Lan istripua

Murgako lan heriotza estaltzen saiatzea eta hildako langilea mugitu izana egotzi dio LABek enpresari

LABek jakinarazi duenez, Ertzaintzak lankide bat inputatu du gutxienez, eta sindikatuak nabarmendu du hildakoa lekualdatzeko agindua Zorroza Gestion de Residuos enpresako gerenteak eman zuela

Zorroza Gestion de Residuos enpresaren eraikina. AIARALDEA
Imanol Magro Eizmendi.
2020ko martxoaren 10a
13:14
Entzun

LAB sindikatuak Bassirou Dione 24 urteko langilearen heriotza eragin zuen lan istripuaren inguruko xehetasun berriak eman ditu, eta enpresari istripuaren gertalekua aldatu izana, eta larri zauritutako langilea lekualdatu izana egotzi dio. Dione otsailaren 29an hil zen, Zorroza Gestion de Residuos enpresak Murgan (Araba) duen biltegian bederatzi metrotik erorita. Sindikatuak jakinarazi duenez, enpresako kudeatzaileak Dione eta beste langile batzuei teilatura igotzea agindu zien hodi bat konpontzeko. Hori ez zen euren jarduna enpresan, eta segurtasun neurririk gabe igo ziren. Lan horretan ari zela, teilatu zati bat puskatu, eta Diane erori egin zen.

LABek azaldu duenez, eta behin lurrean zela, enpresako kudeatzaileak langile batzuk behartu zituen Dione mugitu eta bere lanpostura eramatera, eta agindu zehatzak eman zizkien: “Badakizue zer esan behar duten, ez? Zintatik erori dela... Zintatik erori dela!”. Lekukoek diote oraindik bizirik zegoela. Era berean, eta sindikatuak jakin duenez, Ertzaintzak gutxienez pertsona bat inputatu du kasuarengatik, eta hori langile bat da. Hari ustezko estalketa delitua egozten diote. Sindikatuak ez daki inputatu gehiago dagoen.

Osalanen eta lan ikuskaritza txostena ez dago eginda, baina sindikatuek aurrerapen txiki bat jaso dute. Horren arabera, teknikariak joan zirenean, hurrengo goizean, Diane erori zen teilatuko zuloa konponduta zegoen. Era berean, sindikatuak lantoki horretan egondako beste hainbat irregulartasun salatu ditu, besteak beste, lan istripu larriak ezkutatu izana edota langileei eraso edo mehatxu egin izana. 2017an enpresako buruak hiru aldiz ukatu zien sarrera lantokia ikuskatzera joan ziren zerbitzu teknikoei, eta, azkenean, Ertzaintzak lagunduta sartu behar izan ziren.

Diru bilketa gorpua aberriratzeko

Baobat Santurtziko elkarteak dirua biltzeko kanpaina bat antolatu du Dianeren gorpua Senegalera eraman ahal izateko —hangoa zen, jaiotzaz—. Elkarteak Mamarigako Kulturgunean (Santurtzi) duen egoitzan ere egin ahalko dira dohaintzak, edo, bestela, Kutxabankeko kontu honetan: ES30 2095 0089 6091 1197 0033 (Bassirou DEP jarri beharko da kontzeptuan).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.