Finantza merkatuen presioa gain-gainean sentitzeak erretorika eta borroka politikoa alde batera utzi, eta bizkor jokatzera behartu ditu Italiako politikariak. Senatuak atzo onartu zuen 2014 bitartean gastua 79.000 milioi euro murrizten duen plana, eta gaur itxiko du prozesua Diputatuen Ganberak. Gobernuak ekainaren amaieran aurkeztu zuena baino askoz gogorragoa da murrizketa, eta herritarrek gogotik pagatuko dute: sendagilearenera joateagatik ordaintzen hasiko dira, geroago erretiratuko dira eta pentsio txikiagoekin, eta zergetan gehiago pagatuko dute. Neurri sinbolikoak ere badaude, hala nola auto ofizialen neurria txikitzea eta goi agintariak ez direnen hegaldi publikoak mugatzea.
Krisia indarrean jarri zenetik bigarren doikuntza plana da atzo Senatuak onartutakoa. 2010ean gastua 25.100milioi euro gutxitzekoa onartu zuten, eta orain 79.000 milioi eurokoa jarriko da indarrean. Silvio Berlusconiren gobernua sostengatzen duten alderdien 161 boto jaso zituen, oposizioaren 135 aurka eta hiru abstentzio. Edonola ere, Giorgio Napolitano Errepublikako presiden- teak eskatuta, oposizioak ere lagundu dio planari, haren onarpena aste batzuz atzeratuko luketen zuzenketak gutxituta. Hori bai, Berlusconik dimisioa emateko eskaera indartu du. «Zure gobernuak min egiten dio Italiari; herrialde handia da, baina zu gabe hobeto joango litzateke», aurpegiratu dio gobernuburuari Anna Finocchiaro Alderdi Demokratikoko senatarien buruak.
Hauteskundeen ondoren
Planaren helburua da 2014rako Italiak defizit publikorik ez izatea eta, hortaz, zor izugarria—1,84 bilioi euro, barne produktu gordinaren ia %120— murrizten hastea. Berlusconik nahi zuen bezalaxe, neurri gogorrenak 2013an hastekoa den hurrengo legegintzaldirako utziko dira: 2011n 3.000 milioi aurreztuko dituzte, 2012an 6.000 milioi, 2013an 25.000 milioi eta 2014an 45.000 milioi.
Planaren defentsa egitean, Europako Batasuneko gobernuek azken urtean zorraren krisiari aurre egiteko erakutsi duten ezintasunarekin haserre azaldu da Tremonti, eta arazoa batasun osoari dagokiola ziurtatu du: «Gaur Europak hitzordua du bere patuarekin: irtenbidea ez dator finantzetatik, politikatik baizik. Baina politikak ezin du huts egin.Titanic-en bezala, lehen mailan doazen bidaiariak ere ez dira salbatuko».
Haren arabera, merkatuak eta rating agentziak batasun eza ordainarazten ari dira. «Arrisku sariei begira, eurogunearen %40 krisian dago orain. Inork ezin du sinistu, baina hala da.Sinesgarritasun eta konfiantza politikoaren arazoa da. Nola sinis daiteke hamazazpi estatuk sortutako eta kontrolatutako diru batean?».
Erreformak ez dira hor geratuko. Batetik, Tremontik jakinarazi du Estatuaren, eskualdeen eta udalen hainbat enpresa eta jabetza saldu egin beharko dituztela, baina «krisia bukatu arte» itxarongo dute, orain haien truke oso diru gutxi jasoko luketela uste baitu. Bestetik, Alemaniaren haritik, kontuak orekatu beharra Konstituzioan sartzea eskatu du Ekonomia ministroak. Ikusteko dago neurri horiek indarrean jarriko diren, baldin eta zentro-ezkerrak datozen hauteskundeak irabazten baditu.
Merkatuetatik seinale kontrajarriak jaso zituen atzo Italiak. Batetik, pare bat eguneko beherakadaren ondoren berriro ere gora egin zuen arrisku sariak. Bestetik, bost eta hamabost urteko bonuak saldu ahal izan zituen, haren truke aspaldiko errentagarritasunik handiena ordaindu behar izan zuen arren.
Murrizketa plan gogortua onartuko du gaur Italiako Legebiltzarrak
Erretiroa atzeratu egingo dute, medikuarenera joateagatik pagatu egin beharko da eta familiei zerga kenkariak gutxituko dizkieteSenatuak ontzat hartu du lau urtean 79.000 milioi euroko doikuntza egitea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu