U30 greba orokorra. Lurraldeka

Nafarroa: grebak erdizkako erantzuna izan du

Grebak erantzun zabala izan du Sakanan, Leitza aldean eta Bortzirietan, eta apalagoa Iruñerrian zein hegoaldean. Bost lagun atxilotu dituzte Burlatan eta Donibane auzoan

Espainiako poliziak eta foruzainak barrikada bat kentzen Burlatan. JESUS DIGES / EFE.
joxerra senar
Iruñea
2020ko urtarrilaren 31
00:00
Entzun
Gris maila askoko argazki bat utzi zuen grebak atzo Nafarroan. Nabaritu zen lanuztea, baina erdizka geratu zen; kontrastez beteriko irudi bat utzi zuen. Erantzun zabalagoa izan zuen ELAk eta LABek indar handiagoa duten alor eta eskualdeetan.

Iruñerriko bi industriagune nagusiek, Landabenek eta Talluntxek, kontraste hori islatu zuten. Volkswagenen, goizeko txandan, langile ugari sartu ziren. Espainiako Poliziako bost furgoneta joan ziren zaintza lanak egitera. Landabengo enpresa handi guztiek (Koxka, Saltoki, Continental, Dana, Dynamobel) ateak ireki zituzten, baina askotan aparkalekuetan auto gutxi ziren. Sindikatuen arabera, greba egin zuten Kybsen, Kayaban, Faurecian, Lacteos Navarran, Uscalen, TIDen eta Konen. Lantegi txiki asko itxita zeuden goizean, eta jarduera eskasa zuten. Eguerdian, normaltasuna izan zen jaun eta jabe Noaingo Talluntxen: enpresa gehienak irekita zeuden, eta egun normal baten tankera zuen. IAT irekita zegoen, baina auto gutxirekin. Uharteko Areta industria gunean, istiluak izan ziren goizean goiz, eta lau lagun atxilotu zituzten.

Iruñean, auzoetan denda gehienak irekita zeuden, baina ohi baino jende gutxiago zebilen kalean. Morea merkataritza gunean, saltoki guztiak irekita ziren, eta eguerdian bezeroen joan-etorri handia zegoen. Grebalariek elkarretaratzera deitu zuten han 18:00etan.

Iruñerritik kanpo, Sakanan, erantzun handia izan zuen grebak industrian zein zerbitzuetan: Cementos Portlanden, Magotteauxen eta Atabon eragin handia izan zuen. Leitza aldean ere lantoki eta dendak itxita zeuden (Lecta, kasu). Lekunberrin, aldiz, bezperan adina auto zegoen lantegi handienean, Agrozumosen. Bortzirietan, Savera eta Funvera itxita zeuden; Arcelorren eta Zalainen, grebak eragin handia izan zuen, baina kamioien joan-etorria zebilen.

Lizarran, grebalariek herri sarrerako errepidea moztu zuten, baina udaltzainek trafikoa desbideratu zuten. Industria gune enpresa gehienak irekita zeuden. Merkataritzan gehiago nabaritu zen greba: Mercadona eta Eroski irekita egon ziren, baina apenas izan zuten bezerorik lehen orduetan. Tafallan, denda gehienak irekita zeuden, eta hegoaldeko industria gunean bai, nabaritu zen greba.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.