Fiskalitatea

Nafarroak 3.941 milioi euro bildu zituen iaz

Egutegian izandako aldaketen eragina kenduta, bilketa %7 handitu da: errenta zergarena, %9; BEZarena, %12,1; eta sozietate zergarena, %3,7. Ondorengotza zergan eta ondare zergan, berriz, diru sarrerek behera egin dute.

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun kontseilaria, abenduko agerraldi batean. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko urtarrilaren 31
13:03
Entzun

Iragan urte hasieran jarritako helburua ere hobetu du Nafarroako Gobernuak, aurrekontuetan jasotako zifra hiru puntu igo baitu;  ondorioz, neurri berean handitu zuen gastua. Iaz 3.941,1 milioi euro bildu zituen ogasunak, 2018an baino 458,2 milioi gehiago. Hala ere, igoera hori ez da erreala, diru bilketaren eta zergen itzulketen egutegia aldatu egin zelako. Ondorioz, eragin hori alboratuz gero, 275,2 milioi gehiago bildu zituen iaz; %7 handitu dira diru sarrerak, alegia.

Elma Saiz Nafarroako Gobernuko Ogasun eta Ekonomia kontseilariak eman ditu datu horiek, barne produktu gordinari buruzko prentsaurrekoan. Haren esanetan, zuzeneko zergatan 1.953,9 milioi bildu ziren, eta zeharkakoetan, 1.956,7. Halaber, Nafarroako ogasunak 2.807 milioi bildu zituen, eta gainerako 1.133,8 milioiak zeharkako zergetan estatuarekin hitzartutako doikuntzen ondorioz etorri dira.

Errenta zerga, nagusi

Zergei begira, errenta zergan 1.533 bildu ziren iaz, eta, egutegien efektua kenduta, %9,3 handitu da. Emaitza positibo hori 2018ko errenta kanpaina onaren emaitza izan dela nabarmendu du Saizek. Halaber, gaineratu du lan errenten eta kapitalaren atxikipenetan eta enpresaburu zein profesionalen zatikako ordainketetan joera goranzkoa izan dela. 

Kontsumoa zergapetzen duen BEZean 1.324 milioi euro bildu ziren. Saizek azaldu du kontsumo pribatua moteldu egin dela, baina ez du eraginik izan, antza. Izan ere, %12,1 hobetu da bilketa. Kontseilariak ez du zehaztu egutegi aldaketak eraginik izan duen.

Sozietate zergari dagokionez, 274 milioi euro bildu ziren iaz, 2018an baino 81,4 milioi euro gehiago. Hala ere, kasu honetan, egutegiaren eragina kenduta, hazkundea %3,7koa da.

Gainerako zergei dagokienez, denetariko joerak izan dituzte. Zerga berezietan 536 milioi euro bildu dira: ogasunak kudeatutako arloan, bilketa %3,4 hobetu da, eta doikuntzen bidezko bilketa %53 handitu da. Batez beste %43,2 igo da zerga horren bilketa. Halaber, energia produkzioaren balioaren gaineko zergan ere bilketak gora egin du, eta 49,6 milioi handitu da. Iaz, berrezarri egin zen azalera handiko merkataritza guneen gaineko zerga, eta 1,6 milioi euro bildu.

Haatik, beheranzko joera azaldu dute ondorengotza zergaren, emarien gaineko zergaren eta ondarearen gaineko zergaren bilketek. Lehen kasuan, Saizen arabera, hainbat hilabete daramatza jaisten, eta 17,2 milioi euroko jaitsiera izan du bilketak: orotara, 10 milioi euro bildu dira. Bestetik, ondare zergak ere behera egin du: 33 milioi bildu ziren iaz. Ondare transmisioen gaineko zergaren bilketa ere %2,9 jaitsi da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.