Kontu publikoak

Murrizketa plana pixka bat aldatzeko prest da Valls

Gastu publikoa 50.000 milioi euroan gutxitzea negoziaezina da Frantziako lehen ministroarentzat. 

Iker Aranburu.
2014ko apirilaren 22a
12:35
Entzun

2015 eta 2017 tartean gastu publikoa 50.000 milioi euroan murrizteko Egonkortasun Plana onartuko du gaur Frantziako Gobernuak. Plan horretan zenbait aldaketa egiteko prest azaldu da gaur Manuel Valls lehen ministroa, ikusita bestela nekez lortuko duela bere PS alderdi sozialistaren botoa.

Bruno Le Roux PSko talde parlamentarioko buruarekin eta beste hamar alderdikiderekin bildu da Valls, arratsalde hasieran, Matignongo bere egoitzan. Haien artean egon da Valerie Rabault aurrekontu batzordeko arduraduna, baina ez, ordea, Karine Berger diputatua. Azken hori buru izan duen finantza batzordeko talde batek zenbait alternatiba landu zituen asteburuan zehar, pentsioak eta gizarte prestazioak Frantziako Gobernuaren guraizeetatik libratzeko.

Iragan asteazkenean, Vallsek iragarri zuen gutxienez 2015eko urrira arte izoztuta izango zirela sari publiko guztiak, Frantziak bere defizita %3ra jaisteko egin beharreko ahalegina «denen artean banatzeko». Iragarpen hori oso gaizki hartu dute PSko diputatu askok, eta arriskuan jarri dute Egonkortasun Planak Asanblea Nazionalaren onespena jasotzea, hilaren 29an. PSk gehiengo osoa du ganbera horretan, baina diputatu disidente batzuren ihesa nahikoa izan daiteke bozketa  galtzeko. Eskuineko oposizioa zein ezkerrekoa planaren aurka daude, kontrako arrazoiengatik.

PSko sektore ezkertiarrago batek eskatu du murrizketak 35.000 milioi euroan uztea, baina aukera hori guztiz baztertuta dagoela azaldu du Le Rouxek, Vallsekin bildu ostean. «Funtsezkoena da 50.000 milioi euroren murrizketa inork ez auzitan jartzea», gehitu du François Hollande presidentearen gertuko batek.

Presidentea eta lehen ministroa, ordea, prest leudeke sozialista moderatuei keinu bat egiteko. Pentsio txikiak ez izoztea edo langile publikoen soldaten igoerari epe bat jartzea leudeke keinu horien artean, Le Rouxek aurreratu duenez. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.