Nafarroa defizit muga ez betetzeko bidean da urtearen lehen erdian

%2,50eko defizit publikoa pilatu du urteko lehen sei hilabeteetan, baina Espainiak esan du benetako kopurua %1,1ekoa delaArabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak %0,19ko defizita izan dute, %1,5eko mugatik urrun

jakes goikoetxea
2012ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroako Gobernuak lanak izango ditu Espainiako Gobernuak autonomia erkidegoei ezarritako %1,5eko defizit helburua bete ahal izateko: barne produktu gordinaren (BPG) %2,5eko defizit publikoa izan du urtearen lehen erdian. Espainiako Gobernuak, baina, kopuruari garrantzia kendu nahi izan dio, Nafarroako Gobernuaren «zerga dinamika eta egutegi ezberdinak» eragindakoa dela esanda. Nafarroaren berezitasun horiek aintzat hartu gabe, BPGaren %1,1eko defizita duela zehaztu du. Urte erdian urte osoko helburutik lau hamarrenera. Arabaren, Bizkaiaren eta Gipuzkoaren defizit publikoa %0,19koa izan da, Espainiako Gobernuak atzo emandako datuen arabera.

Zehazki, Nafarroaren defizita 458 milioi eurokoa izan da eta Arabarena, Bizkaiarena eta Gipuzkoarena 127 milioi eurokoa (iaz 22 milioi euroko superabita zuten garai berean). Eusko Jaurlaritzak esan izan du urte amaieran orain arteko zerga bilketaren jaitsiera errepikatuta ere, %2,4koa, abian dituela 290 milioi aurrezteko planak. Ondorioz, defizit publikoaren muga beteko duela, murrizketa gehiago egin gabe.

Autonomia erkidegoek urtearen lehen erdian, Espainiako Gobernuak aurreratu dien dirua aintzat hartu gabe, %0,93ko defizit publikoa izan dute, 9.823 milioi euro; aurreratutako dirua aintzat hartuta, berriz, %0,77koa, iaz garai berean baino %53,7 gutxiago. Urte osoko defizitaren muga gainditu dute, Nafarroaz gain, Extremadurak (%1,89) eta Murtziak (%1,80).

Berez, urte osorako BPGaren %1,5eko muga aintzat hartuta, Nafarroaren defizitak 275 milioi euro ingurukoa izan beharko luke, hau da, atzo emandako kopurua baino 183 milioi euro gutxiago. BPGaren %1,1eko defizita ontzat hartuta ere, 200 milioi euroak gainditu ditu. Espainiako Gobernuak eta Nafarroakoak argitu beharko dute Nafarroaren «zerga dinamikak eta egutegi ezberdinak» zenbat milioi euroko eragina duten.

Lurdes Goikoetxea Ogasun kontseilariak atzo onartu zuen ez dakiela Espainiak kopuru hori nondik atera duen, «argitu ahal izateko». Zehaztasunak gaur jakitea espero du. Goikoetxeak aipatu zuen Estatuak Nafarroari ez diola ordainketa jarraiturik egiten, gainerako autonomia erkidegoen moduan, eta orduan batzuetan diru sarrera asko izaten dituztela, eta beste batzuetan gastu asko.

Nafarroako defizitaren kopuruak ikusita, gobernuak aurten gastuak murrizteko neurri gehiago hartzea eragin dezake. Ez litzateke harritzekoa, diru sarreren aurreikuspenak ia hilero aldatu baititu, eta murrizketak murrizketaren atzetik onartu baititu. Azkena, ekainean, 132 milioi eurokoa. Datorren urterako ere aizkora zorrozten ari da: 327 milioi murriztu nahi ditu.

Bi kopuruen 'ohitura'

Ohikoa bihurtu da Nafarroaren defizit publikoari buruzko bi kopuru izatea. Hala ere, aldea ikusgarria da, are gehiago lehen hiruhilekoan emandako datuak ikusi eta gero. Orduan Nafarroako Gobernuak esan zuen defizita %1,09koa zela; Espainiako Gobernuak, aldiz, %1,4koa. Hiru hilabete beranduago, baina, Espainiak eman duen kopurua puntu bat handiagoa da.

Iazko defizitarekin ere gertatu zen. Nafarroako Gobernuak defizit publikoa BPGaren %1,2koa izan zela esan zuen; Espainiakoak, aldiz, %1,89koa. Desadostasunaren muina Pirinioetako autobia izan zen orduan. Nafarroako Gobernuak bere defizita neurtzeko orduan ez du aintzat hartzen azpiegitura hori egiteko gastua, itzalpeko bidesariaren bidez ordaintzen ari delako: enpresa batek egiten, kudeatzen eta mantentzen du, eta gobernuak kopuru bat ordaintzen dio urtero, erabiltzaile kopuruaren arabera. Espainiarentzat Nafarroako Gobernuak gastuen artean sartu behar du autobia; Nafarroako Gobernuarentzat ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.