak bertatik bertara ezagutu nahi dituzten erakunde guztientzat ere.

105 enpresaren proposamenak aurkeztu dituzte Ficobako (Irun, Gipuzkoa) pabiloietan eta kanpoaldeko erakusketa eremuan, mugikortasun jasangarriaren balio kate osoaren erakusgarri: automobilgintzako eta ekipamendu elektrikoko enpresak, bateria fabrikatzaileak, energia hornitzaileak, azpiegitura eta sare enpresak, zerbitzu integratzaileak, adimen artifizialekoak eta big data-koak... 

Enpresen jatorri geografikoa aztertuta, %37 EAEkoak dira, %50 Espainiakoak, eta %13 Europako beste herrialde batzuetakoak; hala nola Frantziakoak, Alemaniakoak, Esloveniakoak eta Herbehereetakoak.

«Mubil Mobility Expo gure jarduerarik indartsuenetako bat da», nabarmendu du Igor Villarreal Mubileko zuzendari nagusiak. Azoka horretan, mugikortasun iraunkorraren eta adimendunaren balio kate osoko enpresek produktu berritzaileak ezagutarazten dituzte, irtenbide digitalak barne. «Erosle handiek erakusketariekin merkataritza harremanak izateko topagunea ere bada, baita mugikortasunaren inguruko ezagutza eta esperientziak partekatzeko gunea ere».

Ildo beretik mintzatu da Mubil Mobility Expoko zuzendari Monica Alday: «Azokak interes handia sortu du merkatuan, eta %100ean bete ditugu merkaturatze helburuak. Merkaturatze datu on horiek islatzen dute mugikortasun iraunkorraren sektoreak uste duela azoka tresna egokia dela sektorea bultzatzeko».

(ID_13794902) (Jon Urbe/@FOKU) 2024-04-17, Irun. MUBIL Mobility Expo
Nted Energy enpresaren ibilgailu elektrikoa. JON URBE / FOKU

Nazioarteko 29 erosle

Halaber, aurreko aldietan bezala, azokaren antolatzaileek bisitari espezializatuak bertaratzea sustatuko dute. Mugikortasun jasangarriko produktuetan eta zerbitzuetan inbertitzeko gaitasuna duten enpresak izango dira, publikoak zein alor pribatukoak, Hosted Buyers programa bat antolatuta. 29 konpainiak joango direla berretsi dute dagoeneko: Espainiako zenbait udal, garraio operadore pribatuak, eta Esloveniatik, Uruguaitik, Frantziatik eta Italiatik etorritako erosle potentzialak.

Azokaren lehen eguna Francisca Rubiok emandako hitzaldiarekin hasi da. Ikerketan eta garapenean aditua da, Gaia X proiektuaren Espainiako zuzendaria, eta hogei urtetik gorako eskarmentua du, batik bat energian, argiztapenean eta eraikin adimendunetan. Puri-purian dagoen gai bat landu du: data open spaces direlakoak. Toki horietan, datuetan oinarritutako elkarlaneko eta ezagutzak trukatzeko ekitaldiak, hitzaldiak eta bilkurak egiten dira, modu informalean.

«Erosle handiek erakusketariekin merkataritza harremanak izateko topagunea ere bada, baita mugikortasunaren inguruko ezagutza eta esperientziak partekatzeko gunea ere».

IGOR VILLAREAL Mubileko zuzendari nagusia

Horrez gain, zortzi mahai inguru egin dira, mugikortasun jasangarriaren bilakaerarekin lotutako askotariko gaiak lantzeko: hala nola bateriak, birkargatzeko azpiegiturak, garraio multimodala, ibilgailu autonomoa, mugikortasun jasangarrirako zerbitzu eta azpiegitura adimendunak, mugikortasun partekatua eta hidrogenoa.

Halaber, azokaren bi egunetan hainbat mahai inguru egingo dira, Fast Interview izenekoak, epaimahai batek enpresa erakusketarien proposamen artean hautaketa egin ostean. Foro horretan landuko diren gaien artean daude, besteak beste, automobilgintzaren sektoreko joerak eta ibilgailuak elektrifikatzeko teknologiak; Medusa, ibilgailu elektrikoak kargatzeko soluzio jasangarri eta aitzindaria; trenaren zerbitzu publikoko obligazioak eta kontsesio intermodalen mapak 2028an deszentralizatzeko aukera historikoa; eta Kaindar, Bizkaiko eta Gipuzkoako portuetarako lehen sare elektriko adimenduna.

Ibilgailuen erakustaldiak eta gidatzeko aukera

Azokaren kanpoaldean, Test Drive eremu praktikoa aurkeztu dute. Han, bisitariek aukera izan dute askotariko ibilgailu elektrikoak gidatzeko (autoak, eskuterrak edo autobusak) eta erakustaldi batzuk ikusteko. Besteak beste, CAF, Tecnalia, eta Irizar e-mobility enpresek beren ibilgailuak aurkeztu dituzte. Irizarrek, hain zuzen, Ie Tram ibilgailua erakutsi du. Hamabi metro luzeko ibilgailua, «erabat elektrikoa, iraunkorra, zero igorpenekoa, eraginkorra, adimenduna, irisgarria, segurua eta konektatua» dela nabarmendu dute.

Crisalion Mobility konpainiak eta Tecnalia garapen teknologikorako zentroak ere aurkeztu dute ibilgailu modernoa, Intellydrive izeneko teknologia berriaren eskutik. «Etorkizuneko mugikortasunak ekologikoa eta iraunkorra izan behar du, eta, horretarako, energia alternatiboen baliabide gehiago izateaz gain, gidatze automatizaturako irtenbideak ere behar dira, etorkizuneko hirietan beste modu batera mugitzeko», azaldu dute Oscar Lara Crisalioneko Operazioen zuzendariak eta Mikel Sanchez Tecnaliako Mugikortasun zuzendariak.

(ID_13795034) ESPAÑA MOVILIDAD SOSTENIBLE
Tecnalia eta Crisalionen ibilgailua, Ficobako Test Drive eremuan. JAVIER ETXEZARRETA / EFE

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.