Europako Batasuneko herrialdeek bi urte dituzte kontu publikoetako desorekak zuzentzeko, defizit publikoa barne produktu gordinaren %3ra mugatzeko alegia. Herrialde gehienek hartu dituzte horretarako neurriak, nahikoeraginkorrak gainera, helburua, defizita murriztea, lortzen ari direlako. Baina, defizitean ez ezik, barne produktu gordinaren bilakaeran ere eragingo dute neurri horiek. Hala, EBko ekonomiaren hazkundeak moteltzera egingo duela ohartarazi du Europako Batzordeak. Eurogunerako %1,5eko hazkundea iragarri du 2011rako eta %1,7koa EBrako; aurten, aldiz,hurrenez hurren %1,7 eta %1,8 haziko direla uste du.
Euroa darabilten herrialdeen artean burua altxatzea gehien kostatzen ari zaienak Espainia, Irlanda eta Grezia dira. Soilik hiru herrialde horietako ekonomiak uzkurtuko dira aurten. Dena dela, Bruselak 2011rako hazkundea iragarri dio Espainiari; ahula, baina hazkundea. Gerta liteke, ordea, defizita jaisteko neurri gehiago hartu beharra. Gainontzeko guztiek, ostera, hazkundearekin bukatuko dute urtea. Guztietan sendoenak, Alemaniak, %3,7 hazkundea erdietsiko du aurten; eta hari esker euroguneko batez bestekoa %1,7ra ailegatuko da.
Enpleguari dagokionez, Bruselak ez du gorabehera handirik espero datorren urterako. Langabe kopurua gutxinaka-gutxinaka gutxitzen hasiko da herrialderik gehienetan; ez, ordea, Espainian, Grezian eta Portugalen. Bruselaren arabera, 2010a %20,1eko tasarekin bukatuko du Espainiak eta %20,2koarekin 2011. EBko tasarik handiena du, batez bestekoaren bikoitza baino handiagoa.
Murrizketek hazkundea motelduko dute 2011n
Aurten %1,5 haziko da euroguneko ekonomia, eta %1,7 EBkoa; datorren urtean, pare bat hamarren gutxiago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu