Zorraren krisia

Murrizketak ekonomia bultzatzeko neurriekin uztartzeko eskatu du NDFk

Munduko hazkunde iragarpena jaitsi du funtsak, herrialde aberatsetako defizit arazoak direla medio

Iker Aranburu.
2011ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Urte erdian norabidez aldatu du munduko ekonomiak. Udaberriaren hasieran «bide onean» zihoana, orain «garai arriskutsuan» dagoela ohartarazi du NDF Nazioarteko Diru Funtsak. Eta ekonomiaren bilakaera okertzearekin batera, bere errezetak zertxobait moldatu behar izan ditu erakundeak: orduan herrialde garatuei defizitak kosta ahala kosta murrizteko eskatu zien, eta orain onartu egin du erabateko austeritatea hazkundea itotzen ari denez ez dela baliagarria kontuak orekatzeko. Edonola ere, ez du eskatu murrizketen bidea alboratzeko, epe laburrean ekonomia sustatuko duten neurriekin uztartzeko baizik.

Washingtonen egindako agerraldian, Olivier Blanchard NDFko ekonomisten buruak onartu egin zuen apirilean ez zirela gai izan ekonomiaren moteltzea ikusteko. «Jarduera ahuldu egin da eta desorekatuagoa da, azkenaldian konfiantza amildu egin da eta arriskuak handitzen ari dira. Egiturazko ahultasunen testuinguruan, nazioarteko ekonomiak shock andana jasan ditu aurten». Kolpe horien artean Japoniako lurrikara aipatu du NDFk, baina batez ere eurogunearen «finantza zurrunbiloa».

Ondorioz, munduko ekonomia %4 da haztekoa aurten, iaz baino puntu bat gutxiago eta apirilean baino hiru hamarren gutxiago. 2012rako ere %4ko hazkundea espero du NDFk, eta herrialde aberatsek bilakaera hobea izatea: aurtengo %1,6tik %1,9ra. Hazkunde hori, hala ere, ez da nahikoa izangolangabezia nabarmen gutxitzeko.

Bada apirilaz geroztik aldatu ez den zerbait, bi abiaduretako hazkundearena: herrialde aberatsak ez bezala, hazkunde tasa handiak izango dituzte gorabidean daudenek eta, oro har, pobre askok. Hori bai, Europara, Ipar Ameriketara eta Japoniara gutxiago esportatu ahal izango dutenez, han ere hazkunde aurreikuspenak bi hamarren gutxitu ditu NDFk.

Aholkuak euroguneari

Nazioarteko ekonomiaren arrisku handienetako bat eurogunearen periferiaren krisian ikusten du NDFk eta horregatik erabaki sendoak hartzeko eta erabakitako neurriak indarrean jartzeko erregutu die hango agintariei.

Oro har austeritatea txalotu egiten du, baina aldi berean eskatu du murrizketen bidez ekonomiak ez itotzeko: «Periferiako ekonomietan, lan nagusia da uztartzeakontuen orekatzea eta sakoneko erreformak batetik, eta suspertzeko neurriak bestetik, ziurtatu ahal izateko ekonomia horien doikuntza jasangarria dela». Uztarketa hori nola den posible, ordea, ez du esan NDFk.

Europako Banku Zentralari aholkatu dio interes tasak jaisteko, eta bankuei, berriz, behar duten kapitala bizkor eskuratzeko, zor subiranoaren krisia gehiago ez larritze aldera.

Munduko ekonomi moteltzen ari den beste faktore nagusia AEBetan ikusi du NDFk. «Sakoneko desadostasun politikoen ondorioz ez dago batere garbi zein politika hartuko den. Arrisku handia dago zergen murrizketa bizkorrek hazkundea gutxitzeko, epe luzera zorra maila jasangarrietan uzteko ezer egin gabe».Horregatik, epe erdira defiziten eta zorraren murrizketa eta epe motzean ekonomiari bultzada emateko neurriak bateratzeko aholkatu du.

Mundu aberatsetik kanpo, ekonomia hobeto doala nabarmendu du NDFk, baina baditu zenbait eskaera. Txinari, esaterako, eskatu dio bere diruaren balioa igotzeko, hartara barne kontsumoa handitzeko. Latinoamerikari, berriz, ekonomiaren gehiegizko berotzearen aurkako neurriak aholkatu dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.